Naziek Paris okupatu zutela, bazkide frankistek Errepublikako enbaxada goitik behera miatu eta okupatu zuten. Dokumentazio eta sakeaturiko objektuen artean topatu zuten “Virgen de Covadonga” izena zuen kutxa. Bertan zegoen “santina”.
“El Comercio” egunkari asturiarraren arabera, José Félix de Lequerica enbaxadoreak topatu zuen santuaren irudia. Topaketaren berri eman zion Francori, irudia enbaxadan topaturiko elementu artistiko bakarra zela zehaztuz. Hala ere, irudiari koroa falta zitzaion. “Emakume frantses katolikoek” oparitu zuten koroa berria, birjinaren lamina edo argazki baten truke. Honela, 1939ko martxoaren 26 bertan hasi ziren irudia espainiaratzeko lanak. Manuel Arce Ochotorena Asturiaseko apezpikuak itzulera antolatzeko batzordea sortu zuen. Frankoren aginte taldeak ere ildo bera jarraitu zuen: “Lekualdaketa segurtasunez ez ezik, ohorerik handienekin eta ahalik eta jende gehienarekin egin ahal izateko behar den guztia egingo da”.
Dekretu bidez, 1939ko apirilak 29an, “Covadongako Andre Mariari ohore militarrik handienak ematea”, zehaztu zen. Hala, Francok eta Elizbarrutiko Batzarrak irudia 1939ko ekainak 11an Irunera helduko zela akordatu zuten, “omenaldi nazionala jasotzeko”. José Ramón Aguirreche alkateak, bando bidez, jazoeraren berri eman zuen. “Conocéis lo sucedido; los rojos, en su infernal tarea de incendiar, robar y asesinar, tampoco respetaron la sagrada imagen de Covadonga, y con fines especulativos, se la llevaron a París. Hallada providencialmente, el domingo será traída a España y hará su entrada triunfal por Irún.”