Estatu kolpearen ondorioz, Irungo biztanleria 18 mila pertsonetatik 6 milara jaitsi zen. Erregimen berriaren lehen hilabeteetan bi mila pertsona inguru itzuli ziren, Comisión de Admisión del Puente erakundearen baimenarekin. Guadalupeko hainbat preso ohiek kudeatzen zuten antolakundearen funtzioa itzuli nahi zuten pertsonen «jokabide politikoa aztertzea», fitxak sortzea eta sarrera onartzea edo ukatzea zen. Hainbatetan «purgatoriora» bidaltzen zituzten erbesteratuak, Hendaiara edo bestelako gune batera, denbora jakin batean muga igaro ezinik mantenduz.
Pertsonen sailkapena, Behe Bidasoako erbesteratuen kontrol politiko eta ideologikoan oinarritzen zen, Bidasoako Komandantzia Militarraren oinarrien baitan. Horretarako, JAP, Falange, Junta Carlista, Poliza edo elizako ordezkariek kontrolatu beharreko pertsonei buruzko dokumentu laburrak idazten zituzten, Estatu kolpearekiko jarrera zein Fronte Popularrarekin izandako harremana deskribatuz.
Comisión de Admisión del Puenteren erabakiaren arabera, Avenida zubia zeharkatzen zuten pertsonak kontzentrazio gune ezberdinetara bideratzen zituzten: Erregimen berriarekiko atxikimendua justifikatuz gero, Hondarribiko Mirentxu kasinora eta Nuestra Señora del Pilar egoitzara. Bertatik igaro zen, besteak beste, Josemaría Escrivá de Balaguer, Opus Deiren sortzaileak. Instalakuntza hauek helburu bikoitza zuten. Erbestetik etorritako pertsonak galdekatuz, Frankistek errefuxiatuei buruzko informazioa eskuratzen zuten. Kasino Mirentxuko DIDREM erakundeko langileek 84.756 fitxa pertsonal egin zituzten.
Latzagoa zen «iruzurrezko» erbesteratu izendapena jasotzea, eta Irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratzea. Sailkapen mota honen ondorioa zen Pequeña Velocidad edo Hilaturas Ferroviarias pabiloietan barneratua izatea. Bertan atxiloturiko pertsonak San Pedro de Cardeña, La Magdalena edo Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten. Gutxienez, 3971 pertsona igaro ziren Pequeña Velocidad esparrutik. Maëlle Maugendre historialariaren arabera, 98 mila pertsona igaro ziren mugatik, 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean. Esparru hau da, gaur egun, kontzentrazio esparruetatik zutik jarraitzen duen eraikin bakarra. Behobiako pabiloiak, Stadium Gal futbol zelaia eta Irungo espetxea ere kontzentrazio esparru gisa baliatu ziren.