Egun, ez dago biktimen inolako errolda ofizialik, gertatutakoaren egia ez da ezagutzen, ez da kontatu zenbat pertsona fusilatu ziren, zenbat galdu ziren, zenbat hil ziren frontean, kartzeletan edo derrigorturiko lan batailoietan. Ez da kontatu, zenbat pertsona hil ziren gosez, zenbat emakume atxilotu, errepresaliatu, erbesteratu edo bortxatu ziren. Jendea lan postuetatik kaleratu zen, ondarea konfiskatu zen, haurrak amengandik lapurtu zituzten eta euskara, debekatua izan zen. Honenbestez, ondorengo taldeei aurpegia jartzen lan egingo du elkarteak:
- Elkartasun antifaxistagatik eta askatasunagatik borrokan ibili eta hil ziren gazte internazionalistak.
- Irun defendatu eta Pikoketan fusilatuak izan ziren miliziano gazteak. Mertxe López Cotarelo, Pilar Valles Vicuña, José María Arruti Idiakez, Bernardo Usabiaga Jauregui…
- Faxismoaren aurka frontean egondako gizon emakumeak. Kepa Ordoki komandanteak, Agirre Lehendakariaren aginduak jarraituz, Gernika Batailoia eratu eta Nazien aurka borrokatu zuen Point de Grave-en. Ordokirekin batera, Gernika Batailoian hogei kidek Bidasota zuten jatorri. Hainbat hondarribiarrak eta hogei inguru irundarrak. Esaterako, Aquilino Elosegi Peña.
- Argeles sur Mer, Gurs eta bestelako kontzentrazio esparruetan izandako Bidasotarrak. Gurs-eko kontzentrazio esparruan, hiru mila euskaldunetatik 300 bidasotarrak ziren.
- Nazismoaren aurkako Comète erresistentzia sarea. Naziek Ipar Euskal Herria okupatu zutenean, hegazkinlari aliatuak erreskatatzeko sarea. Pilotuek Endarlatzako errepide inguruko “San Miguel” etxetik pasatzen zuten Bidasoa ibaia. “Comète” sareko kolaboratzaile nabarmenetako bat Maritxu Anatol irundarra zen. Juan Carlos Jiménez Aberasturiren esanetan, 800 pertsona erreskatatzea lortu zen sareak.
- Paul Simonabadea eta Léon Lannepouquet alkateaz gain, Hendaia, Irun eta Hondarribiako zenbait bizilagun kontzentrazio eta akatze esparruetara bidali ziren. Eskualdeko hainbat bizilagun Mathausen, Buchenwald eta Neuengamme-eko kontzentrazio esparruetara bidali zituzten. Esaterako, Jose Alzuriirundarra eta Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan zendu zen Maiz Georges.
- Avenida zubia errefuxiatuen pasaleku eta Lluís Companys-en ematearen lekukoa da. Kataluniako Generalitateko Presidenta Frantzian harrapatu zuen Gestapok, Pedro Urraca agente Frankistaren laguntzarekin. Companys torturatu, gerra kontseilu batean menderatu zuten eta azkenik fusilatu zuten.
- Oiartzun-Aritxulegi-Lesaka, Arkale, Lezo-Jaizkibel, Gurutze-Erlaitz eta Dumboako kanala eraiki zuten Frankismoak sorturiko langile batailoiak. Esaterako, bertan izan zen Dabid Ubierna Berruezo
- Duero, Burgos, Santoña eta beste kartzeletan preso egondako bidasoko bizilagunak. Cipriano Gonzalez García, esaterako.
- Antonio Ortega, Manuel Cristobal Errandonea, Olazabaleta bestelako izen propioak. Evaristo Larrañaga Urcelayeta, Florencio Iracheta Quilez edota Nicolas Guerendiain Salaberri.
- Jesús Carrera Olascoaga komunista hondarribiarra. Torturatua eta epaitua izan ostean, 1945eko urtarrilaren 15ean fusilatu zuten Alcalá de Henares-en.
- Stadium Gal zelaian batu eta irungo tren bidean zeuden kontzentrazio esparruko presoak.
- Erantzukizun politikoaren ondorioz, errepresioa jasan zuten errepublikako irakasle eta funtzionarioak. Hauek, kaleratuak eta ezgaituak izan ziren. Atxilotuak, kartzelaratuak, fusilatuak eta exiliatuak izan ziren hauteskunde mahaietako ikuskatzaileak, kargu politikoak, sindikalistak edo alderdi ezberdinetako militanteak.
- Ondasunen konfiskatze komisio probintzialaren ondorioz errepresio ekonomikoa jasan zuten Irun eta Hondarribiako bizilagunak.
- Elkarte honek ere aintzat hartuko du Frankismoan zehar, 1978ko abendu arteko gertakariak. Besteak beste, Jesus M.ª Zabala. 1976an, ordenaren indar publikoek Hondarribian eraildako gazte irundarra. Baita ere, “Brigada Politico Social”-aren eskutik tortura eta tratu txarrak jasan zituzten bidasotarrak.