Oroimenaren bidean, beste katebegi bat itxiko du gaur Irunek. 2020ko azken Osoko Bilkuran aurkeztu zuen Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak “Lluís Companys i Jover president katalanari aitorpena” ekimena. Orduz geroztik, bertan zehazturiko ekintzak burutu dira, eta gaur azkenekoa gauzatuko da: «Avenida zubian euskarri fisiko baten ezarpena, kataluniako presidentaren deportazioa azalduz eta Avenida zubiko entrega oroitaraziz».
Ibilbide hau 2020ko abuztuak 29an hasi zen. Hogei urtez Companys presidentaren entrega isiltasunera eraman ostean, Avenida zubiko deportazioaren 80. urteurrena oroitarazi zen; Kataluniako 123. presidentaren entrega salatuz. «Companysek ez zuen bakarrik Avenida zubia eta harrera ez zioten edonongo funtzionarioek egin. Badakigu Pedro Urraca izan zela arduraduna, baina zer gertatzen da zubi honen kontrola zuten funtzionario, Guardia Zibil eta han atzeko komandantziako militarrekin. Hauek irundarrak ziren. Errepresioaren kolaboratzaileak ziren».
Urtebetera, Irungo herriak, Osoko Bilkuraren ordezkapenarekin, Lluís Companysekin izandako lotura oroitarazi du. Baita ere, «gure herrian jasan zituen urraketekiko sentiberatasuna adierazi». Aitorpen eta erreparazio keinu gisa, Avenida Zubiko barandaren elementu bat egokitu eta eman zitzaion herri katalanari. Entrega El Tarròseko Espai Lluís Companysen burutu zen, abuztuak 29an.
Kataluniarekin zubia
Lluís Companysen baitan buruturiko errekonozimenduaren ostean, ERC zein Kataluniako gobernuaren baitako “Memorial Democratic” sailarekin harremanak estutu ditu Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. 2017an, uztailaren 4ko 11/2017 legearen bitartez, frankismoaren biktimen erreparazio juridikoa ebatzi zen. Bertan, «ilegaltzat» definitzen dira «gudaroste okupatzailearen gerra ikuskaritza epaitegiak», eta kausa, sententzia edo erresoluzioen nulitatea ebazten da.
Jazarpen judizial hau Katalunian zeuden 43 bidasotarrek pairatu zuten. Justo Pozo, Damaso Carneado eta Emilio Martinen kasuan, Frankismoaren baitako epaiketen ostean exekutatu zituzten. Datu hauek, zein beste 40 bidasotarrei buruzko informazioa lantzen dabil elkartea. Honela, pertsona bakoitzari loturiko informazioa eskuragarri jarriko da administrazio publiko zein senideentzat. Erreparazioari loturiko lanketa hau Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak izango duen katebegi berria izanen da.