Pequeña Velocidad, Oroimen Demokratikoaren gune
Arriskuan dago Pequeña Velocidad. 1936 - 1942 urteen artean kontzentrazio esparru izandakoa eraitsi nahi dute. Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak gunearen aldeko alarma gorria piztu du. Pequeña Velocidadetik igarotako milaka pertsonen duintasunaren errespetua jokoan dago.

Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruari eragiten dioten bi garapen urbanistikoren baitako kezkaren ondorioz, hitzetatik ekintzetara igaro da Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkartea. Gunea Oroimen Demokratikoaren gune izendatzea eskatu zaio Espainiako Gobernuaren Oroimen Demokratikoaren idazkaritzari.

Gunea bere horretan mantentzea eskatu da, bertatik igaro ziren milaka presoen «duintasuna errespetatuz». Baita ere, kontzentrazio esparrua eta Aduana Eraikina Frankismoaren Biktimen Memoria Zentroa bilakatzea.

Zer da Pequeña Velocidad?

Pequeña Velocidad Irungo bost kontzentrazio esparruetatik zutik mantentzen den bakarra da. 1936 – 1942 artean, milaka pertsona barneratu ziren erregimen berrian Avenida zubitik. “Gorritzat” seinalaturikoak Irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratu, metatu eta sakabanatzen zituzten.

Kontzentrazio sistema hiru ezaugarrik definitzen dute: mugarekiko gertutasuna, jende asko batzeko guneak eta trenbideekiko gertutasuna. Irunen egon ziren bost guneetatik Pequeña Velocidad izan zen garrantzitsuena. Inspección de Campos de Concentración erakundeak bertatik igarotako pertsonak sailkatu eta La Magdalena, Cardeña eta Miranda de Ebro bezalako kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten presoak. 

Gutxienez, 4.000 preso igaro ziren kontzentrazio esparrutik. Halaber, kopuru orokorra 24 aldiz handiagoa izan daiteke.

Non dago Pequeña Velocidad?

Irungo Kontzentrazio Esparrua Aduana Eraikinaren atzean dago, eta uralitazko teilatua izateagatik bereizten da.

Gunea ADIFek desafektaturiko 33.888m2-ko lursailen parte da, eta etorkizunean Irungo Udalari lagatzea aurreikusia dago, Vía Irún izeneko garapen urbanistikoaren baitan.

Pequeña Velocidad izeneko pabiloiaren koordenadak 43º20´20.8″N – 1º47´56.9″W dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erreferentzia katastralaren arabera, eraikinaren 244,51m2 Aduana kaleko 16. eraikinarenak dira (9799399 Erref. katastrala). Hau, 9.026m2 dituen 5160852X etxadiaren parte da. Pabiloiaren gainontzeko 767,75m2-ak katastroan erregistratzearen zain daude.

Testuinguru historikoa

Avenida zubian hasten zen Pequeña Velocidaden atxilotu eta bortxaz mantentzen zen preso ororen ibilbidea. Zubia zeharkatzen zuenak erregimen berriaren aurkako irizpideren bat beteko balu, “máxima pena”, “rechazo” edo “sujeto a sanción mediante expediente” zigorrak jaso ohi zituen. Baita ere, Irungo kontzentrazio esparruen sisteman barneratzeko zigorra. Stadium Gal, Behobiako la Carioca dantzalekua edo Irungo kartzelan metatzen ziren atxilotuak. Hala ere, irungo kontzentrazio esparru nagusiak Pequeña Velocidad (gizonentzat) eta Hilaturas Ferroviarias (emakume, haur eta adinekoentzat) ziren.

Milaka atxiloturen errepresioaren abiapuntu izan da Pequeña Velocidad. Bertako egonaldiak laburrak ziren, atxilotuaren jatorriko alkate eta matxinatuen txostenak jaso arte. Izapide hauen bitartez erabakitzen zen atxilotuaren helmuga. Azkenik, Norteko Ferrokarrila baliatuz, La Magdalena (Santander), San Pedro de Cardeña (Burgos) edo Miranda de Ebroko (Burgos) kontzentrazio esparruetara bidaltzen ziren presoak. Esklabutza lanetan ibilitako Langileen Batailoien kide askoren abiapuntua ere Irun eta Pequeña Velocidad izan ziren.

Funtzionamendua

Gunearen izenaren berri Jose Mari Etxaburu “Kamiñazpi” idazleak ematen du “Nere lau urteko ibilerak” liburuan. Idazlea San Pedro de Cardeñako kontzentrazio esparruan egon zen atxilotua. Berarentzat ere Irun eta Pequeña Velocidad izan ziren errepresioaren abiapuntu. «Afaldu ondoren, geltoki bertako “Pequeña Velocidad”-eko biltegira eraman gintuen hiru lehengusuok. […] jende asko zegoen biltegian. Jakina! Ez zegoen non etzan, eta batzuetan zutik eta beste batzuetan bultoren baten gainean jarrita igaro genuen nola-hala gaua. Eguerdi aldera bigarren deia eduki genuen. Ordukoa, handik kanpora ateratzeko zen. Hamar-hamabi lagun txapel-oker biren ardurapean. Norteko trenean sartu gintuen Cardeñara eramateko», deskribatu zuen.

Etxabururen atxiloketarekin, erraz uler daiteke Pequeña Velocidad-eko kontzentrazio esparruaren funtzionamendua. Avenida zubiko aduanan paperak erakutsi zituen; salbuespen gisa, eta Ramón Sierra faxistaren eraginagatik, senideekin afaltzea lortu zuen; biltegian jende askorekin batu zuten eta egonaldi labur bat burutu ostean, Cardeñara bidali zuten.

1939, urte esanguratsua Pequeña Velocidaden

Espainiar Estatuko kontzentrazio esparruek 1939 arte iraun zuten. Pequeña Velocidadek aldiz, iraupen luzeagoa izan zuen, 1942 arte. Honen zergatia bertatik pasatako jende kopuruan oinarritzen da. Zaila da 1939. urtean, Kataluniako retiradaren ondoren Irundik zenbat pertsona sartu ziren zehaztea, Pirinioen mendebaldeko sarrera bakarra baitzen.

Frantziar Estatuak errefuxiatuekiko zuen jarrera gogortu eta, tren bidez, hauen Espainiaratzea sustatu zuen. Maëlle Maugendre historialariak 1939 – 1942 urteen arteko errefuxiatu espainiarrek Frantzian buruturiko egonaldia aztertu du. Bere doktorego tesiaren 45. eranskinean aberriratzeen berri ematen da. Orotara, 98 mila pertsona igaro zirela zehazten du, 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean.

Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrutik zenbat pertsona pasa diren zehaztea zaila da. Ascensión Badiola Ariztimuño historialariaren “La represión franquista en el País Vasco, Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra” doktorego tesian, zehazten da 1939ko irailaren 21etik aurrera dokumentazio errepublikanoarekin sartzea debekatu zela. «Sartu nahi zutenek Espainiako pasaportea behar bezala abalatuta eskatu behar zuten, eta lortzen ez bazuten, mugara joan behar zuten, non milizianotzat hartzen zituzten. Honela, adin militarrean zeudenak frontera bidaltzen zituzten, eta gainontzeko errefuxiatuak gerra-kontseilu, kartzela edo diziplina-batailoietara».

Juan Antonio Gallego, Guardia Zibilaren tenientea zen irungo kontzentrazio esparruaren burua. Bere komandante ordezkaria zen Ignacio Sainz de San Pedro y Guasch. Biek mantendu zuten kargua, 1942ko abenduan kontzentrazio esparrua itxi arte.

Erregistratua dagoen lehen ikuskatzea 1939ko abuztuan burutu zen, 224 atxiloturekin. 986 atxilotu gehiago batu ziren hilabetean zehar. 1940ko abuztu arte, ez zen inolako izenik erregistratu bulego eta administrari faltagatik. Horren adibide da Espainiako artxibategiek guneaz duten informazio falta. Jasoak dauden 26 hilabeteetan, 3.971 atxilotu egon zirela zehazten da. Horietako 1.908 atxilotuen izenak erregistratuak daude eta horietako 583 atzerritarrak dira.

Tomas Valentin

Manu Valentín historialari eta ikertzailearen aitona Pequeña Velocidad esparruan egondako milaka pertsonetako bat izan zen. Twitter bidez zabalduriko hari batean, Tomás Valentinen nondik norakoak kontatu ditu. Bertan topatu daitezke senideei bidalitako gutunak zein Irungo Kontzentrazio Esparruan betetako sailkatze fitxa.

1939ko otsailean, 20 urte zituen Tomás Valentinek frantziar Estatura igaro zenean. “Retirada”-ren parte izan zen, eta sei hilabeteko egonaldia burutu zuen Gurseko kontzentrazio esparruan, nazioarteko hainbat brigadistekin.

Mexikora ihes egiteko aukera izan arren, mugara gerturatu zen erregimen frankistak gauzatu zuen deialdiari erantzunez. Uztail bukaeran, Bidasoa zeharkatu ahala atxilotu, eta Irungo kontzentrazio esparrura eraman zuten. Bertan, «mugan aurkeztua» izendapena jaso zuten, gainontzeko errepublikako armadako soldaduekin batera.

Abuztuan idatzi zion lehen aldiz aitari kontzentrazio esparrutik. Gutunean zehazten da esparruko bulegoetan zegoela «behin-behinean». Baita ere, askatasun erlatiboa zuela. «Esparrutik irten naiteke, baina ez hiritik mugitu». Hala ere, ez zekien zenbat denbora igaroko zuen esparrua, ezta ere bere helmuga. «Ez dakit zenbat denbora igaroko dudan hemen. Ezta, esparru batera bidaliko nauten ala etxera». Gutunak ez zuen erantzunik jaso. Ondorioz, zortzi egun beranduago, ama eta arrebei idatzi zien.

Guneari eragiten dioten garapen urbanistikoak

Gaurko egunez Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua arriskuan dago. Vía Irun izena duen proiektuak eta Irungo bidaiarien tren geltoki berritik Sebastian Errazu kalera iritsiko den pasagune urbanoaren eraikuntzak bete-betean eragiten dio Irunek 1936 – 1942 urteen artean izan zuen kontzentrazio esparruari.

Ondorioak

Hiri garapenari buruzko ondorioak

Pequeña Velocidad pabiloia arriskuan dago. Inguru honetan gauzatu nahi den garapen urbanistikoak ez du aintzat hartu gunea 1936 – 1942 urteen artean kontzentrazio esparrua izan zenik. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare Zentroak ez dauka honen berri. Hau da ondorioztatu daitekeena 2018ko ekainak 4ean Irungo Udalari helarazi zion txosten teknikoaren arabera.

Gerora, 2018ko urrian egin zuen publiko Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua izan zela. Lehen aldiz aipatu zen publikoki, eta hedabideen aurrean, hiriko gune honek izan zuen izaera errepresiboa. Horren ostean, ez dago argi HAPOaren baitako hiri planteamenduaren aholkularitza kontseiluak gunearen ezagutza duen. 2015. urtetik gaurkotu gabe dagoen hiriko ondare arkitektonikoaren katalogoak ez du Pequeña Velocidad jasotzen.

Hiri-pasabidea eta Vía Irun izeneko garapen urbanistikoetan Kultura Ondare Zentroaren gomendioak hartu dira aintzat. Hala ere, Irungo Udalak garaturiko azken garapen honetan, Hiri Antolamendu Plan Orokorraren Aldaketaren dokumentu osoari Irungo Aduana zaharraren eraikin eta pabiloiei buruzko Ikerketa Historiko-Arkitektoniko bat erantsi zitzaion, eta bertan Pequeña Velocidadi buruzko xehetasunak eskaintzen dira. Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak tristeki jaso du azken dokumentu honetan Irungo kontzentrazio esparruari buruzko informazio guztiak alboratu izana, horrek hiriko oroimen historikoaren lanketa, ezagutza eta errespetuan izan ditzakeen ondorio guztiekin.

Honenbestez, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua ahalik eta azkarren Oroimen Demokratikoaren gune izendatzea proposatu eta eskatzen du, bertan burutu nahi diren garapen urbanistikoak urriaren 19ko 20/2022 Memoria Demokratikoaren legearekin bateragarriak izateko.

Ondorio historikoak

Zoritxarrez, garapen urbanistikoak Oroimen Demokratikoaren gune izendapenaren eskaera hau lainotu du. Hala ere, nabarmendu beharra dago Pequeña Velocidad ez zela edonolako kontzentrazio esparrua izan. 1939. urtean, esparru asko ixten ari ziren bitartean, Irungo esparruak unerik gorena bizi izan zuen. Bertatik igarotzen ziren pertsonen egonaldiak ez ziren oso luzeak izaten. Gerora, denbora gehiago igaroten zuten La Magdalena, San Pedro de Cardeña edo Miranda de Ebron kokatuak zeuden kontzentrazio esparruetan. Jazoera honetatik ondorioztatu daitekeena da Pequeña Velocidad esparruak sailkapen funtzioa zuela, baina baita ere matxinaturiko Espainian sartzen ziren pertsonen bide errepresiboaren abiapuntua zela.

Zaila da jakitea zenbat pertsona izan ziren bertan, guneak zituen baldintza kaskarrengatik. Jasoak dauden 26 hilabeteen arabera, gutxienez, 3.971 atxilotu egon zirela baieztatu daiteke. Baina datu hau nabarmen emendatzen da Maëlle Maugendre historialariaren doktorego tesia kontsultatuz gero. Berak dio 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean, orotara, 98.000 pertsona igaro zirela mugatik. Datu hau kontzentrazio esparruaren jardunaren sei urteetatik bakarrari dagokio. Ondorioz, baliteke eskainitako datua seikoztu behar izatea. Baina, egia esatekotan, Pequeña Velocidadetik igarotako pertsona kopurua zehaztea ez da lehentasun bat. Pertsona batek gune horretan jasandako errepresioa nahikoa da Irungo kontzentrazio esparrua Oroimen Demokratikoaren gune izendatzeko.

Urriak 19ko, Memoria Demokratikoaren, 20/2022 legearen 1. artikulua errepasatuz gero, bertan biktima zer den zehazten da:

  • «1. A los efectos de esta ley se considera víctima a toda persona, con independencia de su nacionalidad, que haya sufrido, individual o colectivamente, daño físico, moral o psicológico, daños patrimoniales, o menoscabo sustancial de sus derechos fundamentales, como consecuencia de acciones u omisiones que constituyan violaciones de las normas internacionales de derechos humanos y del derecho internacional humanitario durante el periodo que abarca el golpe de Estado de 18 de julio de 1936, la posterior Guerra y la Dictadura, incluyendo el transcurrido hasta la entrada en vigor de la Constitución española de 1978, y en particular a:»

Puntu hau jarraituz, aipamen berezia egiten zaio hainbat kolektibori. Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrutik igarotzera derrigortuak izan ziren pertsonek, gutxienez, b) eta c) puntuan desktibaturiko jazoerak pairatu zituzten:

  • «b) Las personas que sufrieron privaciones de libertad o detenciones arbitrarias, torturas o malos tratos como consecuencia de la Guerra, la lucha sindical y actividades de oposición a la Dictadura.
  • c) Las personas que padecieron deportación, trabajos forzosos o internamientos en campos de concentración, colonias penitenciarias militarizadas, dentro o fuera de España, y padecieron torturas, malos tratos o incluso fallecieron como consecuencia de la Guerra y la Dictadura, especialmente los españoles y españolas deportados en los campos de concentración nazis.»

Biktima guzti hauek egia, errekonozimendua, justizia eta erreparazioa merezi dute. Inork ez zuen eskubiderik, bortxaz, Pequeña Velocidadetik kontzentrazio esparrutik igarotako pertsonak bertan gogozkontra mantentzeko. Ondorioz, gutxieneko errekonozimendu keinua da Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua bere horretan zutik mantentzea, bertatik igarotako pertsonen oroitzapenarekiko keinua betikotuz. Pabiloia Oroimen Demokratikoaten gune bilakatuko balitz, inguruak Oroimen Demokratikoaren legearen 53. artikuluko funtzioak jasoko lituzke: oroimen, omentze, didaktiko eta erreparatzaile. Aldi berean, jasoko lukeen funtzio bakoitzagatik bertan jazotako errepresioari buruzko difusio eta interpretazio baliabideak ezarriko dira.

Irunek, gutxienez, beste lau kontzentrazio esparru izan zituen: Behobia, Stadium Gal, Hilaturas Ferroviarias eta Irungo Espetxea. Gune guzti hauetatik zutik jarraitzen duen gune bakarra da Pequeña Velocidad. Puntu honetan bakarrik irudikatu daiteke 1936 – 1942 urteen artean kontzentrazio esparru bat egon zela. Puntu honetan bakarrik irudikatu daiteke nolakoa zen, 1936 – 1942 urteen artean, matxinaturiko Espainia diktatorialean barneratzea. 1938ko propaganda argazkiekin alderatuz gero, guneak aldaketa gutxi izan ditu. Honenbestez, leku ezin aproposa da Oroimen Demokratikoari loturiko interpretazio gune bat ezartzeko. Besteak beste, Estatu kolpea, Irungo 1936ko borrokaldiak, Irungo Komandantzia Militarrak frontearen atzeguardian gauzatzen zituen espioitza jardunak, Irungo Komandantzia Militarrak III. Reich-a zein Italia Faxistarekin zuen harremana, Wolfram kontrabandoa, II. Mundu Gerraren eragina edota kontzentrazio esparruaren alboan kokaturiko Polizia Komisaldegiaren jardun torturatzaileak azaldu daitezke. Nahi izanez gero, Pequeña Velocidad eta inguruko eraikinak Frankismoaren Biktimen Zentro Memoriala bilakatu daiteke. Honela, gune aktibitateak, erakusketa finko bat, argitalpenak eta artxibategi bat jaso ditzake. Ikus daikekeen moduan, guneak potentzialitate handia du Memoria Demokratikoaren lege berriak proposatzen dituen ekintza guztiak garatzeko.

Honenbestez, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua ahalik eta azkarren Oroimen Demokratikoaren gune izendatzea proposatu eta eskatzen du, oroimen, omentze eta erreparazio gune bilakatu dadin. Baita ere, Oroimen Demokratikoa lantzeko gune estrategiko bat.

Kontaktua

Oroimen Demokratikoaren gune izendapenari atxikimendua adierazi edota informazioa helarazi nahi izanez gero, ez izan zalantzarik eta jar zaitez harremanetan Kepa – Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearekin.