Jaioterrira itzuli dira Leon Iruretagoyena alkatearen errautsak

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:4 mins read

1904 – 1909 eta 1912 – 1920 urteen artean Irungo alkate izandakoaren errautsak Irunera itzuli dira, Mexikon hil eta 82 urtera. Aldi berean, María Salles Alberbide emaztea, Juana Iruretagoyena alaba eta Francisco Tomás Rentería suhiaren errautsak Blaiako familiarteko hobian gordeko dira.

1936ko Estatu kolpearen ondorioz, Iruretagoyena – Salles sendia Frantzia eta Mexikon erbesteratu zen, familiaren militantzia politikoaren ondorioz, Irunera itzultzeko aukera guztiak galduz. Familiaren aberriratze nahia 2019. urtean abiatu zen, eta Diego Tomás Ivanich, alkate errepublikanoaren birbilobak ordezkatu du familia, Irungo hilerrian.

Alkate errepublikanoa

Leon Iruretagoyena “Borboien lehenengo berrezarkuntza (1874 – 1931)” izeneko aro historikoan izan zen Irungo Alkate bi legegintzaldi ezberdinetan: 1904 – 1909 eta 1912 – 1920. 1903an lehen alkateordea izan zen eta 1902. urtean, bigarren alkateordea.

1886an Irungo Batzorde Errepublikano Federalistako kide izan zen, eta hurrengo urtean batzorde horretako presidente izendatu zuten. “Agrupación al Servicio de la República” kide izan zen Nicolás Guerendiainekin batera. 1931ko apirilaren 14an udaletxera joan ziren Zentro Errepublikanoko Emilio Zufíarekin eta Talde Sozialistako Aquilino Gutiérrezekin batera, azken albisteen berri emateko eta Errepublika aldarrikatzeko.

1920an Frantziako gobernuak Ohorezko Legioaren Gurutzea eman zion, eta 1932an Niceto Alcalá Zamora presidenteak Errepublikaren Ordenaren xingola. Urte hartan bertan Irungo ohorezko alkate izendatu zuten.

1935ean Madrilera joan zenean, arrazoi pertsonalengatik agur-gutun bat bidali zuen, eta urte horretako irailaren 25eko Osoko Bilkuran irakurri zen.

Erbestea

1936ko Estatu kolpea espainiar Estatuko hiriburuan bizi zuen. Eraikin berdinean bizi zen María Salles emaztea; Juanita Iruretagoyena alaba; Francisco Tomás Rentería suhia; Julia Iruretagoyena alaba; eta Leon Meabe iloba, Tomas Meabe eta Juliaren semea. Familiarekin batera Victoria Kent bizi zen.

Francisco Tomás suhia Pariseko kontsulorde izendatu izanak familiaren lehen lekualdatzea eragin zuen. Bidaiaren lehen geldialdia Bartzelona izan zen. Bertan, frontera zihoazen tropen desfileak topatu zituzten, eta hainbat Irungo soldaduk Leon ezagutu zuten, «ilarak hautsi eta agurtzera gerturatuz». Kataluniako hiriburuan ere Leon Meabe ilobaren heriotzaren berri izan zuten. Madrilgo lehergailu baten eztandan hil zen.

1936ko iraila bukaera eta urri hasieran iritsi ziren Parisera. Malesherbes etorbideko 165. etxean ezarri ziren, espainiar Estatuko kontsulatu frantsesean. 1939an, Parisen gelditzeko nahia izan arren, II. Mundu Gerraren hasierak familiaren bigarren erbestealdia eragin zuen. María Salles emaztearen belarritakoak salduaz ordaindu zuten Mexikora iristeko bidaia. “Champlein” izeneko ontzian iritsi ziren New York-era, hegoalderantz bideratzeko.

Mexiko hirian, Monterrey kaleko etxe bat alokatu zuten. Txapelaz jantzita ibiltzen zen pasieran Leon Iruretagoyena. 84 urte zituela, Italia II. Mundu Gerran sartu zenean, gaizki sentitu eta ohean gelditu zen. Uremia eraso batez hil zen. Hileta elizkizunak Indalecio Prietok antolatu zituen, eta erbesteratu guztiak bertaratu ziren. Mexikoko hilobi espainiarrean lurperatu zuten.

Iturriak:

  • María José Atienza (2022 – 05 – 12): «Los restos de León Iruretagoyena descansarán en Irun». Diario Vasco.
  • Jaime Tomás Iruretagoyena (1996): «Los Últimos tiempos de D.León Iruretagoyena Camino». hamaikabide.eus
  • Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak (2022): «Homenaje a León Iruretagoyena»
  • Irungo Udal artxibategia: 40993 eta 30335 argazkiak.

Utzi erantzuna