Internazionalistak Irunen
Golpearen lehen egunetan, Irunen, Fronte Popularrak egoera konplikatuari aurre egitea besterik ez zuen izan, aurkariak militarrak zirelako eta haiek esperientzia militarrik gabeko herritarrak. Garaiko argazkiak ikusita, erresistentzian parte hartu zuten biztanleak alpargata, txaketa edo txapelaz jantzita zihoazen, eguneroko arropa. Parean zeukaten errekete eta militarrak, berriz, egituratuak, uniformatuak eta armatuak zeuden. Egoera berriak sorturiko inpaktuak elkartasuna sortu zuen, alderdi ezkertiarretan bereziki.

Errepublikaren aurkako golpe militarrak oihartzun zabala izan zuen Europa osoan. Ordurako faxismoaren zantzuak nabarmenak ziren gizartean. Langileria zein alderdi ezkertiarrak alertan zeuden balizko matxinadengatik.

30. hamarkadako bigarren erdian, testuinguru politikoa gaiztotua zegoen. Faxismoarekiko beldurrak Europako esparru politikoa tenkatu zuen. Bidasoa ibaiaren bi aldeetako gobernuen ahultasun zurrumurruak nabarmenak ziren. Hegoaldean, golpe militar susmoak zabalduz joan ziren, “espainiar Errepublikak onartzen zuen lizunkeria zuzentzeko”, nahiz eta eskuindarrek arrakastarik ez izan hauteskundeetan.

Iparraldeko gobernu sozialistaren egoera politikoa ere delikatua zen. Gogortasunez presioa eragiten zuten alderdi frantses eskuindarrek. Ibarnegaray eta Coral bezalako hautetsiek presio politiko eta sozial nabarmena sustatzen zuten. Gogor harrotzen ziren gustukoen zituzten aurkarien aurrean: judutarrak, masoiak eta parlamentarismoa. Nahiz eta Léon Blumek jatorri burgesa izan, eskuindarrek klasea traizionatu izana leporatu zioten. Fronte Popularraren garaipena “miseriaren gaineko garaipena” izendatu zuten, 40 orduen legea, opor ordainduak, soldaten gorakada eta eskubide sindikalak ekarri zituelako. Espainiako errepublikaren aurka baliatzen zen lexiko berdina.

Golpe militarra 1936ko uztailak 18an gauzatu zen, Lapize auzoko jaietan, egunerokotasuna betiko aldatuz. Gerra Berako errepidetik iritsi zen Irunera. Ondorioz, alderdi ezkertiar eta abertzaleek erresistentziaren antolaketa martxan jarri zuten.

Zaila izan zen antolaketa. Aurreko egunean beharginak izan zirenak militar zirkunstantzial bihurtu ziren, eskopetak hartuaz edo barrikada eta lubakiak eraikiz, garaiko legezkotasun politikoa defendatzeko.

Oihartzuna Europan

Kolpeak eragin zabala izan zuen Europan. Lehen militante ezkertiarrak uztail erdialdean iritsi ziren Behe Bidasoara. Askatasun errepublikanoak defendatzeko helburuarekin, hainbat militante gerturatu ziren, ordura arte amestu gabeak izan ziren askatasunak. 

Georges Vereekenen gutunei esker, IV Internazionaleko hainbat militanteren presentzia ziurtatu daiteke. Harrera egin eta jatekoa eman ostean, frontean kokatu ziren. Militante hauek ondo ezagutzen zituzten faxismoaren mehatxua eta atzaparkadak. Hala ere, ez zuten atzera egiteko intentziorik, faxismoari aurre egitera etorri ziren.

“Hauek diote astelehen eguerdian iritsi zirela Irunera, eta, beraz, 26an izango zela; hala ere, abuztuko aste hartako osteguna 27an izan zen, ez 29. Schavitzen kobrantza-txartelean, abuztuaren 24ko data agertzen da Irungo frontera sartu zeneko data gisa.”

Hiru militante belgikarrak 1936ko abuztuak 25ean batu ziren borrokara, eguneroko bonbardaketak eta frankisten azken ofentsiba asi zirenean. Matxinatuen helburua Irun Hendaia muga hartzea eta bertatik Donostiarantz bideratzea zen. 

"Ostiral goiz honetan, hiriko liburutegitik idazten gabiltza. Apalen azpian Victorren liburuaren itzulpena topatu dugu: “Nacimiento de nuestra fuerza”. Gustatuko litzaiguke idaztea baina ez dugu denborarik. Frontera goaz. Gero arte!!

PD: Irakurri gutun hau Victorri. "Ciudad Conquistadan" irakurritako jazoerak bizi ditugu. Etsaien hegazkinek berriz egan egin dute hiri gainetik, bonbak botatzen. Ohituak gaude.

Miliziak moderatuak dira, gehienak errepublikanoak (...) Geure suzko bataiorako, ondo zerbitzatuak izan ginen! Badirudi beste aldekoak gure zain zeudela haien ofentsiba famatua abian jartzeko."

Irailak 3an René Pasque burkidea hil zen. “Frontean eraili zuten, borrokan zebilen gune berean. Obus bat bota zioten, Puntxako posizioa babesten, Behobian. Borondatez aurkeztu zen Alberto Donati, estalinista italiarrarekin”.

Louis Boulanger heriotzaren lekuko izan zen eta Georgez Vereecken goi-arduradunari albistea ematean, familiarentzako eskaera berezia luzatu zuen:

"René frontean hil da eta bertan lurperatu du obus batek. Goxotasunez eman berria, Nivoneri, amari. Berak uste zuen René Frantzian zegoela."

Irail hasieran, Pierre Schavitz gaixo zegoen Irungo Martindozenea ospitalean, uneko ospitale militarra:

“Schavitzek, lubakien osasungarritasun eta higiene falta zela eta, sarna antzeko ekzema bat zuen. Horren ondorioz, bere odola atera eta injektatzeko tratamendua abiatu zuten. Irungo egoeraren larritasunaren berri izatean, ospitale berean, erretirada antolatzeko batailoia sortzeko proposamena egin zuen. Azkenean ez zen unitatea eratu.

Zorionez, Schavitz Hendaiara igaro ahal izan zen hiria erori aurreko azken uneetan, Hondarribitik Hendaiara itsasadarra zeharkatu zuten azken txalupetako batean. Ez erretiradan, baizik eta benetako hondamendi baten erdian, non izua eta desantolaketa nagusi ziren. Bertan jakin zuen Boulangierrek ere bere burua salbatzea lortu zuela, eta berehala eraman zuten Tarbeseko ospitalera.

Eraso frankista hainbat egunez luzatu zen, eta irailak 5ean Irun erori zen:

“Une hartatik aurrera, borroka mingotsa eta etsigarria bilakatu zen. Ez genuen baliabiderik, haien ekintzak zapuzteko”.

Bizitako esperientziak ezkortasun nabaria eragin zion Schavitzi. Irailak 5ean galdutzat eman zuen gerra, espainiar Estatuko egoera antzekoa balitz:

"Iruditzen zait nazio ikuspuntutik egoera ez dela batere mesedegarria. Irungo kasua salbuespena ote den galdetzen diot neure buruari. Salbuespen bat ez bada, orduan sinetsita nago faxistek garaituko dutela azkenean. Ez pentsa adoregabetuta nagoenik, urduritasunaren ondorioz zirrara gehiegizkoa da".

Raymond Stoopek ere idatzita utzi zuen René Pasqueren heriotzak asko eragin ziola. Une hartan frontean zuen presentzia “alferrikakotzat” jo zuen.

Pawel Ivanowicz

Irungo frontean egon zen beste internazionalista bat Pawel Ivanowicz poloniarra da. Hala azaldu zuen etorrera:

“Abuztuaren 6an, Paristik, poloniar eta ukrainar talde bat Irunera heldu ginen. Irunen oso harrera adeitsua egin ziguten, anai-arrebak bezala. Kamarada espainiarrek musuka jaso ziguten, begietan malkoekin".

Taldeko buruak fronteko Gerra Komisarioa aurkeztu zien, Herri-Armadan izena emateko. Ongi etorri hitzak jaso zituzten:

"Oso harro nago hain urrutiko Poloniako gizonek bere bizitza entregatzeko konpromisoa hartu dutelako, Espainiako herri langilea defendatuz. Zuen askatasuna gurea da, proletarioen seme-alabak baitzarete. Denok hil gaitezke, baina herriaren borondatea ez da desagertuko! Osasuna!". Gogor estutu zigun eskua.

Internazionalista bakoitzak “mono” berri bat eta armak jaso zituen. Batek baioneta gabeko fusila jaso zuen, beste batek bi kanoiko eskopeta.

Bala gutxi genituen eta esku-bonbak Asturiasko meatzariek egin zituzten. Honela, burkide espainiarrekin batera frontera jo genuen, armada erregular baten aurka borrokatzera, Tertzio-aren aurka, kanoi eta tankeen aurka, Junker alemaniar eta Caproni italiarren aurka, guztiz armaturiko etsai indartsu baten aurka.

Faxistek ia egunero erasotzen zuten eta beti kanporatzen genituen. Irunen barrikadak eraiki ziren, eta irailaren 4ra arte defendatu genituen.

Ontzi txiki batean Frantziara ihes egin behar izan genuen, Donibane Lohizunera iritsiz, non Jendarmeriak armarik gabe utzi gintuen. Gero Hendaiara bidali ziguten, Kataluniara joateko.

Armando Negroni

Italiako internazionalista da Armando Negroni. Frantzian erbesteraturiko Alderdi Komunistako militantea. Puntxako Heroia izendatu zuten burkideek, bertako borrokaldi bortitzengatik.

Val Tidonen jaio zen, 1902ko abuztuaren 27an. Eskualdean borrokatu ostean, Frantziara itzuli zen eta gerora espainiar Estatura. Frontean, Morata de Tajuenan, hil zen 1937ko otsailak 12an. 

Internazionalista hauek Bidasoako frontera etorri ziren pertsonen elkartasun zabalaren adibide dira. Bertatik Europan hanpatzen ari zen faxismoaren aurka borroka egiteko. Hori dela eta, Irungo batailak oihartzun handia izan zuen nazioartean.  

Iturriak:

  • Els revolutionaries marxisres a l´Espanya del any 30. Sergi Rosés Cordovilla. Universitat de Barcelona (2017).
  • Pierre Schavitzek Georges Vereekeni bidalitako gutunak. Georges Vereeken Papers, International Institute of Social History.
  • Istituto Nazionale Ferruccio Parri.