Oroimenean geldituko da 2020. urtea Behe Bidasoko gizartean. COVID-19ak guztiz eraldatu du normaltasuna, San Pedro eta San Martzial jaiak barne. Bitan gelditu dira bertan behera irungo jaiak: 1914 – 1918 artean, Lehen Mundu Gerragatik eta, 1937 – 1938 artean, 36ko estatu kolpeagatik. Geldialdi hauek eraldaketak ekarri zituzten jaietan. Elkartearen alorreko geldialdia aztertuz, 36ko San Martzial errepublikanoak betiko bukatu ziren, jai Frankistei leku eginez.
Jaiek jasandako eraldaketa frankista aztertzeko, adibide bikainak dira udaletxeak ekoitzitako programak:
Ezberdintasunetan, tamaina aldaketa esanguratsua da. 1936ko jaien egitarauak 93 orrialde ditu. Diktadura hasierako lehen hiru programek lau orrialde dituzte. Koloreetan ere aldaketa nabarmena dago. Lehen programak tintak beltza, gorria, morea eta berdeak baliatzen ditu. Bertan, testua kolore more eta berdean ikus dezakegu. Frankismoak aldiz, koloreak eraman zituen eta lehen hiru programen testuak beltzean daude. Topa daitezkeen kolore bakarrak 1937ko azalean daude. Beltzari gorria eta horia gehitzen zaio.
Edukiari dagokionez, badaude aldaketa nabarmenak. 1936ko programak duen zabaltasunean, jaietatik haratago doazen edukiak topa daitezke. Adibidez, alardearen historia, herriari buruzko informazioa, datu esanguratsuak, bisitatzeko lekuak edota negozio eta eraikin nagusien kokalekua. Programa frankistak berriz, jaien programaziora mugatzen dira. Hala ere, ezberdintasun nagusiena argazkietan datza. 1937, 1938 eta 1939ko egitarauek ez dute argazkirik, ez tokiko komertzioen publizitaterik. Argazkiak 1967ko programan itzuli ziren.
Errepublikan jaiek iraupen luzeagoa izan zuten. Ekainaren 27, 28, 29 eta 30, eta uztailaren 1 eta 5, artean burutu ziren ekitaldiak. Frankismoaren lehen hiru urteetan egitaraua laburragoa zen. Bi egun 1937 eta 1938an, eta bost egun 1939an. Datu hau aipatuta, nahitaezkoa da estatu kolpeak izan zuen eragina oroitaraztea. Biztanle kopurua 18000 pertsonatik 7000ra jaitsi zen eta hiriko eraikinen balioa 50 milioi pezetatik, 32 milioira. Diktadurak eskainitako datu hauei tokiko Frankistek ezarritako errepresioa gehituz, guztiz galdu zuen jai giroa Irunek.
1936
Errepublika garaiko San Martzialetan kirolak leku nabarmena zuen. “Tiro pichon” lehiaketa, batel estropada, pilota edota San Pedro eguneko klasikoa (espainiar Estatuko lasterketarik zaharrenetakoa) antolatzen zen. Programako ekitaldi erligioso bakarra San Martzial ermitako meza da. Uztailak 1eko ganadu lehiaketak pisu nabarmena zuen. Antzerkiak eta dantzek ere bazeukaten toki propioa egitarauan.
1937
1937ko egitaraua guztiz ezberdina da. Urte honetan ospaturikoak ez ziren jai herrikoiak izan, “actos religiosos y patrioticos” baizik. San Martzial eguneko mezari San Pedro egunekoa gehitu zitzaion. Musikaren ardura F.E.T y de las J.O.N.S.-ena zen eta Pilota izan zen mantenduriko kirol bakarra. Hala ere, jokaturiko partida ospitaletan zaurituak zeuden soldadu altxatuen aldekoa izan zen. Bi ekitaldi bereizgarri ere badituzte frankismoko lehen San Martzialek: Molaren eskulturaren ezartzea, desfile militarrarekin, eta El Soldado de San Marcial antzezlana. Meliton Manzanas polizia torturatzaileak antzezlanean parte hartu zuen.
1938
Bigarren San Martzial frankistak ekintza erlijioso eta patriotikoetan oinarritu ziren. Mezek nabarmentasuna zuten; kontzertuen arduraduna F.E.T y de las J.O.N.S.-ena zen; pilota zen kirol bakarra eta ekainaren 30ean San Martzial prozesioan eraman zen mendira. Ekainaren 29an, Francoren busto bat ezarri zen udaletxean. Frankismo osoan udalbatzen gelan mantendu den marmolezko eskultura.
1939
1939an lehen aldaketak egon ziren. Egitaraua ez zen ekintza erlijioso eta patriotikoena, jai eta ekitaldiena baizik. Lehen bi urteetan ospaturiko San Martzialei erraldoiak, dantzaldiak, zezen suzkoa eta alardea gehitu zitzaien. Hala ere, uztailaren 2an, irungo milizia omendu zen. Meza, desfile militarra eta militarrentzako bazkaria antolatu zen. Egitarauak sekretupean mantendu arren, omenaldiak Francisco Franco diktadorearen lehen bisita ezkutatzen zuen.
Alarde aldatua
1936ko alardeak zalaparta sortu zuen gizarteko sektorerik tradizionalistetan. Nicolas Guerendiain jeneralak “viva España y viva Irun” esan beharrean, “viva la república y viva San Marcial laico” esan zuen. Estatu kolpean, Izquierda Republicana alderdiko abokatua Beran fusilatu zuten.
Frankismoak ezarritako aldaketak alardera ere heldu ziren. Bidasoko konpainia da herriko bandera eramateko ardura duen unitatea. 1939 eta 1978 artean, irungo banderaz gaindi, Espainiako bandera ere jasotzen zuen konpainiak eta Espainiako ereserkiarekin irteten zen Bidasoa udaleko arkupeetatik.
Frankismoan araupetu zen lehen aldiz alardea. 1944. urtean, derrigorrezkotzat jo zen Espainiako bandera eta Errege Martxa. Izendapenak egiteko, instrukzio militarra aintzat hartu zen eta eskusoinua debekatu, besteak beste.