Apirilak 15 honetan, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Frankismoak zapaldutako andoaindarren aldeko omenaldian parte hartu du. Giro ederrean oroitarazi dira Andoainen 1936 – 1939 urteen artean erailak izan ziren 25 bizilagunak zein inguruko herrietatik exekutatzera eraman zituztenak. Bertan, Kepa Ordoki – MHB elkarteak hitza hartzeko aukera izan du, eta aipagai izan ditu azken aste honetan gertuko oroimenaren baitan sorturiko zalaparta zein Behe Bidasoa eta Andoain artean harremana duten Frankismoaren biktimak. Honatx, ekimenean irakurri den adierazpena:
2023ko apirilaren 15 honetan, Frankismoak zapaldutako andoaindarrak dauzkagu aipagai: erregimenak erail eta desagerrarazitako 25 herritar eta gainontzeko zapalduak.
Urteak daramatzazue ekitaldi hau antolatzen, eta Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkartearentzat lehen aldia da bertan parte hartzeko gonbidapena jasotzen dugula. Eskerrik asko. Halako ekimen sentitu eta hunkituan parte hartzeko aukera ohorea da.
Seguru aski exekutatuak izan ziren pertsonen hainbat ondorengo izango direla hemen, eta lehenik eta behin, gure elkartasunik handiena helaraztea gustatuko litzaiguke. Estatu kolpeaz 87 urte igaro diren arren, ezinbestekoa da oroimena egiten jarraitzea. Egia mahai gainean jartzea. Horixe bera egiteko bildu gara, eta erdigunean hitz bat jarri duzue: Zapalduak izan zirenak. Termino zehatz honek arrangura eragingo dio baten bati, baina hala da. Horixe da egiak duena. Gustukoa izan ala ez borobila dela. Esan genezake zientifikoa dela.
Aste honetan, zientziaren betaurrekoetatik begiratzen den egiak kolpe latza jaso du. Jakin badakizue zertaz ari naizen. Urteetan ezarriak izan diren gutxiengoko kontsentsu emankorrak leherrarazi dira. Orain arte, ez da inolako zehaztapenik egon. Zer dela eta? Kontsentsua zegoelako. Hau ukaezina da, eta kontrakoa esan nahi duenak, errespetu osoarekin, bere burua kontraesanean utzi du.
Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan mindua gelditu da. Uste genuen euskal gizartea prest zegoela gertuko memoria aztertzeko, lehen esan dudan moduan, egiaren borobiltasuna mahai gainean jartzeko, gustukoa izan ala ez. Baina ez da hala. Kezkagarria iruditzen zaigu zer nolako egoeran geldituko diren Arantzadi Zientzia elkarteko ikerlariak. Ea etorkizunean, baldintzatuak geldituko diren zientzia egiteko. Gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu. Beraiek izan dira irizpide eta metodologia zientifikoarekin gertuko memoriaren egia soila plazaratu dutenak, Gogora oroimen institutuak 2018an ezarri zituen «ez baztertu, ez legitimatu ez garrantzirik kendu» irizpideak aintzat harturik. Hau nahikoa ez balitz, geure senideak areketatik atera dituztenak derrigortuak izan dira independentzia zientifikoz, zorroztasunez eta leialtasunez lan egiten dutela oroitaraztera.
Ohartarazpen honen ostean, bost izen propio aipatzea gustatuko litzaidake. Andoain eta Behe Bidasoa 30 kilometrora egon arren, badute oroimen elkarbanatua. Hemen bezala, gure eskualdeak errepresio eta zapalkuntza bortitza pairatu zuen. Horren adibide dugu:
- Jose Toledo Errasti: Andoainen jaiotako gizon hau Irungo bizilaguna zen; jeltzalea, eta Estatu kolpearen ostean inkautazioen zerrendan izan zen.
- Bruno Ballorca, aldiz, Sachsenhausenera deportatu zuten, oposizio politikoa konfinatzeko eta erailtzeko esparrua. Andoaingo kale nagusiko 40. zenbakian jaio zen pertsona honen deportazioak Hendaia du sorburu. Bertan bizi zen 1936ko kolpe militarraren ostean, eta 1942ko urriak 22an atxilotu zuten, herrian buruturiko komunisten aurkako sarekadan.
- Angel Fernandez Llorenteri buruz gutxiago dakigu. Gipuzkoako Komandantzia Militarraren parte zen gizon hau, Bala Roja taldekoa izan zen. Ez zuen zalantzarik izan Irunera joan eta bertako lubakietan legezkotasuna zuen errepublika defendatzeko. 17 urte zituela, bertako frontean hil zen, irailak 2an Irun erortzear zela.
- Beran jaio eta Hernanin bizitako José Gomez Agirre, Andoainen exekutatu zuten. Bera dugu zapalduetako bat.
- Eta azkenik Daniel Orrillo Exposito. Iruñean jaiotako Andoaingo bizilagun honek ere ez zuen zalantzarik izan. Legezkotasuna defendatzen erori zen Irungo San Martzial mendian.
Azkenik, biktimarioaz hitz egitea gustatuko litzaidake. Azkeneko lau urteetako ikerketaren ondorioa dugu Komandantzia aldizkaria. Bertan topatu daiteke Behe Bidasoan nola ezarri zituen frankismoak bere erroak. Zeintzuk izan ziren errepresioaren oinarriak.
Hala ere, lan hau aipatzean, ez diogu tokiko zerbait denik. Irungo Komandantzia Militarra ezinbesteko elementua izan zen matxinatuentzat frontean aurrera egin ahal izateko. Hori dela eta, ondorengo aipamena egitea gustatuko litzaidake. Gernika bonbardatu zenean; Santoñan negoziatzen ibili zirenean edo Galerna ontzia bahitu zutenean hor zegoen komandantzia militar honen inteligentzia zerbitzua.
Andoaini dagokionez, hemengo bizilagun askok erbestea pairatu zuten. Baita ere, itzulera bortitza. Horretarako, derrigorrezkoa zen Irungo Avenida zubia zeharkatzea. Askok bertan ezagutu zuten zer zen Francisco Francok indarkeriaz ezarri zuen erregimena. Hau nahikoa ez balitz, Irunek bazuen Kontzentrazio Esparru bat. Gaur egun, zutik dagoena. Bertan erabakitzen zen muga zeharkatu berri zuen Andoaindarrak herrira bueltatzeko aukera izango zuen ala Magdalena, Miranda de Ebro edota Cardeñako kontzentrazio esparrura bidaliko zuten.
Bukatzeko, eskerrak eman berriro ere gaurko honetan hitza hartzeko aukeragatik. Espero dezagun, oroimen mugimendua elkartuagoa atera dadila topaketa honen ostean, garai gogorrak datozelako. Arrisku baten aurrean gaude: memoriaren ezabaketa.