Pedro Urraca Rendueles, errepresio frankistaren ordezkari
Pedro Urraca Renduelesek atxilotu zuen Lluis Companys President katalana. Valladoliden jaio zen, 1904ko urtarrilaren 22an. Serrano Suñer ministroaren aginduz, Frantzian errefuxiatutako arduradun politiko errepublikanoak atxilotu edota hiltzeko ardurapeko agentea zen.

447 agente faxistaren abiapuntua Italian dago. Bertan, Erromako enbaxadaren agindupeko polizia zen. Frankismoak Himmlerrekin gauzatu zituen akordioen ondorioz lekualdatu zuten Parisera. Gómez Piñan, informazio zerbitzuko buruak eta Barroso koronelak (ondasun espainiarren berreskuratze komisioaren presidentea), gomendatu zuten agentearen lekualdatzea.

1939ko abenduaren 7-an heldu zen Urraca Parisera. Botere nabarmena eskuratu zuen, erakutsitako espioitza gaitasun eta asmoengatik. Enbaxadak agente sareak sortzeko baliabideak eman zizkion. 

1939ko abenduaren 7-an heldu zen Urraca Parisera. Botere nabarmena eskuratu zuen, erakutsitako espioitza gaitasun eta asmoengatik. Enbaxadak agente sareak sortzeko baliabideak eman zizkion. 

José Félix de Lequerica enbaxadore eta Bilboko alkate ohiak proposatu zuen agintari errepublikanoen zelataketa eta atxilotzeak burutzea. Honetarako, Adolfo Aparicio Bilboko komisarioa Parisera eraman zuen 1939ko abuztuan. Pedro Urracarekin egin zuen lan 1940ko abenduaren 5a arte. Serrano Suñerrek Aparicio postutik kendu eta José Félix de Lequericak Urraca babestu zuen.

Faxistekin harreman zuzena eta estua izan zuen Urrakak Parisen. Serrano Suñerren eskuin eskua izan zen eta Gestapoko agentea izatea lortu zuen. Unamuno izenpean, E-8001 agentea zen. 

Arxiu Nacional de Catalunya:: Pedro Urracaren pasaportea. 1939. ANC1-983-T-1

Naziak Parisera sartu zirenean, Urraca Von Grote gobernadore militarrarengana joan zen. SEREko (Servicio de Evacuación de Refugiados Españoles) egoitzako dokumentazioaren konfiskazioa sustatu zuen, errepublikako agintariak bilatzeko. Baita ere, atzerritarren saileko polizia frantsesaren nagusia askatzea lortu zuen Urracak, errefuxiatuei buruzko dokumentazioa eskuratzeko. 

German Federal Archives:: Helmut Knochen

Knochen koronela, Pariseko Gestaporen buruarekin, biltzen hasi zen Urraca. Bileretan bi agente gehitu zituen: Ansaldo, enbaxadako erantsi militarra eta Velilla, Frantziako Falangeren burua. Alemanen partetik, Landsteter batu zen bileretara. Koronelaren konfiantzako gizona eta juduen jazarle ezaguna. Bileren ondorioa izan zen Falangeko kide eta polizia frankistek osaturiko espioi sarea. Hauek errefuxiatuen artean nahastu ziren identifikazio eta atxilotze lanak gauzatzeko. Urrakak formalki eskatu zuen atxiloturiko errefuxiatuak Espainiara deportatzea. Naziek ez zuten eskaera onartu, baina errefuxiatu errepublikanoak Alemaniara deportatzea onartu zuten. Aldiz, agintari errepublikanoak Espainiara bidaltzea onetsi zuten. Ondorioz, Urracak errefuxiatu nabarmenen zerrenda bat osatu zuen: Companys, Zugazagoitia, Peiró, Cruz Salido, Teodomiro Menéndez eta Rivas Cherif.

Emazte inplikatua

Hélène Cornette Capvente Pedro Urracaren emaztea zen. Paristarra,  1908ko urtarrilaren 17an jaioa. Bikotea Biarritzen ezagutu zen eta senarraren jardunean parte hartu zuen, SS eta Gestaporekin kolaboratuz.

Bikotearen lehen etxea Faubourg Saint Honoré kaleko 112.-an zegoen. Gerora, l`Université kaleko 133. etxean ezarri ziren. Bigarren etxe hau Cornetteren familiaren etxea zen, lehenagotik jatorri juduko emakume bati kenduriko etxea. 

Urrakaren jardunetako bat Espainiara ihes egin nahi zuten pertsonen pasaportea eta bisen kudeaketa zen. “Lagunduriko” pertsonen ondasunak lapurtzen zituen Urrakak eta hauek etxean gordetzen zituen. Gerora, Cornette arduratzen zen lapurturiko bitxi eta dibisak espainiara eramateaz baliza diplomatikoan. Senarrak lapurtutakoarekin Hendaian atxilotu zuten. 

Kolaboratzaile sarea

Ezinezkoa da Pedro Urracak jardun errepresiboa bakarrik egitea. Pariseko enbaxadan loturiko botere nabarmenarekin, agente eta kolaboratzaile sare zabala sortu zuen.

Bilboko alkate ohia, 1938 eta 1939 artean, eta Frantziako enbaxadorea. Vichyren erregimena eta alemanen okupazioa ezarri zenean heldu zen Parisera. Errepublikano errefuxiatuen jazarpenean berezitu zen. Max Aub idazle komunista Argeliara deportatzea lortu zuen. Federica Montseny idazlea Dordoñan atxilotzea eta Lluís Companys, Julián Zugazagoitia sozialista eta Juan Peiró anarkista estraditatzea lortu zuen. Espainian, hirurak torturatu eta fusilatu zituzten. Baita ere, Manuel Azañaren hilketa agindu zuen. 1943an, Petain Mariskalak Ohorezko Legioa ezarri zion. 

Enbaxadako aire aferen agregatu militarra. 1940. urtetik aurrera Urracaren aginduetara egin zuen lan. Jaiotzez Aretxabaletakoa.

1931an, Errepublikaren ezarpenarekin, armada utzi eta konspirazio jardunetan sartu zen Falangerekin batera. 1936an, Fal Conde hegazkinean, José Sanjurjo iruñearaino eraman zuen.

Errefuxiaturiko agintari errepublikanoak zelatatu eta atxilotzeko polizia inspektorea. Lequerica enbaxadoreak Bilboko komisaldegitik Parisera eraman zuen, 1939ko aubuztuan. Ia urte betez, Pedro Urracaren kidea izan zen, Serrano Suñer ministroak kargugabetu arte. Gerora, Bizkaiko Gobernu Poliziaren nagusia izan zen. 

 

Enbaxadako agregatu militarra eta ondasun espainiarren berreskuratze komisioaren presidentea. Parisetik egiten zuen lan, errepublikanoen dokumentuak, eraikinak, ontziak, gerra materiala edota bankuetako diru gordailuak bilatzen.

Pariseko enbaxada frankistako idazkaria, 1939 – 1941 artean. Enbaxada eta Urracaren komandoaren arteko bitartekari lanak burutu zituen. Naziekin kolaboratu zuen. 

 

Frantziako, CNS, sindikatu bertikalaren ordezkaria. Gerora, Falangeren arduraduna Paris eta Frantzian. Pedro Urrakaren aginduetara lan egin zuen eta Gestaporekin lotura lanak egiten zituen Landstater naziarekin. 1943an, Uztarri eta Gezien plaka jaso zuen.  

 

 

 

Informazio Zerbitzuaren burua Pariseko Enbaxadan. Vigón jeneralak ezarri zuen eta Antonio Barroso agregatu militarrarekin egiten zuen lan ondasunen berreskuratze komisioan. Pedro Urracarekin ere egiten zuen lan, “agintari gorrien” ehizan. 

 

Militar eta polizia frantsesa. Espainiako altxamenduan parte hartu zuen eta Vichiren Milice française erakunde paramilitarreko kidea izan zen. Denise, emaztea, Milicieko ordezkari administratiboa zen Gers-en. Parisen, Antonio Barroso eta Félix de Lequericak kontratatu zuten, atxilotuen galdeketez arduratzeko. Okupazio bukaeran, Figueres-era ihes egin zuen. Heriotzara kondenatu zuten partisanoen erailketengatik eta eskubide zibil guztiak zein ondare pertsonala kendu zizkioten.

 

Pariseko enbaxada frankistako polizia. Gestapo eta Lequerica enbaxadorearen kolaboratzailea. 

 

1 Alava sarea

1937 – 1940 artean, Frankismoaren aurkako espioitza sarea antolatu zuen Jaurlaritzak Parisen. Francoren erregimenari buruzko informazio zabala eta zehatza eskuratu zuten espioiek, espetxe eta euskal gobernuaren arteko komunikazioa sustatuz. Sareak atxiloketak galarazi zituen, ihesaldietan lagundu eta exekuzioak eragotzi. 

Alava Sarea Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik zuzentzen zen. Bertan gordetzen zen taldeak jasotako informazio eta dokumentazioa. 1940ko ekainaren 14an, armada alemana eta Gestapo Parisen sartu zirenean, pozarren jarri ziren José Félix de Lequerica, Francoren espainiako enbaxadorea; eta Pedro Urraca, komisarioa. Alemanen laguntzarekin, Jaurlaritzaren Marceau etorbideko eraikina okupatu eta bertako ondasunak eskuratu zituzten. Operazioan lagundu zuten Hélène Cornette emazteak eta Antonio Fernández Serrano zein Juan Macías poliziek. 

pedrourraca.info:: Jaurlaritzaren erbesteko egoitza. Egun, Cervantes institutuaren liburutegia.

Inkautazioaren ondorioa da, 1940ko azaroaren 21ean, Madrilgo Estatu Nagusiak erregistraturiko txostena: “De la mesa del despacho del denominado por los rojos presidente José María (sic) Aguirre”. Dokumentua Espainiako kanpo poliziak erredaktatu zuen eta bertan zehazten zen Alava sareak gauzaturiko espioitza lanak. 

Dokumentazioan gudaroste frankistaren konposaketa, antolaketa, egoera eta base militarrak zehazten ziren. Baita ere, Francok Pirinioetan sorturiko defentsa lerroari buruzko informazioa edota Bilbo eta Pasaiako merkataritza-ontzien mugimenduak. 

30 pertsona atxilotu ziren espioitza sarearen aurkako operazioan. Lehenbizikoak, taldean oinarrizkoak izan ziren lau emakume: Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Delia Lauroba eta Tere Verdes. Atxilotuetatik 21 pertsona auzipetu ziren eta 19 kidek heriotza zigorra jaso zuten. Errekurtso batek epaiketa 1943 arte luzatu zuen eta Luis Alava izan zen fusilatu bakarra. 

2 Lluís Companys

1940ko abuztuaren 13an amaitu zen Lluís Companys President katalanaren askatasuna. Ar Baol-en, Gestapoko sei agente eta Pedro Urracak atxilotu zuten

Urracaren jarraipena Companys Parisera heldu zenean hasi zen. Guztira, hamabi txosten idatzi zituen, 1940ko urtarrila eta 1941eko maiatza bitartean. Companysek erbesteko Generalitat-aren dirua zuela argudiatuz, salatu zuten katalanaren kokalekua.

Atxiloketa osteko lehen astean, abuztuak 21ean, burutu zen lehen galdeketa, pariseko La Santé espetxean. Abuztuaren 25ean, Companys Madrilera estraditatzeko agindua jaso zuen Urracak. Atzerri aferetako zerbitzu frankistek “ezkutuko” ohar batean bidali zuten agindua. Bertan, “Companys goizaldean irtengo da autoz eta oficial aleman bat eta Urraca Jaunarekin joango da, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa eta enbaxadako erantsia”, zehazten da. Agindua Ramón Serrano Suñerrek erredaktatu zuen, Francoren atzerri aferetako ministroa. Frantzia okupatuko agintari nazien onespenarekin burutu zen estradizioa, nahiz eta Espainia eta Frantziak arrazoi politikoengatik burutzen diren estradizio politikoak baliogabetzen dituen hitzarmen bat izan 1877tik. Autoa abuztuaren 29an heldu zen Irungo Avenida zubira. Urracak Companysen azken argazkia atera zuen eta Biarritzen erositako postal bat eman zion, Carme Ballesterri idazteko. 

Pedro Urraca:: Lluís Companys Hendaian.

Entrega ofiziala Irunen egin arren, Pedro Urracak Madrileraino jarraitu zuen, Gemma Aguilera kazetariaren ikerketen arabera. Abuztuaren 26an lortu zuen Espainian sartzeko baimena Urracak. Irteera irailaren 2an sinatu zen. Espainian egondako bost egun hauetan, Serrano Suñer ministroarekin bildu zen, abuztuaren 31an. 

Abuztuak 29 eta urriak 3 artean, Madrilgo Dirección General de Seguridad-en kalabozoetan egon zen Lluís Companys. Eraikin azpiko banakako zelda batean egon zen. Eguzki argirik gabeko gelan, gogorki torturatu zuten eta agintari frankistei feriako animali bat bezala erakusten zuten. Kakahueteak, txanponak eta ogi zati lehorrak botatzen zizkioten. Urriaren 3an, Montjuic-era lekualdatu zuten eta Gerra Kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten. Urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten.

3 Agirre Lehendakaria

Agirre ere Pedro Urracaren helburuetako bat zen. Topaturiko txostenetan, Lehendakariaren lehen erreferentzia 1940ko otsailaren 25ekoa da. 

1940ko maiatzaren 8an, Paris utzi izanak salbatu zuen Agirre. La Panne-ra joan zen, bertan erbesteratutako senideekin bildu eta Ingalaterrara itsasontziz joateko. Maiatzaren 10ean, hasi zuten alemanek Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Frantziaren aurkako erasoa. Belgikan egon arren, 447 agenteak espioitza lanekin jarraitu zuen eta beste lau txosten erredaktatu zituen, 1941eko maiatza bitartean. 

Lehendakariaren bilaketa lanetan parte hartu zuten Pedro Urraca, Hélène Cornette, Antonio / Francisco Fernández eta Juan Macíasek. Hala ere, German Gil Guardia Jaen kontsul panamarraren bitartez, Agirrek identitate faltsu berri bat lortu zuen: Jose Andres Alvarez Lastra, zuzenbidean doktorea. Brusela, Berlin eta Suedia gurutzatu ostean, Hego Amerikara heldu zen eta 1941eko maiatzean Estatu Batuetan bizitzeko baimena lortu zuen. 

4 Erresistentzia antifrankista

Frantziaren askapenarekin, Pedro Urraca espainiara bueltatu zen. Itzulera polizia frantses batekin egin zuen. Mugan, Prefetaren kanporatze agindua jaso zuen Urracak, edozein arazo diplomatiko ekiditeko. Gerora, 1948ko urtarrilaren 5ean, Vichi eta Gestaporekin kolaboratzeagatik heriotza zigorra jaso zuen. Kasu berdinean, “lotsagarrikeria nazionalagatik” Hélène Cornette emazteak bost urteko espetxe zigorra eta 100.000 frankoko isuna jaso zuen. 

Sapiens aldizkaria:: Pedro Urrakaren fitxa poliziala.

1953an, frankistek Belgikara bidali zuten 447 agentea. Espainiako enbaxadan ezarri zuten, oposizio antifrankista, alderdi komunista eta D.R.I.L. espiatzeko. 

60. eta 70. hamarkadetan, Urrakaren xede berria E.T.A. izan zen. 1973ko Carrero Blancoren aurkako atentatuaren ondorioz, albo batera utzi zituen komunistak eta E.T.Ako ustezko militanteen bilaketan zentratu zen. Txostenak bidaltzeaz gaindi, Burgoseko prozesuko heriotza zigorren kommutazioaren aurkako txostena bidali zuen. 

Pedro Urracaren egoera berdin mantendu zen, Espainiar Estatuan, hauteskundeen bidez, gobernua eratu zenean. Legaltasunez eta Estatuaren babesarekin jarraitu zuen errefuxiatuen espioitzan.  

5 Errepresio ekonomikoa

Miresmen eta botere handia lortu zuen Pedro Urracak enbaxadan, Gestapon eta goi agintarietan. Hala ere, ez zuen maila – igoerarik izan ibilbide profesionaleko azken urteak heldu arte. Urrakak boterea eskatu zuen sari gisa. Espainiara sartu nahi zuten pertsonen bisa eta pasaporteen gaineko boterea eskatu zuen. Aberats egin zen etorkinen burokrazia kudeatuz.

Espainiara ihes egin nahi zuten judutarrek Urrakarengana jotzen zuten, bisa eske. Arazorik gabe eta erraztasunez dokumentazioa jaso ostean, ondasunen bidalketa kudeatzeko proposamena egiten zuen 447 agenteak. Aldiz, jabeek ez zuten inoiz jasotzen Urracak gordetako ondasunak. Salaketa baten ondorioz, Université kaleko 133. etxea arakatu zuen polizia frantsesak eta diruz zein dibisaz beteriko altxorra aurkitu zen bertan. Falangeren babesarekin, kalterik gabe irten zen eta baliza diplomatikoa erabiltzen hasi ziren, lapurturiko ondasunak espainiara eramateko. Hélène Cornette, Urracaren emaztea arduratzen zen baliza eramateaz. Azkenean, Hendaian atxilotu zuten Cornett eta Knochen koronelak salbatu zuen bikotea. Ordainetan, madrilera heldu beharreko korrespondentzia ofiziala alemanei ematen zien. 

Azken urteak

Polizia gisa jubilatu ostean, “comisario de estadística afecto al Alto Estado Mayor” kargua jaso zuen Atzerri Ministerioan, errefuxiatu eta etorkinen espioitza lana jarraitzeko. 1974. urtean, pariseko Justizia Auzitegiak heriotza zigorra bertan behera utzi zuen.

1980an, kantziler orde postua jaso zuen eta 1983. urtean erretiratu zen bigarren aldiz. Koma diabetiko baten ondorioz, etxean gelditu zen betirako eta 1986an itzuli zen madrilera.

1989ko irailaren 14ean hil zen, iktus baten ondorioz eta sei hilabetez koman egon ostean. Jasotako kondekorazioekin hil zen: Merezimendu Zibilaren ordena (1951) eta Isabel Katolikoaren ordena (1961).Bere semeak Generalitateari eman zizkion aitaren artxiboak, baina 1973 eta 1976 bitartean ETAren inguruan egindako txosten guztiak suntsitu zituzten.

Iturriak:

  • El marqués y la Esvástica. Rosa Sala; Plàcid García – Panas.
  • Agente 447, el hombre que detuvo a Lluís Companys. Gemma Aguilera.
Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp