30 urte bete dira Kepa Ordokiren heriotzaz

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:2 mins read

Azaroak 28 honetan, hogeita hamar urte bete dira, Kepa Ordoki, Gernika batailoiko komandantearen heriotzaz. Urteurren hau oroitarazteko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak elkarretaratzea burutuko du Irungo Gernikako Arbola parkean, abenduak 2an, 12.00etan.

1993an, “Eusko Gudariak” abestuz eta ohorez agurtu zuten Ordoki Hendaiako hilerrian. Mikel Epaltza apaizaren esanetan, komandanteak “inoiz ez zuen gloria pertsonalik eskatu eta gauza bakar bat desira zuen soilik: bere herriaren askatasuna”. 30 urte igarota, komandantearen inguruko oroimena urrituz joan da Euskal Herrian eta Kepa Ordoki – MHB elkartearentzat, heriotzaren urteurrena, “ezinbesteko” eguna da Irungo lider abertzalearen jarduna oroitarazteko.

Gudari zirkunstantziala

Kepa Ordoki igeltseroa zen ofizioz. Klase izaera eta abertzaletasun sentimenduek bultzaturik armak hartu eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Santanderreko fronteetan borrokan ibili zen, San Andres batailoiko kapitain bilakatu arte. 1937an, atxilotu eta heriotzara kondenatu zuten. Azkenean, exekuzio kondena hau ez zen aurrera eraman eta Duesoko presondegian atxilotu zuten.

Espetxetik eta segidan Gurseko kontzentrazio esparrutik ihes egitea lortu ostean, Amikuzeko Arruta- Sarrikota herrian babestu zen. II. Mundu Gerraren hasierarekin, Lannemezango armategietara joan zen. Hainbat urtez erresistentzian ibili ostean, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Union Nacional Españolako euskal herritarrak euskal unitate militar batean biltzeko ardura jaso zuen. Zatiketa burututa, aliatuen esku gelditu zen Gernika Batailoia izeneko unitatea. II. Mundu Gerran, Atzerritarren eta Marokoarren 8. erregimentu mistoaren sartu zuten.
1945eko apirilaren 14an, Ordokik fronte atlantikoa askatzeko agindua jaso zuen. Montaliveteko (Point de Grave) Naziak irtenarazi zituzten, Garona ibaiaren ezkerraldean. Borrokaldian bost gudarik bizia galdu zuten. Erasoek bi fase nagusi zuten: aire bidezko bonbardaketa eta guda zelaian zeuden indarren aurreratzea. Hala jardun zuten sei egunez.

“Balio moral eta militar” handiko ekintzagatik, Kepa Ordokik zilarrezko izarra zuen gerra gurutzea jaso zuen. Baita ere, Gernika Batailoia eta Ikurriña ohorez eta militarki agurtu zuen De Gaulle jeneralak pertsonalki. “Komandante. Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek herrialdea askatzen egindako esfortzu eta sakrifizioak”, esan zuen.

Utzi erantzuna