Kepa Ordoki – MHB elkarteak Pequeña Velocidad esparruaren Memoria Demokratikoaren gune izendapena Ministroen Konseilura helaraztea eskatu du

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:2 mins read

Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari bidalitako izendapen eskaera jaso dute, Raquel Sanchez, garraio ministroak eta Iñaki Arriola, garraio sailburuak. Bertan, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruaren Memoria Demokratikoaren gune izendapena «Ministroen Kontseilura eramatea» eskatu da.

Bidasoako talde memorialistak Oroimen Demokratikoaren gune izendatzea eskatu duen kontzentrazio esparrua «pertsona askoren ibilbide errepresiboaren abiapuntua» izan zen. 1936 – 1942 urteen artean egon zen aktibo, eta Maëlle Maugendre historialariak zehaztu du, 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean, 98 mila pertsona igaro zirela Avenida Zubitik. Gehienek kontzentrazio esparruan bukatu zuten, bereziki, Kataluniako “retirada”-ren ostean. Pequeña Velocidadetik igarotako preso gehienak La Magdalena, Miranda de Ebro edo San Pedro de Cardeña bezalako kontzentrazio esparruetara bidali zituzten.

Peli Lekuona, elkarteko idazkariak ohartarazi du, gunearen baitako garapen urbanistikoak eta bertan eraikiko den pasabide batek Pequeña Velocidad esparrua eraistea aurreikusten duela. Ondorioz, Memoria Demokratikoaren legea aplikatzea eskatu du. «Ezinbestekotzat jotzen dugu 20/2022 legearen 50. Artikulua aplikatzea, Pequeña Velocidad Oroimen Demokratikoaren gune izendatu, eta legeak aurreikusten dituen babes neurriak aplika daitezen. Afera Ministroen Kontseilura zein Gobernu Kontseilura eramatea eskatu diegu Sanchez eta Arriolari».

Elkarteak «alarma gorria» piztu zuen urriko Irungo Udaleko Osoko Bilkuran. «Aldeko jarrerak, hitz politak eta isilune harrigarriak» egon zirela zehaztu dute. Bertan aipatu moduan, esparruko presoen «duintasunaren aurkako erasotzat» jo dute Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruaren eraisketa aurreikustea.

Utzi erantzuna