Naziek wolframio kontrabandoa sustatu zuten Bidasoan
Kolaboratzaile sare zabalarekin asetu zituen Alemania Naziak hornigai eta garraio premia. Bidasoan, Marion Garraio empresak mineral eta wolfram tona kontaezinak garriatu zituzten kontrabandoan.

Altzairua indartu eta kañoiak eraikitzeko elementu kimikoa da wolfram edo tungstenoa. Galizia edota Portugaleko minerala Bokaleko “Forges d l`Adour” labe garaietara eramaten zuten, eraldatu eta erraztasun handiagoz Alemaniara exportatzeko. SOFINDUS, Sociedad Financiera Industrial, holding alemanaren enpresetako bat zen Marion. Hiru arlo jorratzen zituen holdingak: mineralak (garrantzitsuena), lehen sektoreko komertzioa eta Espainia eta Alemania arteko erlazio ekonomikoak. Johannes Bernhardt zen enpresa taldearen arduraduna.

Johannes Bernhardt, aktibista Nazia​​

1897ko urtarrilaren 1ean, Osteroden jaio zen Johannes Eberhard Franz Berhnhardt. Lehen Mundu Gerran Ukrainiako frontean egon zen. Gerra galdu ostean, Freikorpseko kidea izan zen, errebolta komunisten aurkako talde paramilitar ultraeskuindarra.

1928an, Mannesmann enpresa metalurgikoaren ordezkaria izan zen Casablancan. Agintari frantsesek susmagarritzat jo zuten eta enpresa konfiskatzeaz gaindi, protekturaturik bota zuten.

1930ean, Espainiaren agindupeko Marokora jo zuen. Bertan, 36ko altxamenduan parte hartu zuten agintari militarrekin erlazionatzen hasi zen. Esaterako, Mola Jenerala, Sáenz de Buruaga Koronelaedota Francisco Arranz Monasterio Kapitaina.

Legioari armamentua saldu zion eta, gobernu alemanarekin harremanak sustatuz, Franco babestu zuen. Bernhardt-en bitartekaritzaren emaitza da “operación Fuego Mágico” delakoa. Hogei Junker J-52 hegazkin bidali zituen Hitlerrek Marokora altxamendua laguntzeko.

Johannes Bernhardtek Compañía Hispano-Marroquí de Transporte (HISMA) enpresa sortu zuen, Fernando Carranzaren laguntzarekin. Aipaturiko marinako ofizial espainiarrak ez zuen inolako parte-hartzerik izan enpresan. Kapitalaren %50a jarri zuen, parte-hartze espainiarra bermatzeko.Enpresaren funtzio nagusia Naziek bidalitako laguntza militarraren garraioa kudeatzea zen. Aldi berean, ROWAK enpresa sortu zuen Bernhardtek, Espainiar Estatuko janari eta lehengaiak Alemaniara exportatzeko.

1938an, HISMA enpresa SOFINDUS (Sociedad Financiera Industrial) enpresa holding-a bihurtu zen. Negozioa handitu eta sektore gehiagotara zabaldu zen Bernhard. Enpresa guzti hauen artean topa dezakegu Transportes Marion. HISMA barnean sortu zen, 1936ko azaroan, 2.100.000 pezetako kapital sozialarekin. SOFINDUS barnean jarraipena eta rol estrategikoa izan zuen garraio enpresak.

Mineral kontrabandoa edota mineralen garraioa bete-betean barneratu dezake SOFINDUS holdingak.Enpresaren bi ardatz nagusi ziren garraioa eta meatzaritza.Marion Garraioak SOFINDUSEN bederatzi garraio enpresetako bat izan zen eta rol garrantzitsua eduki zuen Frantziako Nazien okupazio garaian, Normandiako lehorreratze ostean.

Mineralei dagokienez, “Montaña” izeneko plana garatu zuen Johannes Berhnhardtek. Espainiar Estatuko mehatzaritza jarduna kontrolatzeko, wolframioa lantzen zuten enpresak erosi eta bestelako enpresa berriak sortu zituen. Bertan daude Minerales de España, Montaña S.A. de Estudios y Fomento Minero, Montes de Galicia Compañía Exportadora de Minas, Compañía de Explotaciones Mineras Aralar edota Minas de Irún y Lesaca, S.A. enpresak. 1936an HISMArekin bezala, espainiako izen-mailegatzaileak ezarri ziren enpresetan. 

SOFINDUSEN wolframio exportazioek aliatuen susmoak piztu zituzten. Beharrezko elementu kimikoa baita wolframioa altzairuari batu eta tankeen blindaketa indatzeko edota kañoiak eraikitzeko. Mineral hau Galizia eta Portugal iparraldeko meategietan eskuratzen zen eta 1939 – 1944 urteen artean burutu ziren exportazioak. 

Eskariak gora egin zuen urtero. Frankismoak ezarritako prezio finkoen ondorioz, kontrabando bidez ateratzen zen minerala Portugaletik. II. Mundu Gerrak beharra nabarmen handitu eta Portugalgo merkatu librean 30 aldiz biderkatu zen wolframioaren prezioa. 1940 eta 1942 artean, 1.500 wolframio tona esportatzen ziren urtero Espainiatik.

III. Reich-ak wolframioa ez jasotzeko, 1942an, mineral merkatuan sartu ziren aliatuak. Kostuek gora egin zuten eta 1943an Erresuma Batuak eta Estatu Batuek merkaturaturiko wolframioaren %77a erosi zuten. Espainiako gobernuak prezio finkoa kendu eta merkatuen esku utzi zuen tungstenoaren balioa. Etekinek nabarmen egin zuten gora eta esportaturiko kilo bakoitzeko 100 pezetako zerga ezarri zen.

Nahiz eta wolframio gehiena erosi, Aliatuek 1943ko udazkenean utzi zuten pilatze politika. Izan ere, behar beste wolframio eskuratzen zuten alemanek kontrabandoan. Derrigorrez aipatu behar da ere SOFINDUSEK burutu zuen meatze erosketak. Ezinezkoa zen merkatua monopolizatzea, SOFINDUSek merkatutik pasa gabe hornitzen zuelako III. Reich-a.

Aliatuek estrategia aldatu eta wolframio esportazioa gelditzea eskatu zuten, Espainiari hobari ezberdinak eskainiz. Eskaintza mehatxu bihurtu zuten Naziek Gerra Zibileko zorra erosi zutela ezagutu zenean. Alemanek 100 milioi pezeta ordaintzen zuten hilabetero hornigaiak libreki erosiz. Negoziaketetan, urtero 755 tona wolframio esportatzea onartu zuen Frankismoak. 1944ko urtarrilan, 302 tona esportatuak zeuden dagoeneko. Muga legalak ez ziren oztopo izan Nazi edo Johannes Berhnhardt, SOFINDUSEKO nagusiarentzat. Hitlerren aginduz, wolframio horniketa derrigorrez bermatu behar zen edozein kostuan.

Bidasoa Wolfram kontrabandoaren erdigune

Aliatuek ezarritako baldintzak zorrotzak izan arren, tartean 1943ko esportazio kopurua (755 tona) ez gainditzea, Alemanek kontrabandoa eta mineral metaketa sustatu zuen. 1944-ean, SOFINDUSEK 800 tona wolframio gordeak zituen Espainian zehar eta beste 250 tona eskuratzea aurreikusita zuen.

Irun gakoa zen kontrabandoarentzat. Marion Garraioen biltegiek legaltasun osoz, udal baimenarekin, wolframio kantitate nabarmena jasotzen zuten. 1943. urtean, Minerales de Españak (SOFINDUSEN azpi-enpresa) irunen minerala metatzeko baimena eskuratu zuen. Zehazki, Santiago kaleko 44. etxean, Bidasoako 6. “Gure Enetza” etxean eta Iparralde Etorbideko Transportes Marionen biltegian. 

20-30 tonako wolframio partidetan, trafikoari itxia zegoen Behobiako zubia gauez zeharkatzen zuten Marioneko kamioiek. Dantxarinea edota Izpegi mendia ere baliatu zuten mineral kontrabandoarentzat. Bestelako garraiobideak Bidasoa ibaiko gabarrak edota Portugaldik Hendaiara joaten zen trenari gehituriko mineral bagoiak ziren.

Franquismo y Tercer Reích. Las relaciones económicas hispano-alemanas durante la Segunda Guerra Mundial liburuan, wolframio kontrabandoaren datuak zehaztu ditu Rafael García Perezek. 1944ko otsaila eta apirila bitartean 471 wolfram tona pasa ziren, 167 tona maiatza eta uztaila artean. Guztira, 678 tona urte erdian. Aliatuen inteligentzia zerbitzuek hamar kontrabando saiakera identifikatu zituzten. 250 tona wolfram pasatzen zituzten Frantziaran aldi bakoitzeko. Legalki erositako minerala ere kontuan hartu behar da: 325 tona. Kontrabandoatonaka burutzeko, nahitaezkoa zen mugako agintarien, segurtasun indarren eta tokiko agintarien konplizitatea.

Kantabria eta Galiziako portuak ere baliatu zituzten kontrabandorako, edota Lufthansako hegazkinak. Ekaina eta uztaila bitartean, 10 tona wolframio irten ziren hegazkin bidez espainiar Estatutik.

Legez kanpo esportaturiko wolfram-a helmugara heltzen zela ziurtatzeko, SOFINDUS taldearen B aldea baliatzen zen: lantaldean zeuden militar, espia eta poliziak. Hau da SOFINDUSeko langile askoren berezitasun bat. Enpresa holdingaren babesean, Alemania Naziaren ezkutuko segurtasun-indarretako kideak zeuden.Abiapuntutzat jo daiteke Edgar Lohse. Sofinduseko ordezkaria eta Biarritzeko Komandantzia Militarreko garraioen arduraduna aldi berean.

Kontrabandoa zaintzeko, Edgar Lohse Komandantziako ordezkariak Georg Shuebel agentea ezarri zuen Hendaia eta Irunen. Hau ere Marion Garraioak enpresako langilea zen. Antzeko funtzioak zituen Hermann Kallab-ek ere. Hendaiako SD (SSko inteligentzia zerbitzuak) eta Abwehr-eko (inteligentzia militarra) agentea zen. Espioiak eta mineralen garraioa ikuskatzen zuen. SOFINDUSEKO langilea zen.

Kontrabandoa Behobiako zubian

1936 ostean, Irun eta Hendaia artean bidaiatzeko aukera bakarra Avenida Zubia zen. Frankismoak Behobiako Nazioarteko zubia guztiz zigilatu zuen. Carabineroek zaintza postua mantendu arren, ezinezkoa zen Bidasoa ibaia zeharkatzea. Salbuespen bakarra Marion Garraioak enpresako kamioiak izan ziren. Bertako agenteen konplizitate eta Nazien laguntzarekin, alanbre-hesiak kendu, argia moztu eta wolfram-ez beteriko kamioiek zubia zeharkatzen zuten.

Izan zirenak eta izango direnak gogoan proiektuan elkarrizketaturiko Juncal Violetek gogoan du wolfram kontrabandoa. Auzoko hainbat bizilagun mineral kontrabandoarekin aberastu zirela, azaldu du.

Marion garraioak

Enpresaren egoitza nagusia Salamancan egon arren, Irunen ere kokatua zegoen Transportes Marion. 1938an, euskal inteligentzia klandestinoak enpresaren berri eman zuen Frantzia eta Erresuma Batura bidalitako txostenetan. Garraio enpresak eta honen nagusi zen SOFINDUS – HISMA holdinga salatu zuten, Espainiako ekonomian lor zezakeen eraginagatik. 

Ofizialki, Marion Limitada-k hornigaien garraioa zuen xede. Salamankaz gain, Bilbo, Sevilla eta La Coruñan bulego ttipiak zituen. Euskal inteligentziaren arabera, 1938ko neguan, 10 tonako 20 MAN kamioi, 5 tonako 15 kamioi eta 50 auto zituen. Sevilla, Pasaia, Bilbo eta Vigoko portuetara larruak, olioa, kortxoa, egurra, azukrea edota bestelako lehengaiak eramaten zituzten, itsasontziz Alemaniara esportatzeko.

Transportes Marionek Alemaniarekin zuen lotura ezagutzeko adibide bitxia topa daiteke 1941eko urriaren 21eko ABC egunkarian. Albisteak dioenez, musu-truk eraman zituen División Azuleko soldaduak Hendaiara. Egunkariak ezaugarri prestutzat jo zuen ekintza, enpresaren atzealdea guztiz alemana zela ahantziz.

Espainia eta Alemaniako kideak zituen enpresak. Alemanen aginduetara ezarritako izen-mailegatzaileak baliatzen ziren eta Anger Bernhardt zen burua. Konfiantzazko sare estua eraiki zen Marion enpresako zuzendaritzan:

Iturriak:

  • The economic relations between Nazi Germany and Franco Spain. D. Phil Thesis (1994).
  • El espionaje Alemán a través del consorcio empresarial SOFINDUS. Francisco Javier Juarez Camacho (2016).
  • German State-owned enterprise in Spain known as SOFINDUS, the Sociedad Financiera y Industrial Lda. http://marcosaba.tripod.com
  • Irungo Udaleko Akta Liburua: A/01/182/173/R, A/01/181/045/R, A/01/182/166/V, A/01/182/194/V. irun.org/archivo.
  • Military Agency Records RG226. National Archives.
  • Al servicio del extranjero: Historia del servicio vasco de información (1936-43). Juan Carlos Jiménez de Aberásturi – Rafael Moreno Izquierdo (2009).