1976ko Hondarribiko jaiak amnistiaren aldeko eta Eduardo Moreno “Pertur”-en desagerpena salatzeko manifestazioarekin bukatu ziren. Guardia Zibilak bortizki sakabanatu zuen mobilizazioa eta bertan zegoen Josu Zabala tiroz erail zuen.
Goizeko zazpietan, lehen guardia zibil patruilak Hondarribian ezarri ziren. Bizilagunen esanetan, “20 bat patrol”. Arratsaldeko alardea bukatu zenean, manifestazioa hasi eta San Pedro kaleko manifestari eta inguruko jendearen aurka oldartu zen Guardia Zibila. Ihesean irten zen Josu Zabala. Txantxangorri tabernako zintarriarekin erori eta bertan zegoen agente batek tiroz hil zuen.
24 urteko irundarraren gorpua Donostiara eraman zuten. Bertan baieztatu zen heriotza. Hala ere, autopsia burutu zuten militarrek heriotzaren arrazoia bizkar hezurreko haustura bat izan zela zehaztu zuten, tiro edo gorputzeko bala zuloei inolako aipamenik egin gabe.
Tiroketaren lekuan errespontsu bat ezarri eta jendea bertaratzen hasi zen. Inguruan ikurriña bat jarri eta senideentzako dirua bildu zen. Irailak 9an, Polizia Armatuak berriz setiatu zuen Hondarribia eta bertaratuak indarkeriaz sakabanatu zituzten. Zabala erail zuten txokoa eta bertan ezarritako oroigarriak guztiz txikitu zituen poliziak.