II. Mundu Gerra 1939ko irailean ofizialki hasi zela esan arren, zehatzagoa izango litzateke 1936ko uztailaren 18an hasi zela aipatzea. Espainiar Estatuko Errepublikak jasan zuen altxamendu militar faxista Europa mailan Faxismoak emandako lehen golpea izan zen. 1936ko europarentzat Faxismoa nazioarteko arazoa zen. Horregatik ez da harritzekoa Irungo borrokan talde internazionalista antifaxistek parte hartu izana. Bertan, bi izen zehatz aipa daitezke: Nazien esparruetatik bizirik irten zen Estucha Zilberber belgikar eta erresistentziako kidea eta Joseph Epstein Poloniarra. Boluntarioa, erresistentziako kidea eta irungo defentsan larriki zauritua.
Gakoak:
· Gaur, abuztuak 21, Hendaiako askapenaren 75. urteurrena betetzen da.
· 1944ko abuztuaren 21 eta 22an Leclerc Jeneralak Parisen askapena martxan jarri zuen gudari errepublikanoen Bederatzigarren Konpainiarekin.
· Erbestean, Jose Antonio Aguirre Lehendakariak Gernika Batailoia eratu zuen. Euskaldunek Point de Graveko guduan eta Bordeleko askapenean parte hartu zuen, 1945ean.
Azken honek Espainian Nazioarteko Brigadekin borrokatu ostean, Pariseko guda antifaxistara salto egin zuen. 1942an, talde armatu erresistente ezberdinak eratu ziren eta horietako bat Francs-tireurs et partisans – main-d’oeuvre immigré (FTP-MOI) da. Epstein eta Missak Manuchianen zuzendaritza politiko-militarraren agindupean antolatu zen taldea. Nazien aurkako ekintza ezberdinak gauzatu zituzten, horietako bat SSko Julios ReiterKoronelaren erailketa, Parisko Pétrarque kalean. Koronel nazia Service du travail obligatoire-ko (STO) arduraduna zen eta milaka langile bidali zituen bortxaz Alemaniako lantegi nazietara. Erailketako parte hartzaileetako bat Celestino Alfonso zen. Epsteinek bezala, Gerra Zibila II. Mundu Gerrako borroka antifaxistagatik aldatu zuen beste militante bat. Azkenik, 1943an, Epstein, Manuchian eta Alfonso Poliziak atxilotu zituen. Hirurek torturak jasan zituzten eta, fusilaketa bidez, hil zituzten.
1943an ere, baina Madrilen, Gestapok hezitako Brigada Politico Socialak Jesus Carrera Olaskoaga buruzagi komunista hondarribiarra atxilotu zuen. Epstein eta Manuchian bezala, gogorki torturatua izan zen eta 1945eko urtarrilean fusilatu zuten. 1944ean Luis Vitini FFIko gudari hondarribiarra Bartzelonan atxilotu eta fusilatu zuten ere.
FFIko Unite Compagnie Dupoynunitatean, Hendaiako bizilagun ezberdinekin batera Bidasoako bizilagun ezberdinek Faxismoaren aurkako nazioarteko borrokan parte hartu zuten. Hala nola, F. Arrizabalaga, D. Beitia, L. Echarte, J. Harriet. M. Martinez, J. Ramirez eta J. J. Susperregui.
1944ean, Hendaia askatua zegoelarik, UNEko hamar gudarik, Marcelo Usabiaga tartean, Txingudiko badia zeharkatu zuten, armaz eta lehergailuz josita. Borrokalari hauen helburua gerra antifaxista Espainiar Estatura eramatea zen. II. Mundu Gerraren bukaera eta Musolini eta Hitlerren porrotek Espainiar Errepublikaren berrezarkuntzan sinesteko argudio indartsuak ziren. Gernika Batailoiko soldaduek ere Frantzia askatu ostean, Euskal Herria askatzeko txanda heldu zela uste zuten.
Legalki ere, Errepublikaren berrezarkuntzan sinesteko adibideak bazeuden: Nazio Batuen 39. (1) adierazpenak dio: “a) Jatorriz, naturaz, antolaketaz eta ibilkeraz, Francoren erregimenak izaera faxista du, Hitlerren Alemania nazia eta Mussoliniren Italia faxistaren laguntzaz ezarria”. Erresistente askorentzat esperantza iturria izan zen adierazpena. Hala ere, gutxirako balio izan zuten adierazpen hauek Aguirre Lehendakariarentzat, erbesteko Eusko Jaurlaritzarentzat edota askatasunaren borrokalari ziren erresistente, maki eta gerrillarientzat. Zoriaren menpe gelditu ziren. Frankismoaren aurkako erresistentzia eta gerra bertan behera gelditu zen.
Garaileak eta garaituak
Baionako Rene Cassinezaguna da 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustapenagatik. Aldiz, ezezagunagoa da Donibane Lohitzunetik 1940an, klandestinoki, Londresera joan zela, Frantzia Askearen izenean, okupazio Naziaren eta Vichyren aurka borrokatzeko.
Cassinen lan politiko eta juridikoaren ondorioz, 1944ko abuztuan, Frantziar Errepublikaren Gobernuak Ordonnance 9 aut relative au retablissement de la legalite republicaine sur le territoire continentalordenantza ezarri zen. Honek Vichyren Gobernuak ezarritako agindu guztiak baliogabetu zituen. Petain Mariskala heriotzara kondenatu zen eta De Gaulle Generalak zigorra kommutatu zion. Espainian berriz, europako demokraziek Frankoren erregimenarekin tratuak egiten hasi ziren. Diktaduraren aurkako borroka eta errebelamenduaren amaiera indartuz. Francoren erregimen diktatorialak ondorengoa eta Estatu Buru berria zehazteko aukera izan zuen: Juan Carlos de Borbon eta bere leinua.
Zapalkuntzaren aurka errebelatuz
- 1944ean, Partisanoak terroristak judutarrak eta gorriak ziren.
- 1945ean, Partisanoak askapenaren heroiak ziren.
“Les Hendayais déportés dans les caps nazis (mai 2014)” liburuan irakurri daiteke Poinsot Komisarioa eta Bordeleko SAP-eko torturatzaileek, judutar, komunista, erresistente eta errepublikano ehiztariak, heriotz zigorra jaso zutela eta 1945ean exekutatuak izan zirela. Berdina jazo zen Parisko BS1 eta BS2ko arduradunekin, tartean Fernand David “David esku gorriak”, FTP-MOI eta afitxa gorriko atxiloketa, tortura eta fusilaketen arduraduna.
1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak hitzaurreak dio: “Gizona behartuta gerta ez dadin, azken irterbide gisa, tirania eta zapalkuntzaren kontra errebelatzera, Giza Eskubideok legearen arauak babes ditzan oinarrizko denez gero”. Honela, euskal partisano askok borrokan jarraitu zuten. Atxilotuak, jarraituak, torturatuak, kartzelatuak eta Bidasoaren iparraldeko errefuxiatu berriak bilakatuz.
Faxistek ere Bidasoaren lotura baliatzen zuten
“Les Hendayais déportés” dokumentuari esker, Nazien atxilotze eta akabatze esparruetan deportazioa jasan zuten Hendaiako bizilagunak ezagutzen ditugu. Badakigu ere Irun, Hondarribia, Bera eta Oiartzungo 20 bizilagunek ere deportazioa jasan zutela. Hego Euskal Herriko zortzi bizilagun nazien akabatze esparruetara bidali zituzten eta horietako seiren atxiloketa Gestapok Irun eta Hendaiako Poliziarekin zuen kolaborazio estuaren ondorio dira.
Gaur arteko inpunitatea
Gaur, Hendaiako askapenaren 75. urteurrena ospatzen delarik, Espainiar Estatuak inpunitatea eskaintzen die errepresioa eta diktaduraren arduradunei. Isilunezko harresia eta ahanztura bide bazterrean dauden milaka biktimentzat eta Roberto Conesa edo Pacheco “Billy el niño” kondekoraziez gozatzen. Egun ere, Espainiar Estatuak ez daki non amaituko duten Francoren gorpuzkiak.
Bidasoa bailarak 36ko estatu kolpea eta II. Mundu Gerra batzen ditu
Irakurri berri dituzuen azken hamar puntuetan Bidasoa bailara, 36ko estatu kolpea eta II. mundu gerra batuak daudela errebindikatzen dugu. Izan ere:
- Nazioarteko bolondresak Faxismoa Europara ez zabaltzeko helburuarekin etorri ziren Bidasoara;
- Bidasoako albo ezberdinetako gizon-emakumeek parekoa lagundu zuten, berea babesteko;
- Garaileek, askatasunari men eginez, zapalkuntzaren aurka errebelatu ziren;
- Garaileen laguntzaileek zapalkuntzaren aurka errebelatzeko esperantza zuten;
- Faxistek ere Bidasoaren lotura baliatzen zuten;
- Albo batean Frankismoaren inpunitateak aurrera darrai;
Gaur, 2019ko abuztuaren 21a, Hendaiako askapenaren 75. urteurrena anaitasunez ospatzen dugu, anaitasunez faxismoaren aurka borroka egin beharko litzatekeen bezala. Hendaia, Urruña, Pausu edo Biriatun jazotakoak Irun, Hondarribia, Bera eta Lesakan eragina du eta Irun, Hondarribia, Bera eta Lesakan jazotakoak Hendaia, Urruña, Pausu edo Biriatun eragina du, guztiak Bidasotarrak garelako. |