Bidasoko Deportatuak | Erakusketa Ibiltaria Hondarribian ikusgai

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:3 mins read

Bidasoko 90 deportatuak xede dituen erakusketa Hondarribiko Arma Plaza kultur-gunean egongo da ikusgai, azaroak 9tik aurrera. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, Hondarribiko Udalaren laguntzaz, antolaturiko erakusketa egunero bisitatu ahalko da, azaroak 22 arte. 

Pertsona edo kolektibo bat herrialde batetik gogoz kontra kanporatzea da deportazioa. Zigor gisa, isolatze edota esklabotasun helburuekin baliatu izan da deportazioa. Bigarren Mundu Gerran, Naziek judutarren aurka baliatu zuten bereziki deportazioa. Atxilotuak euren jatorritik, atxilotze edo akabatze esparruetara bortxaz mugiarazi zituzten. Nagusiki, Polonia, Austria eta Alemaniako esparruetara. Naziek bestelako talde etniko, politiko eta sozialak deportatu zituzten ere, herrialde berriak okupatu ostean, errepresio neurri gisa. 

Whasington-eko Holocaust Memorial Museum-en arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak. Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 90 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 30 esparruetan hil zituzten. 

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ustetan, deportazioa, Hendaian eta orokorki Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da. 

Deportazioa Hondarribian

Hondarribia jatorri duten hiru deportatuek bizirik iraun zuten haien esparruaren askapena heldu arte. Eduardo Albistur Sagarzazu arrantzalea Bergen – Belseneko kontzentrazio esparruan egon zen. Francisco Aguilar Mendizabal, jaiotzez Logroñokoa, Hondarribiko Juventudes Socialistas Unificadas taldeko kidea zen. Gerrak iraun zuen bitartean, Avance aldizkariko korrespontsala izan zen, Luis Jubert – 116 Brigada Mixtaren nondik norakoak kontatuz, Aragoiko Frontetik. Gurs-eko kontzentrazio esparruan egondako Hondarribiko bizilagunetako bat da.

Hirugarren deportatua, Clemente Sagarzazu Agirre, Compiegne, Neuengamme eta Wöbbelineko kontzentrazio esparruetan egon zen. Hondarribia utzi ostean, Ziburura lekualdatu zen, bertako “Restaurant du Fronton” jatetxearen ardura hartuz. Bertatik, “Bordeaux Loupiac” sarean jardun zuen hegazkinlari eta soldadu aliatuak babestuz, Ipar Euskal Herria nazien okupaziopean zegoenean. 

Josu Chuecaren hitzaldia

Bidasoko Deportatuak | Erakusketa Ibiltariaren baitan, Josu Chueca historialariak gaiari loturiko hitzaldia eskainiko du azaroak 13an. Jardunaldia Hondarribiko Kultur Etxean burutuko da, arratsaldeko 19:00etan.

Chueca “Gurs – el campo vasco” liburuaren idazlea da. Bertan, Oloron alboan kokaturiko kontzentrazio esparruaren zioak aipatzen dira. Hasieran, 2.745 euskaldunek bete zuten esparrua, Nazien deportazio sistemaren esparru bilakatu zen, 1942an, Vichiren erregimena ezarri zenean. Iaz, Etxahun Galparsororekin, “Euskaldunen Deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara” ikerlana erredaktatu zuen, Gogora institutuarentzat. 

Erakusketa

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sorturiko erakusketa 27 panelez osatua dago. XX. mendeko erregimen totalitarioetan hasita, deportazioaren testuingurua azaltzen da. Ondoren, Bidasoa inguruko eta europako esparru nagusien berri ematen da. Azkenik, Bidasoko hainbat deportaturen xehetasunak eskaintzen dira. 

Arma Plaza Fundazioak egunero irekiko du erakuslekua. Astelehenetik larunbatera, 10.00ak eta 18.00ak bitartean eta igandeetan, 10.00etatik 14.00etara. Erakusketan, unean uneko osasun neurriak ezarriko dira eta bi bizikidetza-unitate egon daitezke gehienez jota uneoro erakusketan. 

Utzi erantzuna