2020. urteko Aberri Eguna berezia izango da. Abertzaletasuna eta Euskal Herriaren eguna kalean ospatu beharrean, balkoietan Ikurriña zintzilikatuz eta kantuan egiteko gonbita jaso da.
Ikurriña, Nafar bandera edota Arrano Beltza gure herria ordezkatzen dituzten banderak dira. Jatorri eta kolore ezberdinak izan arren, Nazioa ordezkatzen dute. Beraz, apirilaren 12an zer erakutsiko dugun ezagutzea garrantzitsua da.
Kepa, Eulalia, Joxe Mari, Jacinta, Ramon, Ramona, Pio, Maria Teresa, Antonio, Conchita, José Antonio, Carmen, Kandido eta Maria Teresa Behe Bidasoko bizilagun ezberdinak dira. Segur aski Ikurriña zabalduko lukete bizilagun hauek heldu den igandean. Argudioak soberan dituzte aipaturiko 14 bizilagunek, Ikurriñagatik eta honek ordezkatzen duen Nazioagatik borroka egin zutelako: frontean, alderdietan, sindikatuan eta klandestinitatean.
Esanahi handiko ekintza, sinbolikoa, izan behar luke etxeko leihoan ikurriña ezartzea. Euskal gizarteak sinbolo honengatik borroka, negarra, lana edota bizia eman duelako. Honenbestez, ikurriña balkoian ezarri aurretik, bost minutu hartzea eskatuko genuke 2008ko AUNIA aldizkaria irakurtzeko. Patxi Zabaleta historialariak eta Josu Turucetak ederki asko azaltzen dute zein den Arrano Beltza eta Ikurriñaren jatorria, urrenez urren.
COVID-19aren krisiaren ondorioz, une gogorrean dago gure herria. Berezitasun honetan ikus dezakegu txarrena eta onena. Martxan jartzeko unea da eta herrigintza sustatzeko garaia da, bizilagunak lagundu ahal izateko. Hala gabiltza gu ere. Elkarteko proiektuak apur bat moteldu diren arren, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan ez dago geldirik, lanean jarraitzen dugu.
📸: Grupo de exiliados en Francia. Original propiedad de Carmen Bidegaray de Iribarren. Irungo Udal Artxibategia. nº57104