Covadongako Ama Birgina Irunen
1939ko ekainak 11an, ohore militar eta erlijiosoekin zeharkatu zuen Covadongako amabirjinak Bidasoa ibaia. Hamarnaka lagun batu ziren irudi erlijiosoari harrera egiteko intentzioarekin, Carmen Polo eta Carmen Franco buruan. Hau da nazionalkatolizismoak irunen burutu zuen indar erakustaldi handienetako bat.

Asturiaseko birjinak irunen burutu zuen egonaldiaren zergatia zehazteko, estatu kolpera salto egin behar da.  1936ko abuztuak 6an iritsi ziren milizianoak Covadongako santutegira. Hilabete oso batez bertan mantendu arren, irail hasieran “Santina”ren zilarrezko koroa eta urrezko arrosa lapurtu zuten. Egun gutxitan, irudia desagertu zen.

Manuel Sánchez Noriega “El Coritu” komandante komunistak hartu zuen irudia, Pelayo hotelean ezkutatzeko. Arropa armairu batean ezkutatu zuten birjina eta bertatik errezatzera pasatzen ziren sekretua zekitenek, nahiz eta ateak itxita mantendu irudia inork ikusi ez zezan.

36ko abenduan, objektu artistikoez jabetzea edo hauek suntsitzea debekatu zuen Asturias eta Leoneko Instrukzio Publikoko Sailak. Arauak “artearen ikuskera materialista eta kultura, gaur egun arte monopolizatua, herri osora hedatzea”, zehaztu zuen. Irizpide berriak jarraitu Covandongako amabirjina jaso eta Gijonera eraman zuten.

Irudia Ateneo Obreroko erakusketan ezarri zen, baina frontearen gerturatzeak alarmak piztu eta objektu artistikoak Valentzian babesteko agindua ezarri zen. Hala, 1937ko irailean irten zen Covadongako amabirjina itsasontziz, Valentziarantz, Bordeletik sartuta. Santander, Asturias eta Leoneko objektu artistikoak ez ziren inoiz iritsi Valentziara. Objektuak bidean desbideratu ziren, Pariseko enbaxada errepublikanoan gordetzeko.

Kutxa barnean

Naziek Paris okupatu zutela, bazkide frankistek Errepublikako enbaxada goitik behera miatu eta okupatu zuten. Dokumentazio eta sakeaturiko objektuen artean topatu zuten “Virgen de Covadonga” izena zuen kutxa. Bertan zegoen “santina”.

“El Comercio” egunkari asturiarraren arabera, José Félix de Lequerica enbaxadoreak topatu zuen santuaren irudia. Topaketaren berri eman zion Francori, irudia enbaxadan topaturiko elementu artistiko bakarra zela zehaztuz. Hala ere, irudiari koroa falta zitzaion. “Emakume frantses katolikoek” oparitu zuten koroa berria, birjinaren lamina edo argazki baten truke. Honela, 1939ko martxoaren 26 bertan hasi ziren irudia espainiaratzeko lanak. Manuel Arce Ochotorena Asturiaseko apezpikuak itzulera antolatzeko batzordea sortu zuen. Frankoren aginte taldeak ere ildo bera jarraitu zuen: “Lekualdaketa segurtasunez ez ezik, ohorerik handienekin eta ahalik eta jende gehienarekin egin ahal izateko behar den guztia egingo da”.

Dekretu bidez, 1939ko apirilak 29an, “Covadongako Andre Mariari ohore militarrik handienak ematea”, zehaztu zen. Hala, Francok eta Elizbarrutiko Batzarrak irudia 1939ko ekainak 11an Irunera helduko zela akordatu zuten, “omenaldi nazionala jasotzeko”. José Ramón Aguirreche alkateak, bando bidez, jazoeraren berri eman zuen. “Conocéis lo sucedido; los rojos, en su infernal tarea de incendiar, robar y asesinar, tampoco respetaron la sagrada imagen de Covadonga, y con fines especulativos, se la llevaron a París. Hallada providencialmente, el domingo será traída a España y hará su entrada triunfal por Irún.” 

“Santina” ekainak 10ean irten zen Parisetik Versallesera. Bertan, Pariseko katolikoek irudia gurtu zuten. Hogei autok osaturiko karabana gauez iritsi zen Hendaiara. Irudia Hendaiako elizan gorde zen, eta Samuel Fernández-Miranda Covadongako kanoniko magistralak jaso zuen.

Irudia goizeko 10etan zeharkatu zuen Bidasoa ibaia eta garaiko Mola plazan (Gernikako Arbola parkea) egin zitzaion harrera. Bertan zeuden herriko agintari politikoak, militarrak, erlijiosoak, kofradiak, Manuel Arce Ochotorona apezpikua eta Rufino Truébano Vega. Ekitaldiaren buru izan ziren Carmen Polo eta Carmen Franco. Gunea jendez betea zegoenean irten ziren komandantzia ingurutik eta beraientzat prestaturiko aldarean jesarri ziren. Ingurua goitik behera apaindua zegen, loreak bota ziren garaiko Mola plazan, garaiko Frantzia etorbidean, Kolon pasealekuan eta Eliza kalean, Junkaleko elizaren ateraino.

Prozesioan, Covadongako erreketeen tertzioak lagunduta, zeharkatu zuen Irun birjinak. Kaleak jendez beteta egon ziren eta Junkaleko elizan ohorezko meza ospatu zen. Arratsaldean irten zen irudia, Donostia, Loiola, Arrasate, Gasteiz, Burgos, Valladolid eta Leonen geldialdiak eginez. Ekainak 13ko arratsaldean itzuli zen Ama Birjina Covadongara.

Iturriak:

  • OHARRA: Artikulu honetako irudiak CC – BY – NC lizentziapean jaso dira kutxateka.eus web guneko “Llegada a Irun de la Virgen de Covadonga procedente de Paris, custodiada por soldados” bildumatik.
  • elblogdeacebedo.blogspot.com “El exilio de la Santina de Covadonga”.
  • Francisco José Rozada Martínez. “Sobre el “exilio” o desaparición de la imagen de la Virgen de Covadonga durante los trágicos sucesos de 1936-1939”.
  • Irungo Udal Artxibategia: Bando del alcalde José Ramón Aguirreche a los iruneses sobre el retorno de la imagen de la Santísima Virgen de Covadonga (Nuestra Señora de las Batallas) a Irún el 8 de junio de 1939. Imprenta Gaston (Suc. Vda. Garmendia) Irun
Share on facebook
Share on twitter
Share on whatsapp