Irun, kontzentrazio herria
Frankismoaren kontzentrazio esparruak 1939an itxi arren, Pequeña Velocidadek 1942 arte iraun zuen. Bidasoan hasi zen ehundaka atxiloturen gatibualdia, metaketa eta sakabanatzea.

Irungo muga izaeraren ondorioz, ez da harritzekoa bost kontzentrazio esparru egon izana 1936 – 1942 artean. Ehunka pertsona barneratu ziren erregimen berrian Avenida Zubitik. Beraien aktibitate eta militantziagatik euren patua eta etxera itzultzeko bidea guztiz ezberdina izan zen. Frankismoaren aldekoak erraz itzultzen ziren etxera. “Gorritzat” seinalatuak berriz, irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratu, metatu eta sakabanatzen ziren. Hala hasten da pertsona askoren gatibualdia.

Esparruek sei urte iraun arren, 1939 – 1942 artean, Frankismoaren garaipenak, II. Mundu Gerraren aurrekariek eta Estatu frantsesaren presioak, nabarmen areagotu zuten Avenida zubitik sartzen zen pertsona kopurua.

Kontzentrazio sistema hiru ezaugarrik definitzen dute: mugarekiko gertutasuna, jende asko batzeko guneak eta trenbideekiko gertutasuna. Honela, Stadium Gal, Elgorriaga txokolate fabrika, Hilaturas Ferroviarias, Pequeña Velocidad, Irungo espetxea eta la Carioca dantzalekua izan ziren kontzentrazio esparru. Gune hauetatik garrantzitsuenak eta iraunkorrenak Hilaturas eta Pequeña Velocidad izan ziren. Ingurua ohiko kontzentrazio esparru bat ez den arren, atxilotuak sailkatu eta kontzentrazio esparru handiagoetara bidaltzeko baliatzen zen, Inspección de Campos de Concentración erakundearen ardurapean.

Pequeña Velocidad-era iristeko ibilbidea

Irungo kontzentrazio sisteman barneratzeko lehen gunea Avenida zubia zen. Bertaratuek “presentado” izenordea jasotzen zuten, eta lehen identifikazio bat burututa, haien etorkizuna zehaztuko zuen sailkapen prozesua hasten zen. Erregimen berriarekiko lehiala zena, hondarribiko Casino Mirentxura bideratzen zen. Aldiz, Avenida zubian aurkezturiko pertsona “gorritzat” edo erregimen berriarekiko subertsiboa izanez gero, itzulera zailagoa zuen. Zubiko komisioak eta Bidasoako Komandantzia Militarrak 1937an zehaztu zuten nork zeharkatu zezakeen muga eta nolako ibilbidea burutuko zuen atxilotuak. Sailkapen irizpideak pertsonaren ideologia politikoa eta estatu kolpearekiko jarreran oinarritzen ziren. Honela, zubiko galbahea pasatzen ez zuten pertsonek “maxíma pena”, “rechazo” ala “sujeto a sanción mediante expediente” etiketak jasotzen zituzten. Honen ondorioz, atxilotua esparru ezberdinetara bideratzen zen, Pequeña Velocidad (gizonezkoak) eta Hilaturas Ferroviarias (emakume, haur eta adinekoak) bereziki. Bertan, atxilotuaren jatorriko udal edo Falangeren informazioa jasotzen zen, jatorrira edo kontzentrazio esparruetara bidali behar ote zen zehazteko. 

Jose Mari Etxaburuk “Kamiñazpi” argi azaldu zuen “Nere lau urteko ibilerak” liburuan nola gauzatzen zen sailkapena. Idazlea San Pedro de Cardeñako kontzentrazio esparrura bidali zuten:

Gure itxaropena Ramon Sierra zen. Nire arreba Mertzedes haren etxeko neskamea zen aspalditik. Jaun hau izan zen Francoren aldekoak Donostian sartu zirenean lehenengo gobernadore zibila. (…) Bere ustez, hona bihurtzean lau bat hilabete egingo genuen atxilotuta. Hala, bada, etxera etortzeko gaztigua hartu genuenean, horretarako paperak egiten hasi ginen. (…) Eta izendatu genuen muga igaro behar genuen eguna, ez naiz oroitzen zein eguna zen, baina urria zela uste dut.

(…) Alde honetara igaro ginenean, ez genuen etxeko inor gure zain. Baina aduanan gure paperak erakusten hasi, eta bi edo hiru minutura, Mertzedes nire arreba eta Sierra jauna heldu ziren kotxez.

(…) Hasi zen Sierra jauna zerbait egin nahian, baina, itxura denez, ez zuen ahalmenik . Etxekoez geltokiko jatetxean afaltzeko baimena lortu zigun. Eta Irungo Norteko geltokiko jatetxean afaldu genuen. Hori ere zerbait zen.

Afaldu ondoren, geltoki bertako “Pequeña Velocidad”-eko biltegira eraman gintuen hiru lehengusuok.
(…) Jende asko zegoen biltegian. Jakina! ez zegoen non etzan, eta batzuetan zutik eta beste batzuetan bultoren baten gainean jarrita igaro genuen nola-hala gaua.

Noizean behin, han agertzen ziren norbaiti edo batzuei deituaz. (…) Guri ere, deitu ziguten eta atera ginen. Italiar gudari ofizial bat zen gurekin egon nahi zuena, Frantziako berriak jakin nahi zituen.

Eguerdi aldera bigarren deia eduki genuen. Ordukoa, handik kanpora ateratzeko zen. Hamar-hamabi lagun txapel-oker (sic) biren ardurapean. Norteko trenean sartu gintuen Cardeñara eramateko”. 

Etxabururen atxiloketarekin, erraz uler daiteke Pequeña Velocidad-eko kontzentrazio esparruaren funtzionamendua. Aduanan paperak erakutsi zituen (sailkapena); salbuespen gisa, eta Ramón Sierra faxistaren eraginagatik, senideekin afaltzea lortu zuen; biltegian jende askorekin batu zuten eta egonaldi labur bat burutu ostean, Cardeñara bidali zuten.

1939, urte esanguratsua Pequeña Velocidaden

Espainiar Estatuko kontzentrazio esparruek 1939 arte iraun arren, Pequeña Velocidadek 1942 arte iraun zuen. Honen zergatia bertatik pasatako jende kopuruan oinarritzen da. Zaila da Kataluniako “retiradaren” ondorioz zenbat pertsona sartu ziren zehaztea. Irun zen Pirinioen mendebaldeko sarrera bakarra. Baita ere, Frantziar Estatuak erbesteratuekiko zuen jarrera gogortuz joan zen. Baiona eta Hendaia artean metatu zituen hauen Espainiaratzea sustatuz. Maëlle Maugendre historialariak 1939 – 1942 arteko errefuxiatuek Frantzian buruturiko egonaldia aztertu du. Bere doktorego tesiaren 45. eranskinean 1939. urtean buruturiko aberriratzeen berri ematen da:

Data Muga Emakumeak Haurrak Gizonezkoak Guztira Iturria
1939/02/21 Hendaia 7.534 1.114 5.5790 6.7709 Colonel Inspecteur de la frontière du Nord à Irun (MAE R1342 exp13)
1939/02/28 Hendaia       47.435 Non signé (ADPO 1287W1)
1939/02/25 - 1938/05/13 artean Irun 31.722   67.138 98.860 Ambassadeur d´Espagne à Paris (MAE R1342 exp 3)

Ascensión Badiola Ariztimuño historialariaren “La represión franquista en el País Vasco, Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra” doktorego tesian, zehazten da 1939ko irailaren 21etik aurrera dokumentazio errepublikanoarekin sartzea debekatu zela. Muga zeharkatzeko, erregimen berriko pasaportea behar zen. Baldintza hau bete gabe, aurkezten ziren errefuxiatuek miliziano izaera jasotzen zuten, kontzentrazio esparruen sisteman bete betean barneratuz.

Zaila da Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrutik zenbat pertsona pasa diren kalkulatzea. Erregistratua dagoen lehen ikuskatzea 1939ko abuztuan burutu zen, 224 atxiloturekin. 986 atxilotu gehiago batu ziren hilabetean zehar. 1940ko abuztu arte, ez zen inolako izenik erregistratu bulego eta administrari faltagatik. Horren adibide da Espainiako artxibategiek guneaz duten informazio falta. Jasoak dauden 26 hilabeteetan, 3.971 atxilotu egon zirela zehazten da. Horietako 1.908 atxilotuen izenak erregistratuak daude eta horietako 583 atzerritarrak dira.

Gunearen kontrola

Pequeña Velocidad esparruko baliabideak murritzak izan arren, militar eta Guardia Zibilak arduratu ziren gunearen kudeaketa eta bertako atxilotuen kontrolaz.

  • Juan Gallego Alonso: Guardia Zibilaren tenientea eta kontzentrazio esparruaren burua. 1938an izendatu zuten eta gunea itxi arte egon zen agintean. 
  • Ignacio Sáenz de San Pedro y Guasch: Flandes batailoiko 5. mendi batailoiko kapitaina. Unitate hau arduratu zen zelaiaren zaintzaz. 1952an, Gasteizko “Ramiro de Maeztu” institutuko ingeles irakaslea izendatu zuten.  
  • Miguel López Díaz: Esparruko ikuskatzeen arduraduna. Berak zehazten zuen zenbat pertsona irten eta sartzen ziren. 
1939ko martxoan, Flandes mendi batailoiko 80 soldaduk osatzen zuten esparruaren zaintza. Gehienak beste kontzentrazio esparruetatik pasata iritsi ziren irunera. Ondorioz, ez ziren buruzagien konfiantzazkoak eta Inspección de Campos de Concentración-i altxamenduarekiko leialak ziren soldaduak, armak eta gunea gotortzeko baimena eskatu zuten. 
 
Pequeña Velocidad propaganda egiteko gunea izan zen. Ohikoak ziren atxilotuentzako mezak eta San Marcial tertzioak interpretaturiko kantu frankistak. Hainbatetan egon ziren barne-ministerioko propaganda zerbitzuak argazkiak ateratzen, eta 1938an Luis Martín Pinillosek, Inspección de Campos de Concentración-eko koronel buruak, gunea bisitatu zuen.

Gatibualdiaren abiapuntu

Baliabide faltagatik eta presoek esparruan burutzen zuten egonaldi laburragatik, kontzentrazio esparruari buruzko informazio ofizial gutxi topatu da. Testigantzen bitartez dakigu gunearen izateaz. Irunen nor atxilotu den eta ze ibilbide burutu zuen jakin nahi dugu. Ezin daiteke ahanzturan gelditu haiek bizitakoak. Esparruetatik pasatako norbait ezagutuz gero, elkartearekin harremanetan jartzea eskertuko genuke. 

Iturriak:

  • Archivo General de la Administración. Asuntos exteriores.
  • Badiola Ariztimuño, Ascensión. La represión franquista en el País Vasco, Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra.
  • Biblioteca Digital Hispanica. Guipúzcoa. Irún. Reparto de provisiones a evadidos de la zona republicana 
  • Biblioteca Digital Hispanica. Guipúzcoa. Irún. Prisioneros escuchando una arenga.. Familias de evadidos
  • Biblioteca Digital Hispanica. Guipúzcoa. Irún. Misa para los prisioneros
  • Biblioteca Digital Hispanica. Guipúzcoa. Irún. Misa para los prisioneros
  • Biblioteca Digital Hispanica. Milicianos prisioneros de la zona republicana.. Asistencia por Auxilio Social.
  • Kepa Ordoki – MHB. 07-002 Seccion de Residencia e Informacion.
  • Kepa Ordoki – MHB. 07-003 Irun eta Hondarribira bueltatzeko baldintzak.
  • Kepa Ordoki – MHB. 07-004 Bases aprovadas para la entrada de vecinos de Irun.
  • Kepa Ordoki – MHB. 13.1 Irungo Kontzentrazio esparrua.
  • Maugendre, Maëlle. Les réfugiées espagnoles en France (1939 – 1942): des femmes entre assujettissements et résistances.