ADIERAZPENA: Kepa Ordoki komandantearen heriotzaren XXIX. urteurrena

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:3 mins read

Urtea bukatzear dagoelarik, une ezin aproposa dugu bilana egin eta Kepa Ordokiren hobiaren aurrean gauzaturiko lana oroitarazteko. 2022. urtea Komandantzia aldizkariaren urtea izan da. Urteetako ikerketa lana aldizkari bilakatu dugu, eta eskualdeaz ikasitakoa gizartean errotzen hasia da.

Duela urte batzuk, sakrilegioa zirudien Irun bonbardatua izan zela aipatzea; guztiz ezezaguna zen milaka pertsona jaso zituen Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruaren existentzia; edota Bidasoako Komandante Militarrek zuten eragina.

Ziurrenik honi buruz Kepa Ordokiri galdegingo bagenio, asko jakingo zukeen eta asko lagunduko zukeen elkartearen jardunari. Behar bada, jakingo zuen zerbait Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruaz. Bereziki, esku artean dugun lana da azken hilabeteetan. Hiri pasabide batek eta Via Irun izeneko garapen urbanistikoak gunea eraistea aurreikusten du. Ondorioz, une honetan, hainbat eragilerekin kontaktu-txanda bat egiten ari gara. Erreakzio andana jaso ditugu, eta lehen ondorioetako bat da Pequeña Velocidadek etorkizun zaila duela. Gutxienez lau mila preso izan zituen kontzentrazio esparrua mantendu ahal izateko herriaren laguntza behar dugu. Presio herritarra sortu behar dugu. Bestela, gunea bota, Frankismoak Gipuzkoan izan zuen kontzentrazio esparru bakarra desagertu eta bertan borrero izan zirenei mesede egingo zaie. Beraz, arduradun publikoei ausartak izateko interpelazioa eskatzen diogu. Pequeña Velocidadek politika irmoa behar du.

Gaurkoa, abenduak 3 delarik, esan beharra dugu, euskara oroimena duen hizkuntza dela. Geure hizkuntzak ere egia, justizia eta erreparazioa behar dute. Memoria Demokratikoaren legeak dio euskara frankismoaren biktima kontsideratzen dela. Hala ere, legeak badu tranpa bat. Honetan ez da aplikatuko 2015eko biktimaren estatutua. Hemen ere biktimek tratu asimetrikoa izango dute.

Azkenik, adierazi behar dugu Kepa Ordoki – Memoria Historikoa aurrerantz doala. Berriki ikasi genuen Nicolas Guerendiainen atxiloketan bete betean jardun zutela Meliton Manzanas eta Jose Bazán poliziek. Beste behin esan dezakegu herri honek pairaturiko gerra zikinaren hariaren abiapuntua 36an dagoela. Beraz, arlo honetan berritasunak aurreikusten ditugu ondorengo hilabeteetarako.

Ez nuke adierazpen hau itxi nahi Kepa Ordoki oroitarazi gabe. Harro gaude bere militantziaz. Gaurko garai polarizatu hauetarako erreferentzia dela uste dugu. Beti egin zuen aurrera euskal kausaren alde.

Eskertuko genuke elkarretaratze hau kantuan bukatzea. Kepa Ordoki eta gainontzeko gudari guztien omenez, abes dezagun “Eusko Gudariak”.

Hendaia, 2022ko abenduaren 3a

KEPA ORDOKI – MEMORIA HISTORIKOA BIDASOAN

Utzi erantzuna