2018ko Azaroaren 28an, hogeita bost urte bete ziren, Kepa Ordoki, Gernika batailoiko komandantearen heriotzaz. Jazoera oroitarazteko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hainbat ekintza burutu zituen Hondarribia, Irun eta Hendaian.
“Eusko Gudariak” abestuz eta ohorez agurtu zuten ordoki 1993an, Hendaiako hilerrian. Mikel Epaltza apezaren esanetan, Ordokik“inoiz ez zuen gloria pertsonalik eskatu eta gauza bakar bat desira zuen soilik: bere herriaren askatasuna”. Mende laurdena pasata, komandantearen inguruko oroimena urrituz joan da eta Kepa Ordoki MHB elkartearentzat, heriotzaren urteurrena, “aitzaki ezin hobea da, Ordokiren bizia berreskuratu eta honen baitako oroimen ariketa bat garatzeko”.