Vicente Argote Ruiz, Pikoketako Fusilatu hondarribiarra
86 urte bete dira Pikoketako exekuzioez. 1936ko abuztuak 11an, matxinatuek hamalau gazte fusilatu zituzten Oiartzunen kokaturiko baserrian. Gehienak Gazteria Komunisten taldekoak ziren, tartean 16 eta 17 urteko Pilar Valles Vicuña eta Mertxe Lopez Cotarelo. Puntu estrategikoa da Pikoketa, Belitz menditik Irunera jaisteko. Hala egin zuten puntuaren kontrola hartu zuten erreketeek.

Frankistek Erlaitz, Pagogaña, Aiako Harria, Pikoketa mendilerroa hartzeko erasoa antolatu zuten abuztuak 10ean. Gauerdian heldu ziren soldaduak Pikoketara eta goizaldean jo zuten baserriaren aurka. Bertan zeuden miliziano gutxi batzuk ihes egitea lortu zuten, atxiloturiko gainontzeko hamalauak Beorlegui koronelaren aginduz exekutatu zituzten. Miguel Sáenz de Pipaón y Tejada idazle ultraren esanetan, atxilotuetako bederatzi karabineroak ziren. Hauetako bat da Vicente Argote. Antonio Ortega Gutiérrez karabineroen tenienteak egin moduan, leial mantendu zen II. Errepublikarekiko.

Matxinadaren ostean, Pikoketako defentsan jardun arren, Argoteren bizigunea Hondarribia zen. 1939ko azaroak 20an idatzitako heriotza-agiriaren arabera, Burgoseko Albaina herrian jaio zen, eta bere gurasoak Benito Argote eta Maximína Ruiz ziren. Ofizioz karabineroa, Dominica Argote Santamariarekin ezkondua zegoen, hiru seme-alaba zituztelarik: Maximína, Marcelina eta Luis. 22, 21 eta 15 urte zituzten hurrenez hurren. Heriotzari dagokionez, zehazturiko arrazoia “su-armen zauriak” izan ziren. Heriotza Oiartzunen kokatu arren, ez da Pikoketako exekuzioen eguna zehazten. Dokumentuaren sinatzaileen arabera, Vicente Argote 1936ko uztailak 28an hil zen. Azkenik, heriotza-agiriaren motibazioa azaldu behar da. Matxinatuek exekutaturiko karabineroaren heriotza hiru urte igaro ostean erregistratu zuten, “lehen instantzian izapideturiko epaiketarako”.

Erbesteratuak

Milaka bidasotarrek egin moduan, Argote Argote familiak erbestera jo zuen. Matxinatuek Hondarribian ezarritako bizilagunen kontrolaren arabera, Vicente Argote, Dominica Argote, Maxima Argote, Marcelina Argote eta Luis Argote Argote desagertutzat jo zituzten. Bost senideak Kale Nagusiko 13. etxeko hirugarren solairuan bizi ziren.

Luis Argote Argote semea Gurseko kontzentrazio esparruan egon zen 16 urterekin. 1948 – 1949 urteen artean Irungo Real Union futbol taldeko jokalaria izan zen.

Iturriak:

  • Vicente Argote Ruizen heriotza-agiria.
  • IRUN. Llave del norte. Aldus (1939). “Dr. Runy”, Miguel Sáenz de Pipaon y Tejada.
  • Gurs el campo vasco. Txalaparta (2006). Josu Chueca.