Avenida zubiaren izendapenaren harira

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:3 mins read

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak balorazio gazi-gozoa egin du Irungo Avenida Zubiaren Oroimen Demokratikoaren izendapenaz. Elkarte memorialistak balioan jarri du zubiak jaso duen izendapena, baina zehaztapen ezberdinak plazaratzeko beharra sentitzen du:

– Ekimenaren ardatza: Irungo Avenida Zubiak jaso duen izendapena ‘España en libertad | 50 años’ agendaren barne dago. Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak zalantzan jartzen du 1975 – 2025 urteen artean asebetetasun osoarekin askatasuna egon denik. Gaurkotasunetik hasita, azken urteetan 9 lagunek bizia galdu dute Avenida Zubia zeharkatzen Bidasoa ibaiaren baitan. 1981. urtean, Telesforo Monzonen gorpuzkiak zeramatzan segizioa bortxaz autobiderantz bideratu nahi izan zen alboan den Santiago zubia zeharkatu ostean. Korrika, euskararen aldeko lasterketak ezinbestean aldatu behar izan du urte askotan furgoneta Irun eta Hendaia artean, ekimenaren etena saihesteko. Nabarmendu behar da ere izendapena jaso berri duen zubia Estatu terrorismoaren adibide diren Triple A, Batallón Vasco Español eta GALen lekuko izan dela. Eta zer esanik ez zubia zeharkatzeko unean hamarnaka euskal herritarrek pairatu izan duten zelata. Besteak beste, Kepa Ordoki gudari irundarrak.

– Testuinguru kamutsa I: Izendapenaren berri ematen duen ebazpenak erbesteratuen entrega jaso arren, aipamen hau ezagunak diren eta II. Errepublika garaian ardura politikoak izan zituzten hautetsietara mugatzen da. Maëlle Maugendre historialariaren doktorego tesiaren arabera, gutxienez 151 mila lagunek zeharkatu zuten bortxaz Avenida zubia; ostera, Irungo kontzentrazio esparruen sistemaren gatibu izateko. Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak eskuratutako dokumentazioaren arabera 3.971 gizon Pequeña Velocidad izeneko kontzentrazio esparruan atxilotuak egon ziren. Jose Mari Etxaburu “Kamiñazpi” idazleak ederki asko azaltzen du ‘Nere lau urteko ibilerak’ liburuan nola atxilotu zuten Avenida zubian, kontzentrazio esparruan murgiltzeko. Azkenik, nabarmentzekoa da borrero frankistek zubia zeharkatzen zuten pertsonen sailkapena burutzeko baliatzen zuten “Comisión de Admisión del Puente” delakoa. Zubiaren kontrolerako lehen antolakundeetako bat izan zen.

– Testuinguru kamutsa II: Ebazpenak ez du inolako aipamenik egiten III. Reich-eko ordezkariek zubian zuten kontrol eta eskumenaz. Irungo komandantzia militarrak Alemaniako Bulego Militar propioa zuen. Zubitik inpunitate osoz jardun zuten SSko milizia parapolizialak, Abwehr inteligentzia militarrak edota Sicherheitsdienst (SD) inteligentzia zerbitzuek. Ez da aipatu Heinrich Himmlerek Avenida Zubia zeharkatu zuela, zubia ezinbestekoa zela SOFINDUS enpresa taldearen wolframio kontrabandoarentzat edota egurrezko bostgarren zubi bat eraiki zela, Félix operazioaren baitan, Gibraltar hartu ahal izateko.

Oroimen Demokratikoaren Legearen abantailak: Kepa Ordoki – MHB elkartearentzat balioan jartzeko aukera da Oroimen Demokratikoaren Legeak oroimen gunearen inguruan dauzkan artikulu ezberdinak. Legearen 52. artikuluak gunea babesten du. “Iraungarritasuna” bermatu behar da. Honek zubia etorkizuneko berriztatzeetatik babestuko du. Azkenekoan zubiaren jatorrizko granitozko zintarria galdu zen. 53. artikuluak “zabalkundea, interpretazioa eta herritarren sustapena” nabarmentzen du. Kepa Ordoki – MHB elkartearen misioarekin bat egiten du honek. Elkarteak prestutasun osoa du aipatutako xedeetan lan egiteko.

Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua oroimen demokratikoaren gune izendatzeko eskaera

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak 2022ko urriak 27an eskatu zion Memoria Demokratikoaren Zuzendaritza Orokorrari Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua Oroimen Demokratikoaren Gune izendatzea. Orduz geroztik, elkarteak ez du erantzun formalik jaso. Bidasoako oroimen elkarteak izendapen ekitaldia probestu du, Fernando Martínez López, Estatu idazkariari erantzun gabezia oroitarazteko eta eskaeraren proiektuaren ale bat emateko.

Utzi erantzuna