Alemanek Frantzia okupatu ostean, Pariseko enbaxada frankistak zuzeneko harremana ezarri zuten Naziekin. Honela, Errepublikako gobernu eta politikarien egoitzak konfiskatu eta bertan topaturiko informazioa baliatu zuten, erbesteratuak errepresaliatzeko. Pedro Urraca polizia agentea gakoa izan zen, erbesteratuak topatu eta espainiar Estatura deportatzeko. Hala egin zuten, Julian Zugazagoitia eta Cruz Salido sozialistekin; Joan Peiro cenetistarekin; eta Jose Lecaroz jeltzalearekin.
Lluís Companysen kasuan, 1940ko abuztuaren 13an ebatsi zioten askatasuna. Ar Baol-en, Gestapoko sei agente eta Pedro Urracak atxilotu zuten.
Atxiloketa osteko lehen astean, abuztuak 21ean, burutu zen lehen galdeketa, pariseko La Santé espetxean. Abuztuaren 25ean, Companys Madrilera estraditatzeko agindua jaso zuen Urracak. Atzerri aferetako zerbitzu frankistek “ezkutuko” ohar batean bidali zuten agindua. Bertan, “Companys goizaldean irtengo da, autoz, eta ofizial aleman bat eta Urraca Jaunarekin joango da, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa eta enbaxadako erantsia”, zehazten da. Agindua Ramón Serrano Suñerrek idatzi zuen, Francoren atzerri aferetako ministroa.
Frantzia okupatuko agintari nazien onespenarekin burutu zen estradizioa. Autoa abuztuaren 29an heldu zen Irungo Avenida zubira. Urracak Companysen azken argazkia atera eta Biarritzen erositako postal bat eman zion, Carme Ballesterri idazteko.
Abuztuak 29 eta urriak 3 artean, Madrilgo Dirección General de Seguridad-en kalabozoetan egon zen Lluís Companys, eraikin azpiko banakako ziega batean. Urriaren 3an, Montjuic-era lekualdatu zuten eta Gerra Kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten. Urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten.