Bidasoko Deportatuen testuinguru historikoa

Autoritarismoan oinarritu ziren Frankismoa, Nazismoa eta Faxismoa. Orden sozial zapaltzaile eta askatasunik gabekoa baliatu zen Espainia, Alemania eta Italian. Horregatik, boterean zeuden hiru liderren borondatea inposatu zen autoritatea egikaritzean. Honen baitan, antzeman daiteke Franco, Hitler eta Mussolinisk zuten talde amankomun bat: “indeseables”-ak. Lege kolaborazionisten arabera, edozein jatorriko semita, ijitu, komunista, sozialista edota homosexual.

1941ean, Naziek argi zuten juduak jokoz kanpo utziko zituztela. Hermann Goering Mariskalak, Reihard Heydrich, segurtasuneko polizia buruari “beharrezko antolaketa” bat eratzea eskatu zion, “judutarren aferak konponbide orokor bat izan dezan”. Hala hasi ziren, gizon judutarren erailketak, eta gerora, emakume zein haurren erailketak. 

Azaroan berriz, juduen aurkako politika naziak aldaketa nabarmena izan zuen. Fusilaketa masiboek ez zituzten erregimenaren helburuak betetzen. Tropengan eragin negatiboa zuten fusilaketek eta naziek argi zuten Sobietar Batasunaren aurkako gerrak luze joko zuela. Honenbestez, akabatze masiboa sustatzeko bide berriak ikertzen hasi ziren naziak.

Heinrich Himmler irungo Avenida zubia zeharkatu ostean. Iturria: Kutxateka

1941eko udan, Rudolf Hoess-ek, Auschwitz esparruko komandanteak, akabatzeko bide berriak aztertzeko lana jaso zuen. Hala, gas-ganbera jo zuten bide egokitzat. Irailean erabili ziren lehen aldiz ganberak. Gerra gatibu sobietarrak gas zianhidrikoa baliatuz akatu zituzten. Erailtze sistemaren baliagarritasuna frogatuta, akabatze zein kontzentrazio esparruetan, Juduak eta Nazismoak aurkaritzat jotzen zituen edozein gizatalde batzen hasteko lanak ziren.

Bortitza zen esparruetara iristea. Karga bagoiak edota animalientzako bagoiak baliatzen ziren. Bagoiek ez zuten haize sistemarik, komunik edota urik. Bidaiariak geldialdirik gabe iristen ziren esparruetara. Bidean presoak hiltzen joaten ziren, ur eta janari faltagatik. Esparruan, bortizkeria nabarmena zen. Fisikoki eta moralki ahultzen zituzten presoak atxilotze esparruetan.

1936 – 1939ko altxamendu eta gerra ostean, espainiar estatuko hamarnaka bizilagun Frantziar Estatuan errefuxiatu ziren. II. Mundu Gerrarekin, errefuxiatu asko Fantziar armadara batu ziren eta beste askok isilpeko erresistentzia antolatu zuten. Lehenengo taldea gudu-zelaian atxilotuak izan ostean atxilotze esparruetan batu zituzten. Bigarrenak berriz, polizia frantsesak eta Gestapok atxilotu zituen, 1942 eta 1944 urteen artean. 

Atxilotuen nazionalitate espainola ikusita, Naziek Francorekin harremanetan jarri ziren atxilotuekin zer egin zehazteko. Historialariek Francoren erantzukizuna artxibategian topa daitekeela zehaztu dute. Jose Antonio Lisbona, “Más allá del deber” liburuan, Gestapok Hirugarren Reich eta estatu okupatuei 1940an bidalitako zirkular bat, gakotzat jotzen du. Rotspanienkámpser-ekin (“espainia gorriko gudariak”) zer egin galdetzen zen bertan. Bertan, gerra atxilotu estatusa galtzen dutela eta atxilotuak esparruetara bideratuko direla zehazten da. Dokumentu honen atzean, Ramón Serrano Suñer, Gobernazio Ministroa, eta, Heinrich Himmler, SSko buruaren hartu emanak soma daitezke. Izan ere, Franco eta Serrano Suñer-ek Espainiar jatorriko errefuxiatuak ez zituzten euren herrikide jotzen.

Triangelu urdin batez markatu zituzten aberrigabeak, eta Dachau, Buchenwald, Flossenbürg, Neuengamme, emakumeen Ravensbrück zelaia edota Mathausen-eko esparruetan barneratu. Bereziki Mathausen-eko esparrua helmuga nabarmena izan zen euskal jatorriko deportatu askorentzat. Atxilotze guneetara Bidasoan jatorria edo bertan zer esana izan duten gizon emakume ezberdinak bidali ziren ere. Bidasoko bizilaguna Hendaiatik deportatu zen bereziki. Honen atzean bi arrazoi daude: Hego Euskal Herriko errefuxiatua izatea eta Hendaia gune okupatua izatea. Aipatzearren, Tomás Zubizarreta komunista frantziar erresistentziara batu zen, 36an Irungo defentsako kide nabarmena izan ostean. Zubizarretaz gain, Irungo Fronte Popularreko kide ezberdinak ere deportatuak izan ziren: Eugenio Allí, Antonio Berbel edo Enrique Garcia. Hendaiako bizilagun nabarmenak ere deportatuak izan ziren: Jérôme Faget (hautetsi sozialista), Léon Lannenpouquet (auzapeza) edota Paul Simon (apeza). Aliatuen elkartasun sareak ere deportazioaren xede izan ziren: Françoise Halzuet (Comette sarea), Henry dit Dominique Peyresaubes (Réseau de renseignement Marc-France sare belga) edota Clemente Sagarzazu (Réseau d´Évasion Bordeaux-Loupiac sarea). Kontzentrazio esparruetara heldu ziren 94 bizilagunetatik, 29 preso ez ziren itzuli.  

Hendaiatik irten ziren deportatu gehienak Donibane Garazin izan zuten lehen geldiunea. Bertan, Frantziar estatuko kartzela eta esparruetara sailkatuak izan ziren eta handik Alemania, Polonia edo Austriako zelaietan bukatzeko. Aldiz, deportazioa ez zen europako iparralderantz egin soilik. Espainiar estatuan kontzentrazio esparruak egon ziren eta. Adibidez, Hendaiako Georges Juztin Maiz Miranda de Ebroko atxilotze esparrura deportatu zuten eta bertan hil zen. Eskualdea ardatz hartuta ere, geurean pertsonen kontzentrazio esparruak egon direla baiezta dezakegu. Hendaian, Irandatzeko atxilotze gunea egon zen eta Irunen berriz, Pequeña Velocidad esparrua dugu. Bertan, atxilotuak bortxaz kontrolatu eta sailkatzen ziren, presoak kontzentrazio esparru handiagotara bidaltzeko tren bidez. 

Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruko atxilotuak. Iturria: Biblioteca Digital Hispana