Kepa Ordoki Vazquez
Irungo abertzale independentea. Ofizioz igeltseroa eta militar zirkunstantziala. Uztailak 18an, erresistentziara batu eta Santoñaraino iritsi zen, geroz eta nabarmenagoa bilakatuz. II Mundu Gerran, klandestinitatean eta Gernika Batailoian borrokatu zuen.

Pedro Esteban Ordoki, Ignacio Ordoki eta Luisa Vazquezen semea, 1912ko abuztuak 3an jaio zen, Irungo Meaka auzoko Ibarrola Txiki baserrian. Guztira hiru anai-arreba izan ziren: Kepa bera, Orosia eta Dominica.

Gaztaroa

Gurasoek gripe espainiarra harrapatu zutela, “Frantxiberri” baserrira joan zen, zazpi urtetatik hamar urte bete arte. Bertan, goizeko bostetan esnatzen zen, behiak zaindu eta arratsaldean eskolara joateko.

Hamabi urterekin, Minazuriko meategietan “pintxe” gisa hasi zen lanean. Hala ere, nahiago zuen peoi gisa ibili, igeltsero izateko. Kontrabandoan ere ibili zen. Lanean irabazitako lehen soldatekin zatika ordaindutako bizikleta erosi zuen.

Ordokiren esanetan, soldaduskak egin zion espainol. Aitagatik, nazionalitate frantsesa izanda, ez zuen zertan Espainiako zerbitzu militarra egin behar. Azkenean, Guardia Zibila kintoaren bila joan zenean, “o todos o ninguno” aldarrikatu eta lagun talde osoa eraman zuten. Gerora, amaren izenarekin pasa zen Ipar Euskal Herrira, Frantziako soldaduska egin gabeko bi lagun “profugo”-tzat jo zituztelako.

Militante euskaldun eta ezkertiarra

Errepublikarekin politikak beste bizitasun bat hartu eta Irungo Eusko Abertzale Ekintza sortu zen. Bertako militantea zen: “Han ziren Narbarte, Ponte, eta abar, intelektualak gehienak, talde hartako obrero bakarrak Bentetako Zabala bat eta biok ginen”. Ordoki euskalduna, langilea eta ezkertiarra sentitzen zen. Honenbestez, ez da harritzekoa STVko afiliatua izatea ere.

Estatu golpea

1936ko uztailak 18an, ezkonberritan zegoen. Donostian lan egitetik itzultzean, izan zuen Estatu kolpearen berri. Zabaltza plazako Centro Republicanora joan eta José Mari Lopetegui, León Saleterio (Izquierda Republicana) eta Nicanor Narbarterekin (EAE – ANV), irrati bidez jakin zuen altxamenduaz eta Iruñeako boluntarioen topaketaz. Tomas Zubizarreta koinatuari, zerbait gertatu ezkero, abisua emateko eskatu zion.

02:30etan, koinatua etxera itzuli eta Nafarroa altxatu zela aipatu zuen. Erreketeak Bera bidean zeuden. Centro Republikanon hartutako lehen erabakia armak banatzea izan zen. Honela, Foru kaleko dendetako ehiza eskopeta eta kartutxoak errekisatu zituzten.

Ordokik buruturiko lehen ekintzetako bat Berara joatea izan zen, gunea ikuskatu eta herriko karabineroen buruari Ortega tenientearen gutun bat entregatzeko. Bertan, karabineroak formatuta topatu zituen, erreketeen zain. Lesakaraino joan behar izan zuten lehen errekete taldeekin topatzeko. Tiroketa hasita, kamioia bertan utzi eta menditik itzuli zen Irunera. Erasoaren ondorioz, Endarlatzako zubia lehertu zuten biharamunean.

Erlaitz, Pikoketa, Arkale lerroan, Aiamendin ezarri zen, abuztuak 22an. Ahal bezala erantzun zuten Nafarroatik heltzen ziren hegazkin bonbardatzaileei. Antolakuntzari dagokionez, EAJ, Izquierda Republicana, UGT eta beste hainbat alderdik eratu zuten Defentsa Batzordea. Buruzagitzan Cristobal Errandonea, Carlos Michelena eta Antonio Ortega zeuden, ideologikoki antolaturiko taldeak kudeatuz. Ordoki eta bere burkideak Ortega eta Errandoneak agindutakoa egiten zuten.

Frontea atzeratuz

Kepa Ordokiren ustetan, munizio faltagatik galdu ziren San Martzial eta Irun. Fronteak atzerantz jo ahala, Donostiara joan zen. Bertan osatu zen Benito Boda buru zuen behin behineko udala. 70 bat irundar batu ziren, gehienek Hendaiarantz jo zutelako.

Donostiatik alde eginda, Bermeorantz joan zen. Bertan antolatu zen bost konpainiaz osaturiko Saseta batailoia. Metrailadoreen San Marcial konpainiako sarjentu izendatu zuten, Lezo Urreztietak ekarritako “Skoda” Metrailadoreak baliatuz. Hala ere, Solidaridadeko San Andres batailoira aldatu zen, kapitain funtziotan.

Kalamuan, Saseta batailoiak utzitako posizioa eta euren ametrailadorak hartu zituen San Andresek. 1936ko abenduak 26an, gogor erasotu zuten matxinatuek, airez, artilleriaz eta itsasoz bonbardatuz. Hala ere, erasoa jasan eta bertan iraun zuten Gernikako bonbardaketa arte. Ia inguraturik, Rosa Luxemburgo batailoiarekin Markina Xemeinera erretiratu ziren. Gernikan, dena txikitua zegoelarik, Bermeora joatea erabaki zuten, 24 orduko ibilaldia gauzatuz.

Ordokiren posizio berria Sollube zen. Bertan tiro bana jaso zituen izterrean eta besoan. Honen ondorioz, Algortako behin-behineko erietxean ingresatu zuten. Egonaldia gogorra izan zen, ahal bezain pronto itzuli nahi zuelako. Artxandan elkartu zen bere ardurapeko gudariekin.

Santoñan, ihes egiteko aukera izan arren, burkideekin gelditu eta italiarrek atxilotu zuten. Hauek emandako tratua ona izan zela, zehaztu zuen Ordokik. Hala ere, irungo faxistak “Cristobal Errandonea, Nicolas Guerendiain eta Pedro Ordoqui… que se presenten ante las autoridades de su pueblo” oihukatuz, azaldu ziren. Errandoneak frontean jarraitu zuen Asturiaserantz; Ordoki ez zen aurkeztu; Nicolas aldiz bai, eta Irunera eraman zuten, Berako harrobian fusilatuz.

Saseta batailoiko zenbait bidasotar. J.M. Elizalde, Kepa Ordoki, Periko Goikoetxea eta J.M. Aranzasti

Espetxeratua

1937ko irailaren 3an, heriotza zigorra ezarri zioten Santoñako espetxean. Abenduan, Bilboko Larrinagara eraman zuten eta 50 alditan egon zen fusilatu beharreko pertsonen zerrendan. Arrazoi ezberdinengatik eta, Verdier, Parisko apezpikuaren eraginez ez zuten Kepa Ordoki eraili. Heriotza zigorra kommutatuta, el Duesora lekualdatu zuten.

Lekeitioko itsas gudari batekin txirikordak egiten ikasi eta espetxera iristen ziren paketeen soka guztiekin 30 metroko soka luzea sortu zuen. Hala, bigarren saiakeran, egin zuen ihes, 1939ko abuztuaren 28an. “Hondartzarik barna joan ahal izan ginen, itsasora hurbildutakoen artean nahastuta. Ajo izeneko herrian organizatu ginen, mendian gudariek utzitako bonba eta fusil kulatagabe batzuk aurkitu eta fronte aldera joanez. Sasi-muturrak janez eta egarria kentzeko ezpainak gaztaina-hostoz igurtziz ibili ginen egun askotan. Oiartzunen geunden 31. Egunean. Guardia Zibilekin eta erreketeekin enkontru batzuk izan genituen, baina onik atera ginen, eta Pikoketa eta Erlaitzetik barrena, San Antongo erreka pasata, mugara hurbildu ginen”. Bidasoa ibaia zeharkatzean, tiroka hasi ziren zaintzan zeuden soldaduak. Ordokirekin batera ihes egin zuen Alejandro Franco Zorrilla harrapatu eta bertan hil zuten. Goizeko hamarretan iritsi zen gudari irundarra Biriatuko lehen baserrira.

Ipar Euskal Herrian barna makian batu arte

Jaurlaritzako ordezkariek Ordoki askatzen saiatu arren, Behobiako jendarmeen tenienteak Gursera bidali zuen. Hala ere, kontzentrazio esparrutik ihes egin zuen, Amikuzeko Arruta-Sarrikotara joanez. Bertako baserritar batek lana eman zion, baina II. Mundu Gerra hasi zelarik, Lannemezango armategiak eraikitzera joan zen.

Armistizioarekin, nahasmena zen nagusi. Alemanak Frantzian sartu zirenean, Kepa Ordoki Pirinioetako mugara joan zen. Mugako herri txiki batean ibili zen morroi lanetan. Bere intentzioa Huescako Pan herrira sartu eta Bermeora iristea zen. Azkenean, bertan behera utzi zuen plana, erresistentziaren enlazeetan hasi zelako. Pirinioetako zentraletan alemanek zituzten langile espainolen bitartez jasotzen zuen informazioa. Gutxinaka, sabotajeekin ere hasi zen. Aluminio-hautsa egiten zuten lantegiak lehertu zituzten, besteak beste.

Nahiz eta gerrillari espainiarrak makian antolatzen hasi, Ordokik inteligentzia ingelesarekin jarraitu zuen sabotajeetan. De Gaullek, 1943an, mendian ezkutatuta zegoen erresistentziari abian jartzeko agindua eman zuenean, Pirinioetako herriak askatzen hasi zen Union Nacionalekin Españolarekin (makia) batera. Hala ere, Jaurlaritzak makiko euskaldunak batzeko xedea zuen. Hau burutzeko, Baionan bildu zen Heliodoro de la Torre sailburuarekin.

1944ean, Unión Nacional Española Pirinioetako mugan batzen hasi zen, Nafarroatik sartu eta Andaluziara heltzeko. Proposamenak Jaurlaritza eta Ordoki bera asaldatu zituen. Azken honek, alternatiba gisa, Endarlatzatik sartzea, Aiako Harrietatik igo eta Pasaia zein Donostia hartzea proposatu zuen, aldi berean lehorreratze bat gauzatuz. Bi proposamenak bertan behera gelditu ziren.

Gernika batailoia

Gernika batailoiaren aurrekaria, Ordokik UNE barnean burutu zuen zatiketa da. Carressen, 1944ko udazkenean, Alemanen aurkako gerra bukatu gabe zegoela aldarrikatu zuen lider abertzaleak. Batutako 200 gizonetatik, zazpi izan ezik, Frantzian borrokatzen jarraitzea hautatu zuten. 

Caillié Jeneralak, Hendaia eta Port Bou arteko mugako buruzagi militarrak, 1944ko abenduan berretsi zuen banaketa. Bordelera bideratu zuten Ordokik osaturiko taldea, 1945eko urtarrilaren 1ean gauzatu beharreko gerrillari taldeen sakabanaketa ekiditeko. Zehazki, Le Bouscateko Ausone zelaian formatu zen lehen aldiz Gernika Batailoia. Hala azaltzen du Kepa Ordokik Leizaola Lehendakariordeari bidalitako gutun batean.

Gernika batailoia Pointe de Graven

Kepa Ordokik batu eta Jaurlaritzak sustatu zuen unitate militarraren partaideak guztiz anitzak ziren ideologikoki. Abertzaleak, sozialistak, anarkistak, komunistak edota filiazio politikorik gabeko kideek osatzen zuten batailoia. Soldaduen egoera ofizial egiteko unean, kexu ziren gudariak Frantzia Askeko Indarretara atxiki beharraz. Honenbestez, Gernikako kideek Eusko Jaurlaritzak Gobernu Frantsesarekin zuen akordioan oinarrituta sinatzen zutela zehaztu zuten dokumentuetan. Batailoiko soldadu guztiek sinatu zuten dokumentua eta Kepa Ordoki komandanteak gorde zituen. 

Frantziar Estatuaren gehiengoa askatua egon arren, hainbat gune nazien agindupean jarraitzen zuten. Horietako bat zen Pointe-de-Grave, ezinbesteko gunea Bordeleko portura sartzeko. De Gaulle jeneralak Mendebaldeko Indar Frantsesen Komandantzia eratu zuen. Honen burua Larminat Jenerala zen eta zehazki lurmuturraren askapena gauzatzeko agindua Jean Milleret “Carnot” koronelak jaso zuen. Askapen operazioak “Opération Médoc” izena jaso eta bertara bidali zuten Euskal Unitate Militarra, R.M.M.E, Atzerritar eta Marokoarren Erregimentu Mistoan barneratuz.

Trenbidea erreferentziatzat hartuta, iparralderantz jo zuen Gernika batailoiak, Lesparre, Montalivet, Soulak eta le Verdon zeharkatuz. Unitatean, Francisco Izquierdo, Juanmari Inchausti eta Hermenegildo Martinez kapitainak Ordokiren konfiantzazko gizonak ziren. Baita ere, Iñaki Azpiazu kapilaua, edota Andres Prieto eta Carlos Iguiñiz tenienteak.

Ordoki, Estatu Nagusian zegoen bitartean, eskuz idatzitako notatxoen bitartez agintzen zuen batailoia:

De Gaulleren errekonozimendutik desmobilizaziora

Medóc-eko penintsularen askapena gorazartzeko, apirilaren 22an burutu ziren ospakizun eta kondekorazioak. De Gaulle jenerala Grayaneko aerodromora gerturatu zen. Bertan, Larminat Jeneralaren laguntzarekin, Carnot Brigada ikuskatu zuten. Ikurriñaren aurrean geldituz, De Gaullek Kepa Ordoki agurtu eta Frantziak egindakoak ez zituela ahaztuko aipatu zion: “Komandante, Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek gure lurra askatzeko burutu dituzten esfortzu eta sakrifizioak”. Bertan, Chodzko koronelak jaso zuen Gerra Gurutzea ikurriñari jarri zioten, Euskal Herria askatzean berreskuratzeko.

Autoritate frantsesek Indotxinara bidali nahi izan zuten Gernika batailoia. Proposamenari uko egin zioten gudariek, euren helburua Hego Euskal Herrian barneratzea zelako. Azkenean, Drüille jeneralak unitatea desmobilizatu zuen 1945eko azaroan, hiru hilabetetako baimena ordainduta.

Hendaiako erorien memoriala

Mundu Gerra bukatuta, Hendaiako Herriko Etxeak erorien memoriala handitzea erabaki zuen. Erabakia ikusita, Ordokik eraikuntza baimena atera eta gunea zabaltzeko lehiaketa irabazi zuen. Elizondon prestaturiko harriak inaugurazioa baino egun batzuk lehenago ezarri zituzten. Lehiaketan parte hartzearen zergatia Gernika batailoiko hildakoak dira. Kepa Ordokiren ekimenez idatzi ziren “J. Aldasoro, F. Iglesias, A. Lizarralde, A. Mujica eta P. Orbiz” izenak. “Han daude gaur bost gudari haien izenak, Gernika batailoian sakrifikatu ziren guztien ordezkari, eta han gordeko ditu historiak”.

Jaurlaritzaren komando militarrak

Gernika batailoia desmobilizatu aurretik, Agirre Lehendakaria eta Ajuriagerra Sailburuarekin bildu zen Parisen. Bertan, komando militar batzuk prestatzeko, konfiantzazko gizonak behar zituztela aipatu zen. Honela, unitate militarreko 80 bat gizon taldetik banatu eta Rotchild-eko gaztelura bidali ziren OSSren (CIA) aginduetara entrenatzera.

Ordokik ere berdina egin zuen komando propioa antolatuz Hendaian. Nazio Batuen babesa zuen errefuxiatuen aldeko batzorde batean kamuflatuta, hainbat errefuxiatu errekrutatu eta Jaurlaritzaren aginduetara lan egiten hasi zen. Lehenbizi, Euskadi Irratia antolatu zuen. Ainhoako baserri batean aste osoa pasatzen zuten informazioa batzen eta larunbatean Hendaian ermatten zuten informazioa. Morse emisore bat ere lortu zuen taldeak. Azkenean, Miarritzera lekualdatu ziren eta Donibane Lohitzunen antena berria jarri zuten. Rezola Ipar Euskal Herrian erbesteratu zenean irratiaren ardura hartu eta Ordoki Hego Euskal Herrira bidaltzeko armak batzen hasi zen.

Milioi bat liberaren truke Angulemako basoan komunistek ezkutatuta zituzten hamabi tona arma erosi zituen. Hala eta guztiz ere, bazeuden gaizki irteten ziren misioak. Frantziako barne sailak epaitegietara bidali nahi izan zuten Ordoki armen garraioagatik. Jaurlaritzak arma garraioa babestu eta euskal instituzioak eskaturiko misioa zela, adierazi zuen.

Hiruzpalau kolpe txiki eman zituzten komandoek. Hala ere, eraso bat burutzeari uko egin zion Ordokik: Santurtziko CAMPSAren leherketa. Helburua erraza izan arren, Santurtzik jasan zitzazkeen ondorioek atzera bota zuten komandantea.

Hala ere, frankismoaren jarrera antikomunistak Estatu Batuen babes inplizitua sortu zuen. Trumanek erregimenarekin isilpean negoziatzen zuen bitartean, euskaldun eta amerikanoen erlazioa guztiz hoztu zen. Ordokik bitartean, dimisioa aurkeztu eta Sulky markako motoak muntatzeko mekanika lantegia jarri zuen Hendaian, Jaime Urquijorekin. Hau ere ANVko militantea zen. 36an, Irungo defentsan ibilia eta Manuel Cristobal Errandonearen laguntzailea Rosa Luxemburgo batailoian. Negozioa gaizki joan zenez, sektorez aldatu eta egurgintzan lanean hasi zen, Korsika eta Hendaia artean biziz.

Agirre Lehendakariaren ehorzketa

1960ko martxoaren 28an, Donibane Lohitzunen eman zioten lur Agirre Lehendakariari. Segizioan, Kepa Ordoki komandantea hilkutxaren ostean joan zen Euskal Herriko zapi herrialdeetako lurra eramanez. 

Errefuxiatuen babesa

70. hamarkadan, Kepa Ordokik Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen defentsan jardun zuen. Hainbat errefuxiaturen epaiketetara joaten zen hauen Espainiaratzea saihesteko. Bertan, De Gaullek aipaturiko hitzak errepikatzen zituen. “De Gaulle jeneralak esan zidan Frantziak ez zuela ahantziko euskaldunek lur frantsesa askatzeko egindako sakrifizioa, eta ikusten dut nolakoa den ordaina: kartzelan sartzea”.

Hainbat gutun idatzi zituen Frantziako barne eta lehen ministroei. Maki garaiak eta Gernika batailoia oroitarazten zien, esperientzia klandestinoen garrantzia azpimarratuz. Azkenean, Pierre Messmer ministroak erantzun zuen, Frantziak neutraltasun politikoa errespetatu behar zuela defendatuz.

Bitartekaritza lanak

1986an, “Ignacio komandantea”rekin, Galindorekin Donostiako Costa Vasca hotelean bildu zen. Honek Barrionuevo barne ministroa ordezkatzen zuen. Ordokik aldiz, Txomin Iturbe. Irundarraren ustetan, lehen pausoa Jaurlaritzarekin akordioa ixtea zen, ona edo txarra izanda ere, abertzaleen fronte amankomuna sustatzeko.

Kontaktuetan, ETAren su-etenagatik, amnistia osoa eta erakundeko militanteak hego amerikara joateko dirua, eskaini zuen Galindok. Ordokik atxiloketa, tortura, estradizioak eta GALen hilketak gelditzea eskatu zuen. ETA zein Garaikoetxea Lehendakariari bileraren berri eman ostean, bertan behera gelditu zen bitartekaritza. Proposaturiko puntuak ez ziren errespetatu: hiru errefuxiaturen Espainiaratzea burutu zen eta ETAk atententatuekin erantzun zuen. Honenbestez, jazotakoaren bertsioa azaldu zuen Ordokik “Le Monde” eta “Punto y Hora” agerkarietan.

1992an omendua

Martxoak 8an, Kepa Ordoki eta askatasuna eta demokraziaren aldeko borrokan aritu diren gudariek omenaldia jaso zuten Irunen. Ospitaleko kaperan meza burutu ostean, lore eskaintza egin zen Blaian. Eguerdian, ohorezko agurra eta ikurrin dantza San Juan Harria Plazan. Ondoren, ekitaldi nagusia eta bazkaria Irungo Atsegiñan. Honela, elkarteko ohorezko bazkide izendatu zuten.

Heriotza

Baionako ospitalean hil zen, 1993ko azaroaren 28an. Hendaiako hilerri berrian lurperatu zuten eta Mikel Epaltza apaizak zuzendu zituen hileta-elizkizunak. Honek, abertzaleei dei egin zien, Ordokiren ametsa burutzera: Euskal Herriaren batasuna eta askatasuna lortzea.

Iturriak:

  • Larrun: Elkarrizketa: Kepa Ordoki: “Bilbo entregatzea izan zen grabea”. 1988ko udazkena.
  • Punto y Hora: Kepa Ordoki: “Yo como mediador de ETA, contacté con el Comandante Ignacio, brazo derecho de Cassinello”. 1986.
  • Kepa Ordoki – MHB: Kepa Ordokiren nondik norakoak Iñaki Egaña eta Alberto Unamunorekin. 2018.
  • Hermenegildo Martinezen sendiak utzitako dokumentazioa. 
  • Juantxo Egañak utzitako argazkiak.
  • Antonio Sarasua: Jose Antonio Agirre Lehendakariaren hileta. 1994ko apirilaren 28an Euskadiko Filmategiaren gordailuan utzitako irudiak. 
  • Euskadiko Artxibo Historikoa. Fondo Carlos Blasco Olaetxea. Argazkiak eta “entrevista a Kepa Ordoki” dokumentua.
  • Joserra Enparan: Kandido Saseta. Eusko Gurarosteko lagun gudalburua. 1999.
  • Euskaldunon Egunkaria: Hendaian ehortzi dute Kepa Ordoki. 1993.
  • Irungo Udal Artxibategia: Diario Vasco. “Emotivo homenaje a Kepa Ordoki y otros gudaris”. 1992-03-10
Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp