2021eko irailak 5ean, 85 urte beteko dira faxistek Irun eta Hondarribia indarkeriaz hartu zutela. Egun horietan jazotakoek eragin zuzena izan zuten 40 urte iraun zuen erregimen diktatorialean eta egungo gizartearen oinarrietan. Urteurrena oroitarazi eta oroimena aldarrikatzeko, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu.
Eskualdean egon ziren borrokak ez ziren edonolakoak izan. Ameriketako Estatu Batuetako ordezkari diplomatikoak, Hendaiatik, Franklin D. Roosevelt presidenteari idatzi zion borrokak “epikoak” izan zirela. “Inoiz ez da izan halako heroitasunik. Arrantzaleak, meatzariak eta nekazariak, armetan trebatu gabe, galera hilgarriekin errefusatu zuten Atzerriko Legio entrenatua sei egunez”.
85. urteurrenean, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, ekintza ezberdinen bitartez, 1936ko uda bizi zuen gizarte zibilari hitza emateko saiakera gauzatuko du. Emakumeak jasandako errepresioa “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” web gunearen bitartez azalduko da. Defentsara etorri ziren bolondres internazionalisten berri emango da ere, eta guzti hau errekonozimendu publiko baten bitartez borobilduko da, erorketaren 85. urteurrenean bertan.
Izan zirenak eta izango direnak gogoan
Izanzirenak.eus web gunearen bitartez, emakumeak Estatu kolpe zein frankismoan zehar jasandako errepresioari leku egiten zaio. Web gunea 2019. urtean sortu zen. Bertan, Behe Bidasoan atxilotuak, fusilatuak, erbesteratzera behartuak eta susmagarritzat jo ziren 146 emakumeren jazoerak gorde dira. Azken hiru urteetan, ikerketa lanak sakondu dira eta honen emaitza da web guneak izango duen zabalpena. Hurrengo hilabeteetan, beste 200 emakumeren gertaerak jasoko dira. Horien artean dago Faustina Ruiz García. Galdames ontzian atxilotu ostean faxistek fusilatu zuten emakumea. Baita ere, Consolación Mangas, eskualdea defendatzen, frontean hil zen emakumea. Edo Micaela Aizpiolea La Roseraireko ospitalean artatu zuten errefuxiatu irundarra, besteak beste.
Jarduera honen zabalpenarekin, argi ikus daiteke emakumeak eskualdean jasan zuen errepresio mota orokortuena erbestea izan zela. Milaka emakume irten ziren Behobia eta Avenida zubietatik. Asko ez ziren inoiz jatorrira itzuli.
Historia de nuestras vacaciones del año 1936
Ricardo Cuendek Errioxan izan zuen Estatu kolpearen berri. Opor gisa, mendiak igotzera joan zen Pablo Lombanarekin. Matxinadaren berri zutela, etxerantz, Irunera, irten ziren. Hala ere, ezin izan zuten eskualdera etorri eta ondorioz Iturenen gelditu ziren. Familiarekin harremana guztiz galduta, Iturengo udal idazkariak Mendaur mendian atxilotu zituen. Bi Guardia Zibilek Dantxarineara eraman zituzten galdekatuak izateko. Bertan jakin zuten atxiloketa Bidasoan gauzaturiko bi faxisten atxiloketaren ondorio zela. Hainbat astez atxilotuta egon ziren Iruñeko erreketeen koartel nagusian. 1936ko irailean askatu zituzten, hiru asteko egonaldia burutu zuten Iturenen eta, Irunera itzultzean, berriz atxilotu zituzten Udaletxean, ia urtebeteko egonaldia burutuz.
Senideen bitartez, idatziak eskuratu ostean, argitalpena publiko egingo da. Horretarako, “Historia de nuestras vacaciones del año 1936” kontakizuna jasotzen duen liburuxka irailak 3an aurkeztuko da, Palmera Montero gunean, 18.00etan.
Web gunea
Kepaordokimhb.eus web gunean, 85 urteen baitako jarduerak laburbiltzen dituen atal berezitua egongo da. Baita ere, eskualdearen defentsan, ezinbestekoak izan ziren internazionalistei buruzko artikulua.
Oroimen ekitaldia
Oroimena aldarrikatzeko, irailak 5ean (12.00), eskualdearen hartzearen 85. urteurrenean, ekitaldi publikoa burutuko da Behobia auzoko zubi zaharrean. Bertatik hamarnaka errefuxiatu ihesean joan ziren faxismotik ihesi. Bertan ere, inguruko Punttako borrokaldiak oroitaraziko dira internazionalistei men eginez eta ozen aldarrikatuko dira “Izan zirenak eta izango direnak gogoan” web gunean barnebiltzen diren emakumeak.