Mila esker gaurko egunez hona etorri eta Kepa Ordoki Vazquez, Gernika Batailoiko komandantea oroitarazteagatik. Gaur busti gara eta bustitzen jarraitzeko eskaera luzatzen dugu Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkartetik.
Kepa Ordoki bera hainbatetan busti zen. Gaztetan, soldaduska burutzeko tirabiretan. Irungo ANV-n barneratzeko, baina bereziki 1936an. Etxean gelditu beharrean, kalera irten eta aberria defendatu zuen. El Dueso eta Gursetik ihes egitean, busti zen. Baita ere, bigarren mundu gerran erresistentziara batu zenean. Eta nola ez, UNEtik ideologia anitzeko gudari euskaldunak banatu eta Gernika Batailoia sortzean, horrela, 1993 arte.
Hamarnaka adibide jar ditzakegu, baina bustitze horietako batean geldituko gara: De Gaulleren hitzak. Edonolako ez zen militar batek Kepa Ordokiri esan zion: «Komandante, Frantziak ez du inoiz ahantziko Euskaldunek buruturiko esfortzu eta sakrifizioak…».
Horren kontra ordaina Hego Euskal Herriaren askapena izan behar zuen, baina hori ez zen inoiz gertatu.
Aldiz, guk gaur diogu ez ditugula ahantziko Kepa Ordoki eta bere inguruan ibilitako gudari guztiek egindakoak.
Kepa Ordokik oso ongi ordezkatzen du eskualdearen oroimen historikoa. Irunen jaio; Hendaian hil; Estatu kolpea, 36ko gerratea zein II. Mundu Gerraren lotura; Eta gaurkotasunera iristen den askatasun nahia. Guztia, Ordoki busti zelako.
Hori dela eta, bustitzeko eskaera egiten dugu oroimenaren parte diren pertsona guztien izen-abizenak argi adierazi, eta egiak oroimenaren bidea ezartzeko.
Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan