83 urte Kandido Saseta Gudalburuaren heriotzaz

  • Post comments:0 Comments
  • Reading time:3 mins read

1937ko otsailaren 23an, Arecesko (Asturias) guda zelaian hil zen Saseta gudalburu hondarribiarra.

Nalón ibaira iritsita, “Euzko Indarra” (ANV), “Amaiur” (EAJ) eta “Prieto” (Sozialistak) brigadek ibaia nork zeharkatuko zuen lehenbizi zozkatatu zuten. Faxistak ibaiaren bestaldean zeuden eta Euzko Indarra brigadak zailtasun handiz iritsi zen Nalonera Amaiurren laguntzarekin. 

Tokiko hainbat bizilagunen arabera, ia ehun gudari “el Pradón de los Vascos” izeneko zelaian lurperatu zituzten. Nagusia, Candido Saseta, aldiz Areces-eko etxe nagusitik 500 metrotara ehortzi zuten, bide bazterrean.

Gudalburu hondarribiarra

Kandido Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 12n. Donostiako institututik Ávilako akademia militarrera pasa zen, 15 urte zituela. Gasteizko garnizioko intendentziako Kapitaina zen eta estatu-kolpearen ondorioz, kuartela utzi eta errepublikanoekin bat egin zuen.

Azpeitiko Komandantziako buruzagi militar gisa, Eusko Gudarostea eratzen parte hartu zuen. Egun gutxitan, eta altxatutako tropen aurrerapen geldiezina zela eta, Candido Sasetak bere gain hartu zuen esperientzia militarrik gabeko zibilak armen erabileran trebatzeko eta lubakietara borrokatzera joateko. Horretarako, Loiolako santutegian akademia inprobisatu bat erabili zuten. Instrukzio-lan hori egiteko Azpeitian sartutako mikelete batzuen laguntza izan zuen, haiek su-armak erabiltzen bazekitelako eta ingurua ezagutzen zutelako.

Hori dela eta, Candido Saseta izan zen Eusko Gudarosteko kideen antolaketa eta trebakuntza militarraz arduratu zena eta, horrenbestez, Mandubiatik Belkoainera arteko defentsa-lerro guztiak ere berak osatu zituen.

Defentsa-sistema haren presentziaren testigantzak jasota daude garai hartako kazetaritzako artikuluetan eta testigantza pertsonaletan. Dokumentu haiei esker ezagutzen dugu zehatz-mehatz noiz iritsi zen Manuel Irujorekin batera Andatzarratera eta noiz idatzi zuen eskuz fronte hartatik atzera egiteko agindua. Haietan ikus dezakegu Candido Saseta lehen gudariekin iritsi eta azkenekoekin alde egin zuela. Bidanitik hasi eta Andatza mendiko tontorreraino, aipatutako toki horietan guztietan izandako presentzia ikusi dugu. Gainera, badakigu zauritu egin zuen arren, frontean jarraitu zuela.

Argazkia: inaki1936a |Flickr http://bit.ly/Saseta

Gorpuzkien itzulera

1999an, Hondarribiako Olagarro eta Muara elkarteek “Kandido Saseta. Eusko Gudarosteko Lagun Gudalburua. Bere oroimenez” liburua kaleratu zuten, prentsak Gudalburuaz idatzitakoa eta heriotzaren hunkipena jasoaz.

Gerora, 2006ko irailean, datu guztiak Arantzadi Zientzia elkarteari helarazi eta senideen eta eragile ezberdinen laguntzaz, Sasetaren gorpuzkien bilaketa hasi zen. 2007an, geo-radar bidezko lehen lan batzuk burutu ziren. Baina urte bete beranduago, Ramón Valdés Areces-eko bizilagunaren testigantzari esker, Sasetaren gorpuzkien leku zehatza identifikatu zuten.

“Herriko gizonak aipaturiko txokoan, 30 edo 40 zentimetrotara eta alboko horma baten harriekin estalia topatu dugu” azaldu zuen Francisco Etxeberriak, EHUko ikerlaria eta eguno Aranzadiko lehendakaria. Gorpuzkiekin batera, pizgailu batzuk, bolaluma bat eta Sasetarena izan daitekeen identifikatze plaka bat topatu zuten.

Bakearen eta Berraskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten Sasetari 2008ko apirilaren 26an. Egun berean Hondarribiko Udalak omenaldia eskeini zion eta bere gorpuzkinei lurra eman zieten Hondarribiko hilerrian.

1937ko urtarrilean, Eusko Gudarosteko komandante izendatu zuten eta handik gutxira Asturiaseko frontera eraman zuten. Areces (Trubia) udalerrian hil zen, 1937ko otsailaren 23an[1], gudariekin batera Tetuán-go konpaini baten aurka borrokan. Heriotzak samintasun handia eragin zuen eta Estatu ohoreak jaso zituen Bilbon burutu zen hileta elizkizunetan, nahiz eta gorpuzkiak ez ziren berreskuratu.

Sasetaren heriotzak Eusko Gudarosteko metrailadoreen konpainia bat bataloi bihurtzea eragin zuen, hondarribitarraren izena hartuz. Batailoi hau Gernikan kokatu zen eta metrailadora pisudunak zituen bakarra zen. Lau konpainiek osatzen zuten batailoia (Aitzol, Beti Aurrera, San Martzial eta Zarrabeiti) eta bere komandanteak Andres Plazaola, Roque Amunarriz eta Joseba Salegi izan ziren.

Loreak Loiolako Santutegian eta Hondarribia

Heriotzaren 83. urteurrena oroitaraziz, Sasetaren buruzagitza eta Eusko Gudarostearen sorrera oroitarazten duen monolitoa bisitatu dugu Loiolan. Baita ere, Gudalburuaren hilobia bisitatu dugu.

Utzi erantzuna