76 urte Jesus Carrera Olaskoagaren fusilaketaz

  • Post comments:1 Comment
  • Reading time:2 mins read

Urtarrilaren 16an, 76 urte betetzen dira Jesus Carrera Olaskoaga buruzagi komunista fusilatu zutela. Atxilotua eta torturatua izan ostean, Alcala de Henares-ko hilerrian fusilatu eta bertako 38. fosan hilobiratu zuten.

Ogibidez igeltseroa zen Carrera eta, 1911an, UGT zein Alderdi Komunistako kide egin zen. 1936an, horniketa eta garraio sekzioan jardun zuen. Irun eta Donostia erori ostean, Durangora joan eta “Gernikako Arbola” batailoi komunistan borrokatu zuen. Bertako komandante izatera iritsi zen, 140 gudariren ardura hartuz.

Frantzian erbesteratu zen, Rivesalteseko errefuxiatuen esparruan. 1941an, Espainiara itzuli zen, Alderdi Komunistaren erresistentzia antolatzera. 1942an, alderdia zuzentzeko ardura jaso zuen, frankistek Heriberto Quiñones erail eta Jesús Bayón atxilotu ostean.

1943ko martxoaren 15ean, Santiago Goñi eta Angeles Arrutirekin zegoela atxilotu zuten. Segurtasun Zuzendaritzan, Madrilgo Puerta del Sol-en bost hilabetez torturatu eta Alcalá de Henares-ko espetxera eraman zuten.

Urtarrilak 16

Manuel de la Escalerak “Muerte después de reyes” egunkari pertsonalean kontatzen duenez, Jesus Carrera alderdiko beste zazpi kiderekin gauerdian eraman zuten. “Pausoak eta ate irekitzeak entzuten ziren. Hiruak ziren eta gauerdiko kontaketa, ordu-batak baino lehen egin zuten. “Saca” izango ote zen? (…) Lauak arte ez zuten lehen atea ireki. Unean, “Gora Errepublika” eta gora alderdia oihuak entzun ziren. Irmotasun osoz, Jesus Carreraren ahotsa zen.”

Goizeko seiterdietan fusilatu zuten Carrera, Alcalá de Henareseko hilerrian eta bertako 38. fosan hilobiratu zuten Alderdi Komunistako beste hainbat kiderekin batera.

This Post Has One Comment

  1. jr

    Mila esker. Oroitzen dena ez da hiltzen. Jesús Carrera Olaskoaga:AGUR eta OHORE!

Utzi erantzuna