1936ko uda
Euskal Herrian, Estatu kolpea jasan zuen lehen inguruetako bat Bidasoa izan zen. Iruñeatik irten ziren errekete eta militarrek iparralderantz jo zuten Bortziriak zein Behe Bidasoko mendietan gotortuz. Bitartean, Irun eta Hondarribian legitimoa zen gizarte ereduaren defentsaren antolaketa martxan jarri zen.

36ko uztailean, giro erlaxatua zegoen Behe Bidasoan. Abian zeuden Karmengo Jaiak Elizatxo auzoan. Hala ere, Estatu kolpearen albistearekin bertan behera gelditu ziren. Matxinatuek Gipuzkoako mugetarantz jo zutenean, indar errepublikarrak Donostia eta Loiolako koartelaz kezkati zeuden, bertako militarrek zer egingo ote zuten jakitearren. Bitartean, Irunen talde ideologikoen arabera bildu ziren pertsonak Bortzirietara jo zuten, Estatu kolpearen eragina ezagutzeko intentzioarekin.

Antonio Ortega tenientearen indarrak Berara iritsi zirelarik, beste hainbat bolondres Lesakaraino iritsi ziren, matxinatuekin topatu arte. Ondorioz, mendietatik ihes egin zuten eta babes neurri gisa Endarlatzako zubia lehertzea erabaki zen. Mutur bakoitzean trilita zakuak jarrita leherrarazi zuten zubia, uztailak 21ean.

Hirian, defentsa junta sortu zen. Bi sozialista, hiru komunista eta bi abertzalek osatu zuten: Nicolás Guerendiain, Fermín Cuende, Antonio Narvarte, Ángel Miquelajauregui, Claudio Urtizberea, Carlos Castillejos eta Florencio Iracheta (juntako burua). Lehenbizi irungo kasinoan kokatu ziren. Ondoren, el Pilar ikastetxean. Honen baitan, Fronte Popularrak zentsura, hornitze, gerra, garraio eta segurtasun, komisariak sortu zituen.

Errepublikaren aldeko indar ofizial bakarrak Behe Bidasoa zaintzen zuten mugazainak edo karabineroak ziren. Hauen burua zen Ortega tenientea. Gerora, tenienteak ardura berriak eta garrantzitsuagoak hartu ahala, Manuel Cristóbal Errandonea taxista bihurtu zen buru militarra. 

Socorro Rojo Internacional bitartez, hamarnaka bolondres iritsi ziren Belgika, Frantzia, Polonia eta Italiatik. Hauen esperientzia militarra ezinbestekoa izan zen Puntta eta San Martzialgo borrokaldietan. Horien artean guztiz esanguratsuak dira Jóseph Epstein eta León Baum komunista judutarren jarduna. Lehenengoa irailak 3an hil zen guda-zelaian eta bigarrenak gerra zibila bukatu zenean, II. Mundu Gerrako erresistente izan zen Frantzian. FTP gerrillako kidea izan zen eta 1943an naziek torturatu eta exekutatu zuten. Italiatik ere hamarnaka internazionalista iritsi ziren. Gehienak komunistak ziren eta hauetako askok Punttako guda-zelaian galdu zuten bizia. Gerora, OVRA inteligentzia faxistak miliziano hauei buruzko txostenak idatzi zituen.

Erresistentzia taldeak ideologikoki antolatu ziren. Gazteria komunistak Pikoketa inguruan kokatu ziren. Zubeltzu mendian, EAJko gazterietako 75 kidek antolatu zuten defentsa hainbat milizianorekin batera. Egunak aurrera egin ahala, indar antolatuagoak Behe Bidasoara iritsi ziren, hala nola, Rusia batailoiko kideak, MAOCeko konpainiak edo CNTko kideak.

Hainbat emakume ere erresistentziaren parte izan ziren, garaiko rolak goitik behera hautsiz. Hauek dira Casilda Hernáez, Maximina Santa María, Mercedes Martin, Esther Zilberberg “Estoucha”, Leonor Isla Legarreta, Dominica Ordoqui Vázquez edo Consolación Mangas Carrasco, besteak beste. Gerraostean, bortizki errepresaliatuak izan ziren erresistentzian parte hartu zuten emakumeak. Jazoera honen zergatietako bat izan daiteke emakumeak errepublikan lortu zuen ahalduntzea. 30. hamarkadan, emakumeak lekua eskuratu zuen eskualdeko langileriaren borrokan. 

Erresistentzia eta erasoa

Armaz hornitzeko, Foru kaleko Urtizberea armategiko ehiza eskopetak errekisatu ziren. Perujaran eta Meazuri meategietako dinamita ere jaso egin zen. Azkenik, tren geltokiko tailerretan tutuak bolbora, iltze eta torlojuekin betez, esku granadak sortu zituzten. Hala ere, Hendaiako tren geltokian gelditu ziren armaz beteriko bi tren, Erresuma Batua eta Frantziak osatze zuten “comité de no intervención”- en eraginez.

Bitartean, Endarlatzako zubiaren leherketak matxinatuen planak goitik behera aldatu zituen. Bidasoa ibairaren arroa jarraitu beharrean, mendietatik jarraitzea erabaki zuen Beorlegik. Azken momentuan, Aiako Harrietatik aurrera egin beharrean, Oiartzunerantz bideratzea erabaki zuten, Donostiara iristeko. Uztailak 26an, Ortiz de Zárateren tropak Aritxulegira iritsi ziren. Aiako Harrietatik Ergoienera iritsi ziren Los Arcos zutabeko indarrekin bat egin eta uztailak 27an barneratu ziren, hustu berri zen Oiartzunen. Udalean bi koloretako espainiar bandera jarrita, “anti-español” izateagatik, Feliciano Beldarrain kargugabetu zuten eta Martin Zalacainek hartu zuen alkatetza.

Oiartzungo posizioa finkatuta, hurrengo pausoa Oarsoaldean barneratzea zen, Loyolako kuarteleko militarrekin bat egiteko. Hala ere, Donostiako erresistentziak lortu zuen kuartel militarren errendizioa. Honenbestez, ez zen zentzuzkoa Gipuzkoako hiribururantz jotzea. Denbora tarte honetan, Behe Bidasoako defentsa hobe antolatu zen: Soraluzeko SAPA enpresatik bi kanoi ekarri ziren, miliziano kopurua handitu zen, hainbat auto blindatu ziren eta Tren Txikito korazatzeaz gain, bi ametrailadora jarri zizkioten.

Oarsoaldeko ofentsiba baztertuta, matxinatuek abuztuan indartu zuten berriro Behe Bidasoko erasoa. Abuztuak 10 eta 11 gauean, Aiako Harria, Erlaitz, Pagogaña defentsa lerroa erasotzeko saiakera egin zen. Itsaso eta aire bidez, matxinatuak eskualdea bonbardatzen hasi ziren. Egun hauetan guztiz esanguratsua izan zen erasoa burutu zuten faxistek, Pikoketako fusilaketa. Gauerdian, ezkutuan, iritsi ziren Los Arcos zutabeko soldaduek goizaldean erasotu zuten baserria. Policarpo Cia apaiz karlistaren esanetan, 10 – 8 atxilotu zeuden bi emakumerekin. Berak azken aitorkizuna eskaini zien fusilaketak hasi aurretik: “Mi principal misión era salvar las almas de aquellos desgraciados… La piedra de escándalo fueron aquellas dos mujerzuelas, que blasfemando en dios, el puño en alto y gritando ¡Viva Rusia! Recibieron la descarga final”. Bertan fusilatu zituzten Pilar Valles Vicuña eta Mercedes Lopez Cotarelo, 16 eta 17 emakume gazte irundarrak eta Komunisten gazterietako kideak. Bi hauek dira Behe Bidasoan fusilaturiko lehen bi emakumeak. Beraiekin batera, beste 12 burkide fusilatu zituzten.

Irun eta Hondarribiara iristeko, hainbat fronte gainditu behar izan zituzten. Lehena, Pagogaña, Elatzeta, Aiako Harria eta Belitzen zehar luzatzen zen. Bigarrena, Puntta, Saroia, Zubeltzu eta Elatzeta artean. Hirugarren lerroa San Martzialen kokatuko litzateke.

Abuztuak 15ean, Ortíz de Zaratek Aiako Harria mendi aldera jo zuen. Helburua Erlaitzeko gotorlekua eta lehen lerroa eskuratzea zen. Erasoa eguneko lehen argiekin hasi zen, Ingelesaren Gaztelua eta Erlaitz lotzen dituen errepide inguruan. Aurrez aurreko erasoa bortitza izan zen, errepublikanoak gailurrean gotortuak zeudelako. Borroketan Ortiz de Zarate koronela zaurituko zuten. Zaurien ondorioz, egun batzuk beranduago Ergoien auzoko baserri batean hil zen. Egun bukaeran, Erlaitz okupatzea lortu zuten, hamabi hildako eta hirurogei zauritu baino gehiagorekin. Pagogaña-Erlaitzeko posizioa, 15,5 milimetroko kanoidun berrogeita hamar karabinerok defendatzen zutena, bertan behera utzi zuten bere defendatzaileek.

Bonbardaketak eta erbestea

Gotortuta zegoen San Martzial mendira iristeko, erasoa Puntta – Saroia lerroa erasotu zuten matxinatuek. Defentsa ahultzeko, abuztuak 23tik aurrera, egunero bonbardatu zuten frontea eta Irun. Desegonkortzeko, frontearen mendebaldea ere erasotu zuten, Elatzeta eta Zubeltzu eskuratzen saiatuz.

Eraso hau oso bortitza izan zen. Horren adibide da Belitz eta Elatzeta – Zubeltzu mendien arteko Aristizabal baserria odol-ospitale bilakatu izana. Inguruko zelaietan balak topa daitezke gaur egun ere.

Abuztuak 26an, gogor erasotu zuen Beorlegik bigarren lerroa. Mendebalderantz bidali zuen Legioa, Los Arcos zutabea San Martzialerantz eta Galvís zutabea Behobiarantz, Bidasoa ibaia jarraituz. Azkenean, Legionarioek Erlaitzerantz atzera egin zuten, Los Arcos zutabeak saiakera bakarra egin zuen eta Galvís zutabeak ezin izan zuen Punttatik haratago joan. Saiakera hauetan 25 pertsona hil eta 75 pertsona zauritu ziren. Ondorioz, abuztuak 30etik aurrera, artilleria bidezko erasoak areagotu zituzten eta bonbardaketak indartu ziren. Erasoak areagotu izanak, gizarte zibilaren erbesteratzea aurreratu zuen. Bi mila pertsona inguru Hendaiara joan ziren.

Irailak 2an, bonbardaketa errepikatu zen. Legioak San Martzialgo lehen trintxerak eskuratu zituen eta Puntta okupatzea lortu zuten matxinatuek. Horren irudi da Punttako karabineroen kuartela, balaz zulatua gelditu zen pareta guztiak. Intentsitate handiko azken borroka irailak 3an jazo zen. Behobiako zubitik Ipar Euskal Herriarekin lotura mantentzeko, Behobian jazo ziren azken borrokaldiak. Ordurako, hasia zen gizarte zibilaren exodoa Avenida eta Behobiako zubietatik. Rosa Ma Aragüés Estragués historialariaren esanetan 15 mila eta 20 pertsona inguruk erbestera jo zuten, gehienak emakumeak eta haurrak. Milizianoak Bartzelonara bidali ziren zuzenean. Emakume eta haurrak Ipar Euskal Herriko herri ezberdinetan hartu zituzten: Baiona (850 pertsona), Ziburu (560), Angelu (514), Hendaia (430), Donibane Lohitzune (203), Urruña (150) eta Biarritzen (119).

Gau hartan hasi ziren azken bonbardaketak. Hauen bereizgarri da su-bonbak baliatu izana. Egun honetan hasi zen pospolo fabrikaren erreketa. Hilak 4ean, Behobia okupatu eta bertako zubia itxi zuten matxinatuek.

San Martzial eta Behobiaren okupazioarekin, irailak 5 goizean, bideratu ziren Beorlegiren tropa matxinatuak irungo erdigunerantz. Etxe gehienak hutsak egon arren, azken erresistenteekin tiroketak egon ziren. Egungo Iparralde etorbidea eta Kolon pasealekuko espaloian, azken tiroketetan zauritu zuten Beorlegui. Gerora, zauri honen ondorioz hil zen. Herriko beste guneak okupatzeaz gain, Zubeltzu mendia ere okupatu zuten.

Ordurako, Guadalupeko Gotorlekuko 156 presoek ihes egin zuten. Irailak 6an, Beorleguiren blindatuak arazorik gabe sartu ziren Hondarribian. Erresistentzia puntu bakarrak Gotorlekuko azken milizianoak izan ziren. Gehienek Lezorantz ihes egin zuten, Jaizkibel menditik. Atxiloturiko milizianoak bertan fusilatu zituzten.

Irailak 7an bukatu zen Behe Bidasoaren okupazioa. Matxinatuak Landetxa auzotik gora egin zuten Gaintxurizketaraino, Arkale mendiko CEDAko kideekin bat eginez.

Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp