Kepa Ordoki – MHB eta Nicolas Guerendiain elkarteek Irungo kontzentrazio esparrua oroimen espazioa bilakatzea eskatu dute

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:2 mins read

Bi elkarteek urtebeteko luzamendua eskatu dute, esparrua mantendu eta parte hartze prozesu bat hasteko

Kepa Ordoki – MHB eta Nicolas Guerendiain elkarteek mozioa aurkeztuko dute legegintzako azken osoko bilkuran. Irungo kontzentrazio esparrua, Pequeña Velocidad pabilioiaren eraisketaren arriskuaren aurrean, bi taldeek «urte beteko luzamendua» eskatu dute kontzentrazio esparrua bere horretan mantentzeko. Epea «baliagarritzat» jo dute Irungo herritarren arteko prozesu parte hartzaile bat hasi, eta etorkizuneko memoria historikoaren gunea sortzeko.

Via Irun proiektuaren arteko aukeren baitan hiriko oroimen historikoaren gunea ezartzea aldarrikatu dute bi entitateek. «Irunek oroimen zabala du. Hamarnaka errepresaliatu, milaka atxilotu, aztertu beharreko biktimarioa edota hainbeste eragin izan zuen Bidasoako Komandantzia Militarra. Guzti hau azaltzeko espazio bat behar da, non egia, justizia eta erreparazioa bideratuko diren. Horretarako, aproposena, Pequeña Velocidad pabilioia baliatzea da», adierazi dute.

Halaber, bi elkarteetako ordezkariek ez dute Via Irun proiektua alboratzen. Kontzentrazio esparruarentzat egokiena ingurua zaharberritzea dela zehaztu dute. «Aduanak itxi zirenetik kontzentrazio esparrua alboratua eta modu kaskarrean mantendu da». Oroitarazi dute Via Irun proiektuaren irizipide eta helburuen dokumentuak «ardura berezia» eskatzen duela Pequeña Velocidad pabilioiarekiko.

Hitzetatik ekintzetara igarotzea eskatu dute. Kepa Ordoi – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Juan Mari Arrospidek oroitarazi du, iragan urriak 28an, elkarteak osoko bilkuran hitza artu zuenetik «beharrezkoa» bihurtu dela uneoro alderdi politikoen atzetik egotea. «Konpromezu beharrean gaude. Hitz politak ekintza erreal bilakatu behar dira. Hori dela eta aurkeztu dugu mozio hau», adierazi du.

Prozesu parte hartzailea

Nicolas Guerendiain eta Kepa Ordoki – MHB elkarteak proposaturiko prozesua irungo herritarrekiko «interpelazio» bat da. Hiriak duen, eta Gipuzkoan zutik mantentzen den kontzentrazio esparru bakarraren etorkizuna «lan kolektiboa» izan behar duela, aldarrikatu dute. Prozesuaren bitartez erabakiko litzateke gunearen izaera juridikoa edota jorratuko lituzkeen edukiak. «Pequeña Velocidaden kokatuko litzatekeen memoria guneak etorkizunarekiko begirada zuzena da. Guneak bere horretan mantentzen duen sufrimendu hori ezagutzan bilakatu behar da», nabarmendu dute.

Utzi erantzuna