San Pedro de Cardeñan atxiloturiko Danimarkako bederatzi brigadisten trukeak argiki azaltzen du Avenida Zubiko irteera sekretuak nolakoak ziren. Irungo zubia Frankismoak trukean askatzen zituen pertsonen gunea izan zen. 1938an, Danimarkako Alderdi Komunistak gerran atxiloturiko bederatzi brigadisten berri izan zuen, Carl Geiser amerikarrak hauen berri eman ostean.
Zorioneko gutuna
1938ko urriaren 12an, Arbejderbladet, Danimarkako Langileen Egunkariak gutuna jaso zuen Parisetik. Erredakziora iritsi zen gutuna Carl Geiserrek sinatu zuen. Abraham Lincoln brigadako kidea, eta San Pedro de Cardeñako preso ohiak Danimarkako bederatzi burkideen berri eman zuen.
Gutunarekin batera San Pedro de Cardeñan atxilotuak zeuden bederatzi brigadisten izenak bidali zituen: Otto Christensen, Asmus Hassen Dall, Harry Edward Kleis, Derry Mandrup Madsen, Jens Alfred Petersen, Peter Nissen Blom, Peter Karl Kristian Kristiansen, Niels Christian Madsen eta Mogens Kurt Sorensen.
Carl Fredrick Geiser (1910–2009)
1937ko apirilaren 13an, Georgic-en ontziratu zen Espainiako Errepublikaren aldeko Nazioarteko Brigadekin bat egiteko. Bruneteko guduan munizioa hornitzen lagundu zuen, Kintoko ekintzan parte hartu zuen eta teniente kargura igo zen. Beltxiteko guduaren ondoren, 1937ko irailean, Geiser komisario politiko izendatu zuten eta Tarazonan komisarioak prestatzeko eskola antolatzeaz arduratu zen. Fuentes de Ebron zaurituta, hiru hilabetez egon zen ospitalean. 1938ko urtarrilean Mackenzie-Papineau batailoiko komisario gisa itzuli zen eta apirilaren 1ean indar faxistek harrapatu zuten.
Hurrengo urtean San Pedro de Cardeñan egon zen preso, Nazioarteko Brigadetako beste 650 presorekin batera. Abraham Lincoln Brigadaren Lagunen eta AEBetako Estatu Departamentuaren esku-hartzeagatik, Geiser eta beste 71 iparramerikar askatu zituzten.
Askapena
Danimarkako Alderdi Komunistak herrialdeko Atzerri Aferetako Ministeriora jo zuen brigadisten askapena eskatuz. Honela, ministerioaren bitartez, bederatzi burkideen askatasuna eskatu zen. Bitartean, San Pedro de Cardeñan preso zeudenek ez zekiten ezer Geiserren esku-hartzeaz.
Supituki, barrakoi batean sartu zituzten Cardeñako daniar eta suediarrak, ez norbegiarrak. Arropa jaso zuten, eta euren izenak egiaztatu ziren. Ondoren, Donostiara eraman zituzten autobusez. Gipuzkoako hiriburuko fabrika zahar batean egun batzuk igaro ostean, Irunera eraman zituzten. 1939ko apirilak 26an, Danimarkako bederatzi brigadista Gurutze Gorriaren esku utzi zituzten, Avenida Zubian.
“Askatasuna ikusi genuen”, nabarmentzen du Asmus Dallek. “Bide-hesia eta jende asko ikus genezakeen mugaren alde frantsesean. Une zoragarria izan zen. Inoiz ahazten ez diren gauzak dira”.
“Azkenean zubia zeharkatu ahal izan genuen, eta txerri faxista haiengandik hiru metrotara geundenean, internazionala ozenki kantatu genuen. Harrera ona izan genuen. Kolpeen zauriz josita nengoen, goitik behera. Hala ere, bainua, kafea, zigarroak eta jateko zerbait hartu genituen”.
Christensen-ek kontatzen duenez, mugatik metro gutxira, liskarra hasi zen ofizial frankista eta Gurutze Gorriko ordezkarien artean. Antza denez, izenak ez ziren zuzenak. “Zuhaixketara itzultzeko agintzen badigute, hesiaren inguruan irristatu eta zubitik irtengo naiz. Ezin dute tiro egin jendarme frantsesak jo gabe. Arriskatuko naiz”. Azkenean ados jarri ziren, eta zubian aurrera egin ahal izan zuten, “trapu zaharrak” bailiran.
Etxera itzultzeko bidaia trenez egin zen Paristik Dunkerquera, gero itsasontziz, Bernsdorfera, Esbjergera. Itzuleraren berri eman zuen 1939ko apirilaren 26ko Arbejderbladet egunkari komunistak:”Espainian egondako zortzi bolondresak 21.42etan itzuliko dira etxera”. Harrera beroa eskaini zieten.
Danimarkako bederatzi brigadista hauen pasadizoak presoen baitako trukaketa eta negoziazio prozesuen berri ematen du. Nazioarteko Gurutze Gorriak eta Chetwode misioaren bitartekaritzapean, Corpo di Truppe Volontarieko 349 preso italiar eta 347 brigadista askatzea lortu zuten, lau truke-operazio eginez, Gandiako portuan eta Irungo Avenida zubian barrena.
Iturriak:
- Nine Danes in the Francoist Concentration Camp San Pedro de Cardeña. Spanish Civil War and the Seafarers and Dockers (2020 – 02 – 09). Allan Christiansen.
- Carl Geiser. Asociación de Amigos de las Brigadas internacionales.
- Geiser, Carl Frederick. The Abraham Lincoln Brigade Archives.